Igor Susaeta.

Sanchezen errugbirako joera

2024ko irailaren 12a
16:30
Entzun

Pedro Sanchezek saskibaloian jokatu zuen 21 urte bete zituen arte. Egia esan, eskolta baten edo joko antolatzaile altu samar baten gorpuzkera dauka Espainiako Gobernuko presidenteak. Imajinatu dezakegu pista batean; nekez, errugbi zelai batean. Ematen du, ordea, ezagutzen dituela kirol horren, jokoaren beraren, nondik norakoak. Talde bat zelaiaren bere aldean dagoenean aurrera egin ezinik, gogaituta, horri aurre egiteko baliabideetako bat izaten da baloia ostikoz aurrera botatzea. Modu horretan, metroak irabazten ditu, eta aukera du kontrarioaren zelaian presionatzeko. Gutxi-asko, jokabide hori izatea egotzi zion —horretarako tonu jolasti bat aukeratu arren— Aitor Esteban EAJren diputatuak iazko azaroan, berriro presidente aukeratu zuteneko osoko bilkuran. Eta hala da. Oraingoz, ez du partidarik galdu modu horretan jokatuta.

Baloia ostikoz aurrera botatzea izan da, ordena kronologikoan, indultuak, sedizio delituaren indargabetzea, diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua moldatzea eta amnistia legea; alegia, horiek onartzea, batez ere ERC Esquerra Republicanak eskatuta. «Beharrizana aukera bihurtu behar da», aitortu zuen Sanchezek aurreko azaroan. Horixe: edozertarako prest dago Moncloan jarraitzeko.

Kontrarioak gainean zituela, beste ostiko bat eman zion baloiari Sanchezek duela hilabete pasa, uda betean: Katalunia ekonomikoki burujabeagoa izan dadin, alde horretatik baliabide gehiago izan ditzan, finantzaketa eredu propioa edukitzeko akordioa egin zuten PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiak eta ERCk. Itun horrek ahalbidetu du Salvador Illa Sanchezen alderdikidea (eta taldekidea) Generalitateko presidente bihurtzea. Errubgian metroak irabazten diren moduan irabazten du denbora Espainiako gobernuburuak.

Ondo bidean, hamarkada bat inguru beharko da akordio hori ezartzeko. Hori diote aditu batzuek; gainera, estatuak diru asko jarri beharko duela nabarmendu dute. Itunak jasotakoa kontuan hartuta, PSOEren baroi batzuek, oilategiko zaratatsuenek, Kataluniari mesede hori egiten badiote Espainiako beste autonomia erkidegoek ezin dutela gutxiago izan ohartarazi diote Sanchezi. Baloia ostikoz aurrera jotzea bezainbat, uztartzeetan bultza egitea ere gustatzen zaio PSOEko idazkari nagusiari, eta, entrenamendu saio batean egongo balira bezala, baroi-ei adierazi zien, aurreko larunbatean, lasai egoteko, beren zergak bildu eta kudeatu nahi dituztenek horretarako aukera edukiko dutela.

Nahiz eta Puigdemontek erbestean jarraitu, Juntsekoek badituzte Kataluniako eta Madrilgo politikagintzako gertakariei gozo-gozo erreparatzeko motiboak

Illak esan die ERCkoei ituna beteko dutela. ERCkoak, baina, azazkalak jaten ari dira, urduri. Duela bost urte PSOErekin lankidetzan hasi zirenetik, botoen erdiak galdu dituzte. Hori diote emaitzek. Hiruzpalau urtean pasatu dira Kataluniako Gobernuko presidentetza edukitzetik oso ondo zer egin, non kokatu, ez jakitera; batez ere, Kataluniako Parlamenturako joan den maiatzean egindako hauteskundeen emaitza kaskarraren ondoren. Apustu handia egin dute, arriskutsua: Juntsekoei Generalitateko giltzak ez emateagatik ez-independentista bati entregatzea, zein bide egingo duen oso argi ez dagoen akordio baten truke.

Gainera, alderdi barruko informazioa filtratuz-eta, elkar sastakatzen ari dira alderdiko buruzagiak, espazio politiko hori are gehiago odolustuz, ziurrenik, eta ikuskizun penagarri bat emanez. Manel Lucas kazetari eta historiagileak alderdi horri buruzko bi liburu ditu argitaratuak. Duela hiru hilabete eldiario.es agerkari digitalean elkarrizketatu zuten, eta adierazi zuen ERC barruko zatiketa ez duela ideologiak eragin, «botere borrokak» baizik. Bai, alderdi barruko desadostasun agerikoak eta ezinikusiak nahiko ohikoak izan ziren duela hamarkada bat pasa ere.

(ID_14106066) FRANCIA PUIGDEMONT JXCAT
Puigdemont, uztail amaieran Ipar Katalunian. DAVID BORRAT / EFE

Azaroa amaieran kongresua egingo dute etxea txukuntzen ahalegintzeko. Lau hautagaitza dira aurkeztekoak, eta militanteek bide orri bat hautatu beharko dute. Aukera gehien dutenak, bi dira. Batek bat egiten du Marta Rovira idazkari nagusiak planteatutako tesiarekin; hau da, alderdiaren buruzagitza eraberritu behar dela. Oraindik, baina, ez dute iragarri ez nortzuk joango diren hautagaitza horren zerrendan, ez zer planteatuko duten alderdiak berriro gorantz egiteko. Beste hautagaitza Oriol Junquerasena da, 2010etik aurtengo ekainera arte alderdiko presidente izandakoarena. Hilaren 21ean da plazaratzekoa bere proposamena.

Bitartean, nahiz eta Carles Puigdemont alderdiko buruak erbestean jarraitu, Juntsekoek badituzte Kataluniako eta Madrilgo politikagintzako gertakariak gozo-gozo jarraitzen egoteko motiboak. Pazientzia lagun, hurrengo hauteskunde ziklora arteko denbora balia dezakete, gertatzen dena gertatzen dela ere PSC higatzeko Generalitatearen kudeaketa eskas bat leporatuz, eta saiatzeko ERCri bozkatzaileak lapurtzen, neurri sozialak bultzatuz edo gogoratuz herritarrei ERCkoei esker dela presidente Illa, «espainolista bat». Zentro-eskuinean dago Junts, baina ikusi beharko da urri bukaeran egingo duten kongresuan zein ildo zehazten dituzten, ea sozialdemokraziari keinuren bat egiten dioten. Ez da aldaketa handirik espero, dena den. Aldaketa handiena litzateke Puigdemont Kataluniara (geratzeko) itzultzea, horrek, hasiera batean behintzat, indar handia emango liokeelako alderdiari.

Espainiako Gobernuak datorren urteko aurrekontu proiekturako aurkeztutako gastu mugaren aurka bozkatu zuen Juntsek uztailean, Kongresuan. Ezin baztertu berriro gauza bera egingo duenik, PSOE ere muga-mugaraino eramateko ahaleginean —ematen du Sanchezek ez diola izkin egiten 2023ko aurrekontuak berriro luzatzeari— , baina azken asteetan gertatu dena kontuan hartuta, nekez egingo du Gabriel Rufianek ERCren Kongresuko kideak adierazitakoa: PPrekin bat egin Sanchezen kontrako zentsura mozio batean.

Puigdemonten egoerak ere dena baldintzatu dezake, noski. Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenak asteon berretsi du ez diola amnistia legea aplikatuko. Helegiteak Konstituzionalera iritsi eta horrek ebatzi arte hilabete asko igaro daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.