Urteetako gatazkaren ondoren, Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak Tiktok aplikazio txinatarra debekatzeko legeaz ebatziko du gaur, azkenean. Donald Trumpek bihar hartuko du kargua, eta oraindik ikusteko dago zer gertatuko den auzi horrekin. AEBetako Tiktok Elon Muski saltzeko aukera aztertzen ari da Txina, konpainiak herrialde horretan aplikazioa debekatzea eragotzi ezean.
Washingtonek ziurtatzen du segurtasun nazionaleko kontu bat dela eta aplikazioak espioitza egiten duela Alderdi Komunista txinatarrarentzat. Tiktoken abokatuek salatzen dute gertatutakoa boikota besterik ez dela, eta erabaki horrekin Tiktoken erabiltzaile estatubatuarren adierazpen askatasuna erabat urratu dutela. 2024ko apirilean Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuak Apple Store eta Google Play aplikazio dendetan «atzerriko aurkariek kontrolatutako aplikazioak» debekatzen zituen legea onartu zuenetik, erabiltzaile estatubatuarrak protestan atera dira erabakiaren aurka, eta orain, atzera egiteak gero eta zailagoa dirudien honetan, Txinako beste aplikazio batera emigratu dute masan: RedNote-ra, hain zuzen ere.
RedNote
Tiktokek Estatu Batuetan dituen 170 milioi erabiltzaileetako 700.00-k Xiaohongshu (ingelesez RedNote) aplikaziora salto egin dute, eta etorkizunean askoz gehiago izango direla espero da. Whatsapp eta Instagram kudeatzen dituen Meta estatubatuarra ere bazuten aukeran, baina ez dute haren alde egin nahi izan, eta agintarien erabakien aurkako iraultza moduan, Txinako beste aplikazio batera jo dute zuzenean. Aste honetan, RedNote bihurtu da Estatu Batuetako Apple Store-n gehien deskargatu den aplikazioa.
Bere buruari «TikTok refugee» esaten dioten estatubatuarren mezuz bete da plataforma, eta aplikazioko erabiltzaile txinatarrek ongietorri mezuekin selfieak bidaliz erantzun diete. Dagoeneko 63.000 mezu daude gai horrekin: ongietorria emateaz gain, aplikazioa erabiltzeko aholkuak eman eta esaldi txinatar batzuk erakusten dizkiete. Birala egin da Tiktok refugee kontzeptua.
Bizitza estiloko aholkuak aurkitzeko plataforma honetan, erabiltzaileek denetarik partekatzen dute: gustuko duten janariaren argazkiak, maite dituzten maskoten bideoak, moda aholkuak eta beste.
Sorpresaz, inork espero izan gabe, estatubatuarren eta txinatarren arteko komunikazio eremua bihurtu da RedNote plataforma
2013an Shanghain sortutako plataformak 300 milioi erabiltzaile ditu hilabetero (%80, emakumeak); diseinua Instagramen eta Pinteresten nahasketa moduko bat da. Aplikazioan gustuko gaiak aukeratu daitezke aholkuak jaso eta emateko; bidaiak, moda eta liburuak dira nagusi. Online salerosketako aukerak ere eskaintzen ditu, eta arrakasta hain da handia, Alibaba eta halako erraldoien konpetentzia ere bihurtu baita. 2.000 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan plataforma honentzat, eta dagoeneko 880 milioi euroren irabaziak lortu ditu.
Debekuak sortu duen adiskidetasun kulturala
Egunotako mezu biraletan influencer estatubatuarrek diote ez dutela sinesten Tiktok debekatu izanaren benetako arrazoia erabiltzaileen pribatutasuna babestu beharra dela, eta azken finean ez zaiela batere axola txinatarrek beraien informazioa eskura edukitzea. Sare sozialen iraultza txiki hori egin dutenek diote ez direla Facebook edo Instagram bezalakoetara itzuliko RedNote erabiltzen hasi ondoren. Besteak beste, Whatsapp, Facebook eta Instagram kudeatzen dituen Meta erraldoiak adierazi du, Tiktoken erabiltzaileak erakarri nahian, edukiaren zentsura murriztuko duela, baina horrek erabiltzaileak erakarri ordez bere sare sozialetan gorroto diskurtsoak areagotuko dituen beldurra sortu du.
Sorpresaz, inork espero izan gabe, estatubatuarren eta txinatarren arteko komunikazio eremua bihurtu da RedNote plataforma, gobernuen arteko gatazkaz harago herritarren artean adiskidetasun mezuak bidaltzeko lekua. Influencer txinatarrek aste honetan zirraraz erantzun dituzte erabiltzaile berrien galderak, Txinako gastronomiari, turismoari edo bizitza estiloari buruzkoak. Alde batekoak eta bestekoak, argazkiak, eguneroko bizitzako aholkuak eta abar partekatzen hasi dira pixkanaka.
Egoeraren aurrean Txinako Gobernuak zuhurtziaz erreakzionatu du: bi herrialdeen arteko hartu-eman kulturala gauza positiboa dela adieraziz, baina adi: ikuspegi nazionalista duten hainbat aditu hasi dira plataformaren «inbasio estatubatuarrak» izan dezakeen eragin kaltegarriaz ohartarazten. Hala ere, gutxiengoa dira. Txinako komunikabideek ere ikuspegi baikorrarekin hedatu dute gaia.
Antzeko zerbait gertatu da lehenago, baina alderantziz: Txinako zentsuratik ihesi, txinatar asko Mendebaldeko sare sozialen erabiltzaile bihurtu ziren, masan, iraganean; Club Housekin gertatu zen, adibidez. Oraingoan, estatubatuarrak dira beren adierazpen askatasuna murriztuta ikusi eta Txinara jo dutenak.