Gorka Berasategi Otamendi.
ANALISIA

Puigdemonti bidea egiteko pausoa

2023ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
«Ez naiz estatuarekin akordio bat egitera etorri, hari aurre egitera baizik». Argi utzi du Clara Ponsati Junts Per Catalunyako eurodiputatuak: Espainiako Estatua atakan jartzeko bidaiatu zuen herenegun Bartzelonara. Itzulerarekin azaleratu duen arazoa da zenbateko irismena duen erbestean diren Kataluniako eurodiputatu independentisten immunitateak. Espainiak horiek atxilotzeko eskumena du, ala ez? Europako erakundeak galdera horri erantzutera behartzea da Ponsatiren urratsaren atzean suma daitekeen helburua —edo haietako bat behintzat—, eta horrek garrantzi handia izango du Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren itzulera prestatzeko. Gonzalo Boye haren abokatuak adierazi duenez, Puigdemonten asmoa da urtea amaitu aurretik itzultzea Kataluniara.

Ponsati atxilotu eta berehala hasi ziren Espainiak haren immunitatea urratu duela salatzeko mugimenduak. Puigdemontek ezikusiarena ez egiteko eskatu zion Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteari. Ponsatik berak babesa eskatu zion ganberari, eta atxiloketaren berri eman zien europarlamentari guztiei. Elkartasun mezuak jaso ditu batzuen aldetik. Baina salaketa politikotik harago, atxiloketa erreminta bat izango da gatazka juridikorako.

Esanguratsua da Ponsatik itzultzeko aukeratu duen garaia. Egun edo aste gutxi barrurako espero da Europako Batasuneko Auzitegi Orokorraren epaia, Puigdemont, Ponsati eta Toni Comin europarlamentarien kontrako suplikatorioa legezko prozesua izan zen argitu behar duena —aldeek helegitea aurkezteko aukera izango dute Europako Justizia Auzitegian—.

Epaiaren aurretik, Ponsatiren bidaiak balio izan du frogatzeko Espainiak JxCko eurodiputatuak atxilotu eta epaituko dituela horretarako aukera badu, Europak immunitatea aitortu arren. Ikusi beharko da Ponsatiren urratsak Luxenburgoko auzitegia bultzatzen duen Espainiari begirako zehaztapenen bat egitera, eurodiputatuen immunitatea Europako Batasun osoan indarrean dela nabarmentzeko. Logikoa litzateke hala egitea epaia independentisten aldekoa bada, baina baita kontrakoa izanik behin-behineko immunitatea onartzen badie ere, Europako Justizia Auzitegiak azken epaia eman artean, orain arte aitortu dien bezala.

Bada Puigdemonten, Cominen eta Ponsatiren defentsak argitu nahi duen beste puntu bat ere: Espainiako Auzitegi Gorenak eskumena ote duen Kataluniako prozesu independentistaren harira auzipetu dituen buruzagien kontrako neurriak hartzeko. Boye abokatuak hainbatetan nabarmendu du Luxenburgoko auzitegiak eskumen hori ukatu ziola Gorenari, Pablo Llarena epailearen galderei erantzunez urtarrilaren 31n eman zuen epaian.

Sententziak dio ezin dela legezkotzat jo «auzi bati buruz lehen eta azken instantzian erabakitzen duen auzitegi goren nazional bat» horretarako oinarri juridikorik gabe. Abokatuaren iritziz, JxCko eurodiputatuen kontrako atxilotzeak agintzeko eskumena ukatu zion Luxenburgok Espainiako Gorenari puntu horrekin.

Eskumenaren auziak eta immunitatearen irismenak argituko dute, neurri handi batean, Puigdemontek itzulerarako izango dituen bermeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.