Hibai Arbide Aza.
LEKU-LEKUTAN

Polizien lagun komunistak

2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Joan den astean, Greziako Alderdi Komunistak (KKE) polizientzako aparteko ordainsari baten aldeko botoa eman zuen. Gobernatzen duen alderdiarenDemokrazia Berria eskuindarraren proposamena zen, eta, KKEz gain, Pasokek eta Irtenbide Grekoak baietz bozkatu zuten. Syrizak kontrako botoa eman zuen, aldeko botoa emango zuela iragarri ondoren. Duela ia hamarkada batetik, Greziako funtzionarioek ez dute aparteko ordainsaririk; ez Gabonetan, ez udan. Funtzionario guztiei aparteko ordainsariak kentzea erabaki zuen Troikak, Greziako zorraren krisi ospetsuan eragin zuen austeritatearen parte gisa. Doktoreek eta erizainek ez dute aparteko ordainsaririk izan pandemiaren ondoren. Irakasleek ez dute aparteko ordainsaririk jaso murrizketen ostean maila mantentzeko ahalegin handia egin duten arren. Garraio publikoetako langileek ez zuten aparteko ordainsaririk izan iazko elurte handien ondoren.

KKEk Poliziaren aparteko ordainsariaren alde bozkatu zuen egun berean, Kostas Fragoulis ijito gaztea hil zuen polizia batek. Tiro egin zion bi aldiz, horietako bat buruan, hogei euro ordaindu gabe gasolindegi batetik joateagatik. Polizia horrek aparteko ordainsari bat jasoko du, ez baitago kartzelan. Etxean dago, epaiketaren zain.

2022ko urriaren 26an Omoniako polizia-etxean Atenas hiriaren erdigunean dago hemeretzi urteko neska bat bortxatu zuten bi poliziek ere jasoko dute aparteko ordainsari hori. Poliziek kalean ikusi zuten neska, eta komisariara eraman zuten hainbat izapide egin behar zituztela esanez. Han bortxatu zuten, eta bere telefonoekin grabatu zuten erasoa.

Aparteko ordainsariak jasoko dituzte, halaber, Alex Litsardakis kazetariari flash granada bat oinetara bota zioten poliziek, hark aurtengo azaroaren 17an manifestariak nola jipoitzen zituzten graba ez zezan.

Aparteko ordainsaria jasoko dute abenduaren 6an ehunka manifestari blokeatu zituzten poliziek, Atenaseko Emmanouil Benaki kalean. Aldi berean kargatzen hasi ziren goitik eta behetik, ihesbiderik utzi gabe. Manifestariek kolpeak nondik zetozen ikusi ezinik, gas negar-eragilearen dentsitatearen ondorioz. Ni han nengoen, baina nire kaskoak, bideo-kamerak eta gasaren aurkako maskarak babesten ninduten.

Aparteko ordainsaria jasoko dute Nikos Sabanisen hiltzaileek —beste nerabe ijito desarmatu bat, duela urtebete 38 aldiz tirokatu zutena—, eta aparteko ordainsaria jasoko dute epaitegiko ateetan bilduta Sabanisen hiltzaileei «heroiak zarete!» oihu egin zieten hamarnaka poliziek. Aparteko ordainsaria jasoko dute beren lankideek basakeriak egiten dituztenean isilik gelditu eta beste aldera begiratzen duten poliziek ere. Hau da, Greziako polizia guztiek.

Nikos Sabanisen eta Kostas Fragoulisen hilketak, urtebeteko aldearekin, icebergaren punta baino ez dira. Grezian gero eta polizia gehiago dago, eta gero eta indarkeria bortitzagoarekin jarduten dute. Ijito-komunitatea da horien biktima nagusietakoa. COVID-19aren pandemia bete-betean, Mitsotakisen Gobernuak 4.500 polizia kontratatu zituen, eta kaleetara bidali zituen sarbide-ikastaroa ere egin gabe. Mitsotakis boterera iritsi zenetik, polizien kontrako salaketak ugaritu egin dira, baina ia guztiek zigorgabetasun-horma baten aurka talka egin dute.

Ijitoak ez dira gero eta errepresio handiagoa jasaten ari den talde sozial bakarra. Etorkinak, errefuxiatuak eta herri-mugimenduetako militanteak ere jomugan daude. 2019ra arte, Greziako Poliziak erabat debekatuta zuen unibertsitateetan sartzea, diktadura militarraren amaieran tankeak ikasleen protestak erreprimitzera Atenaseko Politeknikora sartu izanaren ondorioz. Mitsotakisek fakultateetan polizia-jarduera baimentzeaz gain, polizia elkarte berezi bat sortu zuen, 2022an indarrean jarri zena, ikasleen oposizio handiaren aurrean. Mitsotakisen gobernuak, halaber, orokortu egin du errefuxiatuak beroan itzultzea, bai itsasoan baita Greziak Turkiarekin duen lurreko mugan ere, milaka pertsona arriskuan jarriz.

Zerrenda askoz ere luzeago baten adibide batzuk baino ez dira. Honezkero, KKEk aparteko ordainsari bat ematearen alde bozkatu du, poliziak herriaren semeak omen direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.