Larraitz Ariznabarreta Garabieta.
AEBetako hauteskundeak. ANALISIA

Trump ez, eta zer

2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Harridurak utzitako lekua lotsak hartu du AEBetako bozketa honetan: nola utzi diogu pailazo honi presidente izaten/jarraitzen? Eta, horrekin batera, beldur areagotua: zer ez ote du egingo beste lau urte baditu bere kaudillotasunerako, jakinik ez dela egongo hortik aurrera jokoan ea berriz hautatuko duten —ez bada legez aldatzen zortzi urteko muga!—: hor konpon nire ondoren zer datorren, agenda guztia bete badut ordurako, sarraskiak sarraski.

Eta ulertzekoa da beldur hori, dudarik gabe. Baina, eta irabazten ez badu? Gaitz erdi noski; ez da nolanahikoa, baina, gelditzen den erdi horren panorama: sistema (kapitalismo lotsagabetua); bipartidismo-jokoa (batekin aspertutakoan, beste alderdia, eta segi aurrera); gutxiengoen desboterea (bozka-bazka huts); proletario eta miseriaratuen ezina eta etsia (utikan politika, betor salbatzailea); klase ertainaren eskaste eta ikara; pandemia hau eta etorriko direnak; klimaren, Lurraren, gure guztion hondamendia.

Ez baita mirariz desagertuko Donald Trumpek mobilizatutako oldar apokaliptikoa, eta traba latzak jarriko dizkio, kalean zein hiru botereen jauregietan, bere dogmen kontra doan edozeri: abortu eskubidea, osasun eta hezkuntza publikoa, migranteen duintasuna.

Itxuraz politikak polarizatutako herrialde bat dira AEBak: gorriak (errepublikanoak) eta urdinak (demokratak); landa eremuetako biztanleak eta hiriguneetan bizi direnak; estatu aurrerakoiak eta tradizionalistak, unibertsitate-ikasketak dituztenak eta ez dituztenak; jende arrunta eta intelektualak; Trumpen berriketa arrunta gustuko dutenak (sad, bad, amazing), eta haren sinplekeria (gehienetan era sinplean) salatzen dutenak.

Baina, benetan etorriko ote da Joe Biden arrazakeria sistemikoarekiko jarrera aldatzera? Kapitalismo basatiak sortzen dituen hotzikarei aurrez aurre begiratzera? Ez al da deigarria demokraten artean Bernie Sandersek eta haren proposamen sozialdemokrata landuagoek jasotako porrota? Horrek zalantzan jartzen du ea demokraten erantzuna ideologikoa den ala Trumpen figuraren kontrako bulkada bat soilik.

Trump lotsagabe erabatekoa izan da bere jardun eta adierazpenetan. Totalitarismoaren mozorroa erantzi du; hori du bekatu nagusi mozorrodun eskandalizatu askoren aurrean: ez totalitarismoa, hain gauza arrunta, mozorrorik eza baizik. Trump ez, beste edonor.

Oraingoan ere, galdu dugu garai nahasiok sakonago interpretatzeko aukera paregabea. Azti salbatzailea noiz etorriko zain, arazo sinpletuak eta erantzun errazak nahi ditu hautesleak, sofistikaziorik gabeko aldarri politikoak. Baina errealitatea ez da sinplea, erosoa, dotorea; konplexua da, nahasia, zaratatsua.

Ziur dakiguna zera da: alternantzia politiko hutsak ez duela, berez, ezer aldatuko. Are gehiago, lagundu dezake betikotzen sistema bera eta botere-harreman bidegabeak, eta zilegitasun itxuraz demokratikoa ematen. Ondotxo dakite hori Ameriketako beltzek, mendebaldeko langileek edo herri menperatuek. Arrazismoa eta zapalkuntzei benetan aurre egingo dien iraultza ez da hauteskundeetatik eratorriko magia hutsez. Arrazakeria eta zapalkuntza totalitarismoaren aurpegiak dira, eta totalitarismoa eroso dabil munduan era guztietako maskaren pean.

Gelditzera etorri naiz, esan dezagun Trumpek berak esango lukeen bezain sinple. Bizi ditugun garaion sintometariko bat da Trump, gelditzera etorria. Erantzun sinpleek, lotsak eta beldurrak mobilizatuko ditu oraingoan ere AEBtako hautesleak. Horixe, bada: «Anybody but Trump» (Trump ez, beste edonor). Posibilismoaren onurak, txo!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.