Olatz Urkia

Seul: aspaldiko teknika, muturrera eramanda

2024ko abenduaren 22a
05:05
Entzun

Yoon Seuk-yol presidente hegokorearrak abenduaren 3an gerra legea deklaratu zuenean, argudio nagusia Ipar Korearen mehatxua izan zen. Bere hitzetan, gerra legea beharrezkoa zen hegokorearrak babesteko; Seuleko parlamentuaren barnean Ipar Korearen alde egiten ari ziren indarrak zeudela ziurtatu zuen. Ondoren jakin denez, gerra legea inposatzeko Parlamentura bidali zituen militarrei Ipar Koreako infiltrazioak egon zirela esan, eta adi egoteko agindua emana zieten. Yoonek ez du ezer frogatu, eta, azken egunotan egin duen agerraldi bakoitzean, zentzu handirik gabeko konspirazio teoriak besterik ez du defendatu. Azkenean, herritar gehienek erotuta dagoela esaten amaitu dute.

Yoonen aldekoak

Inkesten arabera, orain Hego Korean %11 dira Yoon babesten duten bakarrak, eta bere alde egin diren protestetan ikusten da herrialdeko talde kontserbadore muturrenekoak direla: gehienak adinekoak, batzuk arropa militarra jantzita. Beren protestetan Estatu Batuetako banderak eta konspirazio komunisten teoriak izaten dira nagusi. Egunotan Yoonen aldeko protestetan ziurtatu dute azken hauteskundeetan iparkorearrek oposizioko alderdiak infiltratu eta emaitzak manipulatu zituztela.

Izan ere, azken hauteskundeetan presidenteak oso emaitza txarrak lortu zituen; 2022an hautatua izan zen arren, Hego Korearen historian emaitza txarrenekin hautatu duten presidentea da. Parlamentuan gehiengoa duen oposizioaren aurka ezer gutxi egin du Yoonek azken hilabeteotan, eta bere iniziatibak aurrera ateratzeko zailtasun horiek direla-eta eman du azkenean gerra legea deklaratuz pauso gatazkatsua.

Eta bitartean Piongiang?

Ipar Koreak diskrezio handiz erreakzionatu du, eta lehen egunetan ez du gerra legearen inguruan adierazpen handirik egin. Astelehenean bai, bertako komunikabide ofizialek gaia hartu dute, eta zera adierazi: «Yoon panpinak gezurrak erabiliz inposatu du gerra legea, eta, ondoren, oposizioari eta ustezko indar mehatxagarriei pasatu die bere erabaki zentzugabearen erantzukizuna. Azkenean, Yoon panpina kargugabetu dute Hego Korea panpinean, eta orain Hego Koreako Auzitegi Konstituzional panpinak erabakia berretsi beharko du».

(ID_14522858) SOUTH KOREA PROTEST
Yoon presidentearen aldeko protesta bat Seulen, joan den asteartean. JEON HEON-KYUN / EFE

Ipar Koreako komunikabideek eta Kim Jong-unek erabiltzen duten ohiko hizkuntza da: Hego Korea eta Japonia Estatu Batuen panpinak direla behin eta berriz esaten dute. Eta hizkuntzaren erabilera horrekin, sarritan egiten diren misil jaurtiketekin… erraza da edonor Ipar Korearen ustezko mehatxu horretaz konbentzitzea. Yoonek ez balu muturrena jo, nazioartean askok entzungo lukete Ipar Korearen mehatxu komunista horren bere diskurtsoa; muturrera jo ez balu, askok ez lukete arreta handia jarriko Yoonen jarraitzaile konspiranoikoengan, Ipar Koreak egingo liekeelako itzala. Eta ezin da ukatu Piongiangen jarrera mehatxagarria, baina zarata handia egiten duen herriaren ondoan, muturreko beste jarrerak erraz ezkutatzen dira. Oraingoan, ustezko mehatxu bat bere helburu pertsonalak lortzearren, taktika hori, ez da ondo atera, baina askotan bai. Eta taktika hori hainbeste erabili ondoren ez dago argi non dagoen arazoaren oinarria. Koreako penintsulan tentsio izugarria dagoen honetan, non dago gatazkaren hasiera: Kim Jong-unek sortu du guztia, edo Washingtoni ateak ireki dizkion Yoon Seuk-yolek?

Muturreko eskuindarrak agintetik kenduta

Abenduaren 3an Yoonek gerra legea deklaratzeko saiakera egin zuenetik, Seul protestetan murgilduta egon da, baina, azkenean, joan den asteburuan presidentea kargugabetzeko bozketa ondo atera ondoren, herritarrek nolabaiteko lasaitasuna berreskuratu dute. Parlamentuan egin zen lehen bozketan, impeachment-a ez zen aurrera atera, Yoonen alderdiak bozketari boikota egin ziolako. Oposizioaren 192 botoez gain, presidentearen alderditik zortzi gehiago behar zituzten, eta bik bakarrik egin zuten impeachment-aren alde. Hala ere, bigarren saiakeran, abenduaren 14an egindako bozketan, hain zuzen ere, Yoonen alderdiko gehiagok bizkarra eman diote, 12k zehazki: nahikoa kargugabetzea aurrera ateratzeko. Orain Hego Koreako Auzitegi Konstituzionalak erabakia berretsi behar du, eta prozesua sei hilabetez luzatu daiteke, baina herria egiten ari den presioa dela-eta auzitegiak impeachment-aren alde egingo duela espero da. Kasu horretan Hego Korean hauteskundeak izango dituzte berriz, eta oposizioko lider Lee Jae-myung-ek ditu irabazle ateratzeko aukera handienak. Ipar Korearekiko jarrera lasaiagoa duen alderdia itzuliko litzateke agintera.

Moon Jae-in ezkertiarra presidente izan zen urteetan, Ipar Korea eta Hego Korea bakea lortzetik inoiz baino gertuago egon ziren

Moon Jae-in ezkertiarra presidente izan zen urteetan, Ipar Korea eta Hego Korea bakea lortzetik inoiz baino gertuago egon ziren. Moon Jae-in Piongiangera ere joan zen bertan Kim Jong-un lider iparkorearrarekin biltzeko. Baina Donald Trumpen eta Kim Jong-unen arteko goi bileran akordio batera iristea ez zuten lortu, eta ondoren Seulen eskuin muturra agintera iritsi zen. Horrela, azken bi urteotan, egoerak erabateko bira eman du: ez du inork bakeaz hitz egiten; misil jaurtiketak, zigor ekonomikoak eta Hego Korea-Estatu Batuen test militarrak dira eguneroko kontuak. Sortu den tentsioa baretzea ez da batere erraza izango, baina Yoonen hanka-sartzeak direla-eta bere inguruko goi kargudun gehienak boteretik kendu dituzte —kargua utzi dute, kargugabetu dituzte edo atxilotuak izan dira—, eta Seulen jarrera aldatu liteke. Orain ikusteko dago Hego Koreak emango duen bira politikoarekin Koreako penintsulan egoera zertxobait lasaituko den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.