Asteburu honetan Errusiako 110 milioi pertsona, Ukrainan Errusiak kontrolatzen dituen hainbat eremutako sei milioi barne, zeuden hauteslekuetara deituak. Ostiraletik igandera arte luzatu diren hauteskunde hauetan ez da sorpresarik izan; espero zen bezala Vladimir Putinek irabazi ditu, eta alde handiarekin: botoen %87 baino gehiago lortu ditu. Emaitzak jakin bezain laster, Putinek adierazi du horrek erakusten duela herritarren babesa duela, eta armada indartuko duela jakinarazi du.
Guztira, Putinez gain, beste hiru hautagai izan dituzte errusiarrek aukeran, baina ez zegoen zalantzarik Putinentzat ez zirela arrisku. Ukrainako gerraren aurkako diskurtso batekin jarraitzaile gehiegi lortzen ari ziren beste bi hautagaiak, Jekaterina Duntsova eta Boris Nadezhdin, hain zuzen ere, beren hautagaitzaren aurkezpenean akatsak izan direla argudiatuta, zerrendatik kendu dituzte hauteslekuak ireki baino lehen.
Horrela, Putin beste sei urtez izango da presidente, 2030. urtera arte, eta bosgarren agintaldia hasteko prest dago. Adituen arabera, horrek ziurtatzen du Ukrainako gerrak jarraituko duela, ez dirudi-eta Errusiako presidenteak bakea lotzeko presa handirik duenik. Azken finean, hauteskunde hauek, hauteskunde baino gehiago, gerraren inguruko erreferenduma izan dira, eta, errusieraz esaten duten bezala, emaitzak «marraztu» ondoren Putinek nahi zuen gehiengoa lortuta, Mendebaldeari indar erakustaldia egin dio.
Benetako hauteskundeak?
Putinek 24 urte egin ditu dagoeneko boterean, gehienak presidentetzan, 2008tik 2012ra lehen ministro izan zen tarte hori kenduta —eta urte horietan ere azken finean kontrola zuena Putin zela esaten zuten—. Hura gabeko Errusia bat ez da erraza imajinatzen, eta, beretzat, Errusiaren kontrola ez duen bizitza bat ez da batere erraza izango imajinatzen. Ukrainako gerra hasi zenetik jaso duen presio guztiarekin ere ez du boterea askatu nahi izan; kontrakoa, borroka hori irabazi behar du, eta oso ondo prestatu du guztia hauteskunde hauetan desfile perfektua antolatzeko.
Azken finean, adituen arabera, Errusiako hauteskundeak erritu bihurtu dira, indar erakustaldi. Dmitri Orexkin politologoak adierazi du Errusiako hauteskundeetan pentsatuta irudi bat datorkiola burura: atleta sobietarrek Stalinen aurrean Plaza Gorrian egiten zituzten desfileak. Milaka pertsona, aldi berean mugitzen, tolesturarik gabeko arropa distiratsuekin. Hori bai, norbaitek akatsik eginez gero irudia erabat hondatuko litzateke. Zaila dirudi, baina lortzen zuten milaka atletak pausoa une berean ematea, eta orain antzera: hauteskunde hauek akatsik gabe egin beharreko desfilea izan dira, eta lortu dute.
Prozesua horrela deskribatu duen gizona, Orexkin, orain Europan erbesteratua bizi da, noski. Bera bezala hauteskunde hauetan Putinek markatutako erritmo berean desfilatu nahi ez duen edonor bidetik kendu dute. Nadezhdin eta Duntsova hautagaiak, adibidez, edo oposizioko lider nagusi Navalni. 48 urteko abokatua oposizioaren irudi nagusi izan da urte luzez, eta 2020an, zerbitzu sekretu errusiarrak novitxok agentearekin pozoituz hiltzen saiatu ziren. Alemaniara ihes eginez salbatu zen, baina 2021eko urtarrilean, Errusiara itzuli bezain laster, atxilotu egin zuten, eta kartzelan hil da. Iazko abenduan IK-3 Artikoko kartzelara eraman zuten; «otso polarra» izenez ezagun egin den espetxean hil da politikaria, otsailaren 16an, hauteskundeak hasi baino hilabete lehenago.
Putin gabeko Errusia bat ez da erraza imajinatzen, eta, beretzat, Errusiaren kontrola ez duen bizitza bat ez da batere erraza izango imajinatzen.
Agintariek Navalniren amari presio egin zioten hileta sekretu bat onartzeko, egun horrek protesta jendetsuak sortuko zituen beldur. Hori gertatu zen 2015eko otsailaren 27an Putinekin oso kritikoa zen politikari Boris Nemtsov tiroz hil zutenean, Mosku erdi-erdian. Bere heriotzak hamarnaka mila pertsona bildu zituen hiriburuan martxa batean.
