Emakumeen ia %60k Kamala Harris presidentegai demokrataren alde emango dute botoa, hala diote inkestek. Ekonomia, etorkinak, demokrazia, abortua dira arazo funtsezkoak. Baina generoaren arrakala inoiz baino zabalagoak erabakiko du garaipena. Ekonomia amerikarra «munduaren inbidiagarri da», zioen orain bi aste bere azalean The Economist-ek, eta honi erantsi behar zaio Joe Biden presidentearen politika ekonomikoak nabarmenki langileei laguntzeko diseinatuak izan direla; halere, Bidenen onarpena azken hamarkadetan presidente batek izan duen baxuena da. Ekonomiak ez, kulturak erabakiko ditu hauteskundeak, generoaren auziak bereziki. Lerrokatze berriak sortu dira klase sozialaren, arrazaren, hezkuntzaren, lanbidearen eta kulturaren artean.
2020ko hauteskundeetan 158 milioi estatubatuarrek (%67k) eman zuten botoa. Dozena erdi estatutara murrizten da benetako lehia. Donald Trump presidentegai errepublikanoak 2016an Michigan, Winconsin eta Pennsylvanian guztira 88.000 botorengatik irabazi zuen presidentetza. Bidenek 2020an Georgia, Arizona eta Wisconsinen guztira 44.000 botorengatik irabazi zuen. 2024ko hauteskundeak—Trumpek irabaziz gero, ez soilik demokrazia estatubatuarrarentzat, baita Europarentzat, ekologismoarentzat eta abarrentzat ere ondorio dramatikoak izango dituztenak— estatu lehiakor horietako 100.000 botoen arabera erabakiko dira.
Historiak aurrera eta atzera sigi-saga egiten du. 2022an ezabatu zuen Auzitegi Gorenak aborturako eskubide konstituzionala. Trumpismoa galtzaile ala irabazle berriro, emakumeen botoa izango da erabakigarri. Feminismoak aurrerapen nabariak egin ditu. Baina Estatu Batuetako politikan Hillary Clinton hautagai demokratari gertatutakoa begiratu besterik ez dago oraindik ere emakumeek zein zaila daukaten ikusteko. Ez da harritzekoa Harris Etxe Zurian irudikatzeak betiko zalantza misoginoak berpiztea. Noren gogoa izango da indartsuagoa, gizonezkoena euren kandidato zuri hipermaskulinoaren alde, ala emakumeena euren kandidata arraza beltzeko eta asiar jatorrikoaren alde? Sexuen arteko bataila. Demokraten iragarki batek gogorarazten die emakumeei botoa sekretua dela eta ez duela izan behar beren bikotekide gizonezkoen berdina.
Bozketa hauetan bada beste dimentsio tragiko bat. Harrisek kanpaina akatsik gabea egin du, inklusioaren eta zentzu komunaren argudioekin, bere aurkaria nor den azpimarratuz, eta tarteka barre algara ederrak soltatuz. Hari botoa emango diogunek badakigu, ordea, beste zerbait ere: Gazako garbiketa etnikoaren alde ari garela bozkatzen. Demokratek eta errepublikanoek politika bera dute Israeli dagokionez. Demokratak disgustora daude Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren jokabidearekin (Trumpek irabaztea nahi du hark) baina ez dira atrebitzen lobby judu boteretsuari kontra egiten. Harris ez da gai izan Bidenen jarrera koldarraren aurrean distantzia ipintzeko. Horrek ekar liezaioke hondoratzea: ez bakarrik arabiarrak, Bernie Sanders hautagai ezkertiarrari botoa eman zioten gazte eta ezkertiar asko etxean geldi daitezke demokraten klaudikazioarekin nazkatuta. Trumpen aurka bozkatzea inperatiboa da, baina Harrisen alde bozkatzea ere kosta egiten da.