ANALISIA

Presak

Samara Velte.
2015eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Demagun zure herrian urteetan nahieran agindu duen alderdia estutzeko aukera daukazula. Zerbitzu eta eraikin publikoak enpresa pribatuen esku uzten zituen hura; pribatizazio horiexen aurkako manifestazioetan kasko beltzen atzean irudikatzen zenuen gorbataduna. Demagun zure botoak behar dituela orain «azken legealdi autonomikoari» ekiteko.

Egoera horretantxe dago CUP. «Zergatik neure botoak eta ez beste inorenak?», galdetu dezake norbaitek. Alde batetik, bistan da: nahi ala ez, elkarrentzako aukera bakarra zaretelako independentziaranzko prozesua bultzatzeko. Ez dago besterik, baina asko da. Borondatezko itsuak baino ezin dezake uka Kataluniako gizarteak azken urteotan egin duen urratsa, eta horrek zenbat mugiarazi duen sektore politikoa. Gutxienez hiru alderdi hautsi ditu prozesuak; tartean, CiU, soldadurazkoa zirudien hori. Eta kontserbadoreenek ere aitortu dute aldaketa hoberako baino ezin litekeela izan.

Ados: akaso ez da zuk nahi zenuen mobilizazioa. Beharbada ez zara erabat fio eskuinaren asmoekin ere. Akaso nahiago zenuen langileak, etorkinak, ezintasunez Ciutadansera irristatzen ikusi dituzun boto guztiak euren klase kontzientziaz jabetu eta plazetara irtengo balira. Baina horiek ez daude zurekin; ez oraingoz. Independentismora igaro diren asko haizeak ekarritakoak dira, familia osoa estelada-z jantzita igandeetako mobilizazio erraldoietan pozik dantza egiten dutenak. Horiekin bete dituzte Diadak. Eta prozesua ez da Artur Mas bakarrik; baina horietako askorentzako, Mas bada prozesuaren aurpegietako bat.

Distantziatik begiratuta, kosta egiten da ulertzea CUPen patxada. Gobernu independentista osatzeko aukera eskura eduki, eta zergatik ez du lehenbailehen baliatzen? Masi presidentetza emanda boto batzuk galduko lituzke, baina noiztik da haren helburua parlamentuko alderdi finko bihurtzea? Eta, batez ere, zilegi ote da legebiltzarreko alderdi txikienak hautagaia aldaraztea handienari?

Ezkerreko independentista bakoitzak dozena erdi bat arrazoi izango ditu Mas presidentetzatik kendu nahi izateko, batzuk oso erraietakoak. Eta nagusienean zuzen daude: haren bidetik nekez bilduko dute jende gehiago independentismora. Baina bide hori zabalik eduki behar dute orain arte gerturatutakoak ez galtzeko.

Orain CUP estutu nahi dute: egin dezala lehenbailehen akordioa Junts Pel Sirekin. Baina Antonio Bañosek atzo gogorarazi zuen: «A-9an ere bagenuen presa». Orduan, CDC eta ERC izan ziren negoziaziotan kateatu zirenak. Urduri eta presaz jokatuta, Masen paperean jartzen ari da iritzi publikoa. Hark baditu arrazoiak urduri egoteko. Gainerakoentzat, bi hilabete daude oraindik akordioa zorroztu eta pulitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.