Hori bai, garai desberdinak dira: 2015ean Errusian protesta egitea ez zen erraza, baina orain are zailagoa egin dute, eta Navalniren heriotzak ezin izan du Moskuren erdigunea Putinen aurkako oihuz bete. Atzo bai, modu isilago batean, baina egin dute milaka pertsonak protesta. Kremlinek guztia ukatzen duen arren, ez du inork zalantzan jartzen Navalnirekin gertatutakoa. Zalantza zegoen haren heriotzak hauteskundeetan eragina izango ote zuen, eta hautesleku askotan eguerdiko hamabietan sortu diren ilara luzeetan ikusi daiteke nolabaiteko protesta.
Navalnik, hil baino lehen, hauteskunde hauetan Eguerdian Putinen aurka izeneko protesta egitea proposatu zuen, eta bere ideia horri jarraituz bere jarraitzaileak eguerdian agertu ziren bozkalekuetara, beste hiru hautagaietako bati botoa emateko, edo batzuek, paperean Navalniren izena idazteko ere.
Errusiarren ikuspuntua
Mendebaldean, Putinen garaipena erraz azaltzeko, esaten dute ez direla izan hauteskunde libreak, baina, hala ere, ez dago argi oposizioko hautagaiak isilarazi ez balituzte emaitza nolakoa izango zen. Ukrainaren inbasioa hasi zenetik bi urte pasatu diren honetan, errusiarren bi heren gerraren alde daude inkesten arabera.
Vtsiom iritziak biltzeko Errusiako erakundeak egin duen inkesta zabal baten arabera, elkarrizketatuen %68 Ukrainan Putin egiten ari denaren alde daude, eta %59k uste dute Errusia gerra irabaztetik gertuago dagoela. Datu horiek oso onak dira Putinentzat, Errusiako armadak Ukrainan hartu duen kolpea ikusita. Mosku kontuz ibili da gerra horretan hil diren soldadu errusiarren datuak ezkutatzeko orduan. Ez da posible zenbat diren jakitea, baina, adituen arabera, 350.000 dira hil, zauritu edo desagertutakoak.
Egon badaude, noski, protesta zaratatsuagoak egingo lituzketen errusiarrak. Vtsiomen inkestan parte hartu dutenen %19k argi eta garbi esan dute gerraren aurka daudela. Atzerrian bizi diren errusiarrei galdetuta ere, beti dago Putinekin oso kritikoa den norbait. Hori bai, 2022an %25k adierazi zuten gerra hastearen aurka zeudela; orain, bi urte geroago, gutxiago dira, Errusiako hirietan antolatu behar izan dituzten milaka soldaduren ehorzketen ondoren ere. Putinen aurka dauden gutxien artean beldurra areagotzea lortu dute.
Mendebaldean, Putinen garaipena erraz azaltzeko, esaten dute ez direla izan hauteskunde libreak, baina, hala ere, ez dago argi oposizioko hautagaiak isilarazi ez balituzte emaitza nolakoa izango zen.
Beldurraz harago, propagandaren bidez konbentzitu dituzte milioika errusiar, eta arrakasta horretan Mendebaldeak ere badu bere erantzukizuna. Izan ere, kanpoko etsaiaren aurrean Putin bezalako lider indartsu bat behar den ideia hori oso hedatua dago Errusian, agian ez Mosku eta San Petersburgo bezalako hirietan, baina bai beste askotan.
Ukrainako gerra hasi zenetik, Mendebaldeak boikota egin die bai Putini baita harekin zerikusirik ez duten kultura edo kirol munduko errusiarrei ere. Atzerrian bizi diren errusiar askok salatu dute Mendebaldeko lankide edo ikaskideak azalpen eske etorri zaizkiela Putinek Ukraina inbaditu duelako.
Komunikabideei dagokienez ere, askok gatazkaren alde bakarra kontatu dute, Krimeako edo Donbasseko herritarrek Errusiaren zati izan nahi dutela entzunda, paternalismoz eta errespeturik gabe tratatuz beraien ikuspuntua. Horrek guztiak atzerriarekin kontaktua duten eta zer bozkatu zalantzan zeuden milioika errusiar gertukoagoa sentitzen zuten aldera bultzatu ditu.
Errusian, gehienetan, benetako aldaketa bat gertatzeko, beharrezkoa da unean uneko liderra hiltzea. Agian, Putinekin ere hori izango da irteera bakarra.