Iñigo Bilbao Sagastiberri.

Pobreak lehenetsi, ultraaberatsak ahaztu gabe

2024ko uztailaren 21a
05:05
Entzun

Hauteskundeetatik hilabete pasatxo igaro den honetan, Mexikoko oposizioa hasi da onartzen bere porrota zenbatekoa izan den. Kostatu zaie, alajaina! Galtzea ezinezko zuten. Iruzurra ere iradoki zuten biharamunean, haserre bizian. Lopez Obrador presidenteari dioten gorrotoagatik oso ezagunak diren Youtubeko kanal bateko iritzi emaileek suminduta jardun zuten hainbat egunez: «Gezurra da irabazi dutela. Herria haien kontra dago sutsu, Pariserako hegazkinean bidaide izan genituen guzti-guztiek aitortu ziguten bezala». Kosta zaie, baina onartu behar izan dute azkenean, Claudia Sheimbaumen aldeko boto dezente haien kastako jendearenak izan zirela, goi eta erdiko klaseko mexikarrenak, alegia. Zehatzago esanda, ofizialismoak zortzi punturen aldea atera zion oposizioari etxe onekoen artean.

Presidentearen gogaideak ere txundituta geratu ziren hauteskundeen emaitzekin. Herri xehearen botoa lortuko zutela ez zuten zalantzarik, Guztion onerako, lehenik pobreak leloarekin irabazi baitzuen Lopez Obradorrek orain sei urte. Gutxi gorabehera, bete du asmoa: hogei urtez igo gabe egon zen gutxieneko soldata urtero igo du, azken sei urteetan %110eko hazkundea metatuta; 63 urtetik gorako guztiei zuzendutako gutxieneko pentsioa eskubide gisa finkatu du konstituzioan, eta bekak eta diru laguntzak banatu ditu, premian ziren guztien artean. Laguntzak lehenagokoak ziren, bai, baina orain ez dira bidean galtzen, eta herritarren poltsikora heltzen dira. Besteak beste, horregatik utziko du aginte makila horrenbesteko onespenarekin.

Laguntza horiengatik, hain zuzen, oposizioak herriaren borondatea erosi izana egotzi dio presidenteari, ahaztuta, edo onartu nahi gabe, herri xeheari bezala Lopez Obradorren agintaldiak mesede egin diela Mexikoko dirudunei. Ez dezagun ahaztu Mexiko dela, ekonomiari dagokionez, munduko herrialde desorekatuenetako bat. Laburbilduz, 136 milioi biztanle dituen herrialde horretan, 294.000 dirudunek aberastasunaren %60 pilatu dute. Oraindik xeheago: Mexikok duen ondasun guztiaren %8 hamalau ultraaberatsen esku dago. Aurton jakin dugunez, gainera, mila milioi dolarretik gorako aberastasuna duten hamalau familia horien kontu korronteak ia bikoiztu egin ziren pandemiaren hasieratik, gainerako mexikar askoren bizi baldintzak isurbidean barrena xahutzen ziren bitartean.

Hamalau familia dirudun horietatik gehienak gobernuaren errapeetatik zurrupatuz aberastu ziren bere garaian, eta aberasten segitzen dute batzuek gaur egun, pribatizazio, kontzesio eta kontratu edo baimen ugariak direla medio. Izan ere, 1988an, Carlos Salinas de Gortari presidente izendatu zutenean, hasi zen ondare publikoaren pribatizazio prozesu basatia, eta ordukoak dira fortuna itzel horiek ia guztiak. Lopez Obradorren garaipenak, eta, noski, botere politikoa pribatutik bereizteko kanpainan egin zuen promesak, enpresarien beldurrak piztu zituzten. Onartu beharko dute, baina, orain artekoak onuragarriak izan direla onuraz gainezka dauden horientzat.

Adibiderik argiena, COVID-19aren harira egindako dirutzak. Ikaragarriak. Carlos Slim Mexikoko gizonik aberatsenaren ondasunak beste hamahiru mexikar ultraaberatsena gainditzen du. Bada, Slim jaunaren fortuna German Larrearenarekin batzen badugu, herrialdeko bigarren gizonik aberatsenaren ondasunarekin alegia, ohartuko gara pandemiaren hasieran zuten dirutzarekin alderatuta bion ondasunak %70 handitu direla geroztik. Hala izan da biek ala biek gobernuarekin izan duten harreman politikoki estuari esker, noski.

Forbes aldizkariak ezagutzera eman berri dituen datuak antzekoak dira: 2024 honetan, herrialdeko hamar mexikar dirudunenek pilatzen dituzten dirutzak 176.800 milioi dolarrera iritsi dira; hau da, %45,2 igo dira, 2018an zituzten 121.700 milioiekin alderatuz gero.

Nola egiten duten hori? Batzuek, esan bezala, gobernuaren errapeetatik zurrupatuz, herri lanetan milioi askoko kontratuak erdietsiz. Eta besteek, ekonomiaren alor ezberdinetan monopolioa dutenez, beraiek finkatu dituztelako prezioak, beren onura bermatuz gainerako mexikar guztien kalterako. Prezioen igoerak, 2022an %8ko inflazioa gainditu zuenak, egundoko etekinak eman zizkien aipatu enpresa handiei, pandemiaren urte garratz horretan mugitu zen dirutzaren %60k haien esku bukatu zuen eta.

Bestela esanda, Lopez Obradorrek ordezkatzen duen ezkerra agintera heldu izanak herri xeheari on egin dion bezala, ez dio kalte handirik egin Mexikoko dirudunen ondasunari. Hori da oposizioak ulertu ez zuena, edo onartu nahi izan ez duena.

Oharra: Arestian aipatu bezala German Larrea da Mexikoko bigarren gizonik aberatsena. Bere jatorri euskaldunaren jakitun, eta harro, ez da aipatu diren hamalau familietan abizen euskalduna duen bakarra. Izan ere, Maria Asuncion Aramburuzabala da —Modelo garagardo taldearen oinordekoa— Mexikoko emakumerik aberatsena; eta garai bateko eragin politikoa galdu badu ere, Emilio Azcarraga Televisa taldeko buruak sobera ditu milioiak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.