Olatz Urkia
LEKU-LEKUTAN

Thailandia azkenean demokraziarantz?

2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Duela astebete Thailandian izan diren hauteskundeetan gehiengoak demokraziaren alde bozkatu du, eta Prayuth Chan-ocha, 2014an estatu kolpea emanda agintera iritsi zen militarra, boterea galtzetik oso gertu dago. Botoa ematera deituta zeuden 52 milioi thailandiarren %75ak parte hartu du; inoiz izan duten parte hartze handiena da, herritarrek demokraziara benetako saltoa egiteko duten nahiaren erakusgarri.

Teorian, Thailandian dagoeneko badute demokrazia bat; 2019an hauteskundeak izan zituzten. Baina orduan, militarrak boteretik kanporatuko zituzten itxaropen handia zegoen arren, ez zen gertatu, eta bai herritarrek zein atzerriko giza eskubideen erakundeek salatu zuten ez zirela benetako hauteskunde libreak izan: ugari izan ziren botoak erosi zirela salatu zutenak. Gainera, Pheu Thai alderdiak militarrek baino askoz ere eserleku gehiago lortu zituzten arren, Senatuak herriak nahi zuenari entzungor egin zion, eta Prayuth Chan-ocharen alde bozkatu zuen.

Izan ere, Thailandiako hauteskunde sistema konplexuak militarrak babesten ditu. Beraiek sortu zuten sistemaren bidez, junta militarrak zuzenean hautatzen ditu Senatua osatzen duten 250 diputatuak, eta horiek lehen ministroa hautatzeko prozesuan bozka dute. Ondorioz, boterea lortu ahal izateko, oposizioak beheko ganberan gutxienez 376 eserleku lortu behar ditu; militarrentzat, aldiz, hauteskundeetan 126 eserleku lortzea nahikoa da.

Militarrek 2014an estatu kolpea emanez lortu zuten herrialdearen kontrola. Kolpearen aurretik, Yingluck Shinawatra lehen ministroa boterean zela, protestak piztu ziren ustelkeria salaketengatik, eta sei hilabete iraun zuten. Prayuth Chan-ocha Thailandiako Armadaren buruzagiak egoera baliatu zuen boterea hartzeko: «Herrialdera bakea berriz ekartzeko modua ezin dugunez aurkitu, eta inork ez duenez atzerapausorik ematen, boterea hartu dudala jakinarazten dut. Gera zaitezte eserita, ez mugitu». Hori duela hamar urte esan zuen, eta orain arte agintea mantendu du, bere aurka ere protesta gogorrak izan diren arren. 2020. urtean, ehun mila pertsona biltzea lortu zuten manifestazioak izan ziren Prayuth Chan-ocharen dimisioa eta konstituzioaren erreforma eskatzeko, baina hainbat astez luzatu ondoren larrialdi egoera deklaratu zuen gobernuak, eta Poliziak manifestazioak geldiarazi zituen. Orain, lau urte geroago, hauteskundeetan izan dute herritarrek militarrekiko nekea berriz erakusteko aukera.

Aldaketa inoiz baino gertuago dago. Hauteskundeen irabazle Mugitu Aurrera alderdiak 313 eserlekuren babesa du dagoeneko, oposizioko beste zazpi alderdirekin koalizioa sortuta, joan den ostegunean jakinarazi zuenez. Orain militarren aldekoak diren Senatuko 250 diputatu horien artean batzuk konbentzitzea geratzen da. Eta garaileek jakinarazi dute beraiekin negoziatzeko prest daudela.

Lehen ministro izateko hautagaia Pita Limjaroenrat da, 42 urteko enpresaria. Boterera iristen bada, lehenik, boterearen monopolioekin amaitu eta oposizioaren jazarpen sistematikoari amaiera emateko promesa egin du. Monarkian eta armadan ere erreforma sakona agindu du. Mugitu Aurrera alderdiaren arabera Thailandian monarkiaren aurkako kritikak zigortzen dituen legea —Zigor Kodearen 112. artikulua— oposizioa isilarazteko tresna bezala erabili da; hamabost urte arteko kartzela zigorrak ezarri dituzte lege horren bidez.

Hori aldatzeak eta adierazpen askatasuna ekarri nahi izateak, hala ere, arazoak sortu ditzake militarrak boteretik kendu ondoren ere. Izan ere, bigarren postuan geratu den alderdia, Pheu Thai populista eta Shinawatra familia boteretsuarekin lotura duena, ez dago ados monarkiaren aurkako kritikak zigortzeari uztearekin.

Pheu Thai alderdiaren lider Paetongtarn Shinawatrak hauteskunde garaipenagatik zoriondu zuen Mugitu Aurrera alderdia, baina dagoeneko argi utzi du ez duela onartuko monarkiaren kritikei lotutako delituaren balizko erreformarik. Mugitu Aurrerak ezin du Pheu Thaiekin tentsiorik izan, Senatua konbentzitu ezean, beharrezkoa izango duelako haren babesa eta beste alderdi txikiago batzuena.

Ikusteke dago Limjaroenratek erabateko garaipena lortuko duen. Hauteskundeen batzordeak bi hilabete dauzka orain emaitza baieztatzeko, eta herritarrek zenbait astez itxaron beharko dute gobernu berria nolakoa izango den ikusteko. Hauteskundeak demokraziaren aldekoek irabazi dituzten arren, Thailandian ziurgabetasuna da nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.