Janin hegoaldeko Arraba herrixkan ikusmina da oraindik nagusi. Ongietorri moduan ezarri den karpa handi baten aurrean agurtzen ditu Khader Adnanek bisitan etorri zaizkion gizonezko guztiak. Emakumerik ez da bilkuran. Karparen aurrean, pankarta handi bat: «Sinestuna, borrokalaria, liderra. Khader Adnan, sumud (irmotasun) palestinarraren heroia». 66 egun iraun zuen gose greban, Israelek ezarritako atxiloketa administratiboa edo kargurik gabeko atxilotzea estutasunean jarri du Adnanek. Akordio batera iritsi ostean, aske utzi zuten asteartean, preso palestinarren egunean hain zuzen. Adnanek, baina, ez du uste gose greba mugagabea abiarazi duten 1.600 presoentzat inspirazio izan denik. Pozik eta garaile agertu da elkarrizketan.
Iragan abenduan atxilotu zintuen Israelgo armadak. Zergatik erabaki zenuen handik bi egunera zure kabuz gose greba hastea?
Era basatian atxilotu nindutelako. Bigarren eguneko galdeketetan tortura fisikoa zein psikologiko erabili zuten, eta bakartze politika ezarri. Ondoren, auzitegi militarrak atxiloketa administratiboa ezarri zidala jakin nuen, kargurik eta frogarik erakutsi gabe. Pentsaezina da jatea eta edatea Israelgo okupazio indarrek etengabe iraintzen zaituzten bitartean. Gose greba hastea erabaki nuen, nire askatasuna eta duintasuna defendatzeko.
Israelek palestinarrei etenik gabe 45 urtez ezarri dien atxiloketa administratiboa estutu duzu.
Ez ditut atxiloketa administratiboaren esanahia eta xedapenak onartu. Palestinarren aurkako zigor politika bat da. Presoa askatzeko data eta arrazoiak eman gabe, Israelek atxilotzea luza dezake sei hilero. Askotan, askatasun agiria jaso ostean adierazten zaie presoei atxiloketa administratiboa ezarri zaiela berriz ere. Jipoi psikologiko itzela da. Mundu askeari eskatzen diogu praktika hau gelditzen lagun gaitzan. Horrek ez du esan nahi gure herritarren kontrako beste atxiloketa erregularrak zilegiak iruditzen zaizkidanik. Erristentziarako eskubidea Jainkoak eta nazioarteko legeriak babesten ditu.
Zure askapenarekin bat, 1.600 preso palestinarrek gose greba mugagabea hasi dute.Zeri erantzuten dio erabaki horrek?
Preso politiko gisa, beren eskubideak eta ohorea berreskuratzeko aldarrikapen bat da. Irain eta indarkeria sistematikoa sufritzen dute presoek, eta, horregatik, dei bateratua hasi dute politika horiek amaitzeko. Giza eskubideei dagozkien aldarrikapenak dira, besteak beste, senideen bisitak errespetatzea, tortura metodoak amaitzea, geletako gaueko sarraldiak etetea eta presoekin botikak probatzeko praktikak bukatzea. Niri abokatua ikustea ukatu, eta kartzela batetik bestera bidali ninduten, abisatu gabe. Alabari hitzez eraso zioten kartzelara bisitan etorri zitzaidanean. Askatasun pertsonal guztiak debekatzen dizkizute.
Zure gose greba katalizatzaile gisa definitu dute orain gose greban dauden presoek. Inspirazio izan zarela uste al duzu?
Agian, nire erabakiak gose greba hasteko adorea eman die, baina denok dakigu horrelako greba kolektibo bat ez dela egun batetik bestera antolatzen. Nire ekarpen bakarra gose greba indibiduala hastea izan da, atxiloketa sistema zalantzan jartzeko. Munduari mezu bat bidali diot, Palestinako presoen sufrimendua ezagutarazteko. Baina ez naiz bakarra izan. Jana al-Xalabi, Bilab Dhiab eta Muhammad Halahle presoek ere gauza bera egin dute. Israelek bere iritzia nirekin aldatu bazuen, posiblea da besteekin ere gauza bera gertatzea. Ez dugu gose grebaren ondorioz palestinar bat ere galdu nahi.
Alderdi guztiak ez omen dira gose grebara batu.
Ez, ez, hori ez da egia. Palestinako talde guztietako presoek hasi dute greba, eta beste ehunka prest daude batzeko. Kartzeletako batzordeetan Al-Fataheko hiru ordezkari, Hamaseko beste horrenbeste, Jihad Islamikoko bi, Herri Fronteko bat eta Fronte Demokratikoko beste bat egongo dira. Presoen borroka Palestina bateratuaren sinboloa da. Argi utzi nahi dut Israelek jarrera bera izaten duela alderdi guztietako preso palestinarrekin. Denak daude jazarpen beraren mende.
Zure bideari jarraitu zion Jana al-Xalabi preso politikoak ez du zure zorte bera izan. 44 eguneko gose greba egin ostean, Gazara deportatu du Israelek. Palestinar askok salatu dute beste kartzela batera bidali dutela. Zer deritzozu?
Al-Xalabik berak onartu zuen erabakia. Egia da nazioarteko legeriak ez duela deportazioa onartzen, eta uste dut bere kasuak nazioarteko iritzi publikoa xaxatu beharko lukeela. Zer egin du gaizki Gazara deportatzeko? Askatasuna lortu du, baina Zisjordaniako bere herrira itzultzeko eskubidea izan beharko luke. Ez dut gai horren inguruan gehiago sakondu nahi. Dena den, nabarmendu nahi dut Zisjordaniatik Gazara egin duela, hau da, Palestinatik Palestinara. Askatasuna irabazi du, eta orain aske da Gazan.
Baina erabaki horrek Zisjordaniaren eta Gazaren arteko zatiketa agerian utzi du, beste behin. Zein iritzi duzu Palestinako herri erresistentziaren egungo egoeraren inguruan?
Zisjodaniaren eta Gazaren arteko zatiketa galera handia da palestinarrentzat. Adiskidetzea berandu baino lehen gertatu beharko litzateke. Herri erresistentziari dagokionez, gure eskubidea da okupazioari eustea, eta palestinar bakoitzak erresistentzia forma desberdinak babesten ditu. Nire ustez, erresistentzia baketsuaren metodorik gogorrena da gose greba. Indar okupatzaileak gu isilik hiltzea nahi du. Gose greba egiten ari nintzela, ospitaleko ohean nengoen bitartean, nazioarteko hedabide bat ere ez zen gai izan niri argazki bat ateratzeko. Ohe horretan hiltzeko zorian egon nintzen.
Khader Adnan. Palestinako preso politiko ohia
«Presoen borroka Palestina bateratuaren sinboloa da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu