Hilaren 11n Txinako Herriaren Kongresu Nazionala amaitu dute. Two Sessions esaten dioten bilkura horri; Txinako urteroko ekitaldi politiko garrantzitsuena da. Teorian legebiltzarraren bilkura den hori, egiazki, aldez aurretik eta ate itxien atzean hartu diren erabakiak txinatarrei eta munduari helarazteko plataforma bat da.
Joan den urteko bilkurak titular asko eman zituen: Xi Jinping hirugarren agintaldirako geratu zelako baieztapena; Li Qiang, Li Shangfu eta lehen mailako beste hainbat kargudunen izendapena… Alderdiaren iragan urriko kongresuan ere, komunikabide guztiek Txinan izan zuten arreta jarrita, momentu oso teatral batean Hu Jintao Txinako presidente izandakoa kongresutik behartuta atera zutenean. Komunikabideek behin eta berriz errepikatu dute azkenaldian «Xi Maoren garaitik izan den lider txinatar boteretsuena» delako esaldi hori. Aurten, hilabeteetako protagonismo politiko horren ondoren, atentzioa ez ematea erabaki du Pekinek.
Aurtengo bilkurak ez du titular deigarririk eman; %5eko hazkunde ekonomikoa iragartzen dutela, hirietan hamabi milioi lanpostu sortuko direla… Bilkura inoiz baino laburragoa izan da —astebetekoa—, eta ez da amaieran ez lehen ministroaren prentsaurrekorik ezta Xiren hitzaldirik ere izan.
Galdetu ezin dena
Bilkura horretan prentsaurreko bakarra izan da, hilaren 7an Wang Yi diplomazialari nagusiak emandakoa, hain zuzen ere. Atzerri ministroaren lanak egiten dituen arren, bera ez da ofizialki Txinako Atzerri ministroa, kargu hori hutsik baitago.
Agian bilkura honetan kargudun berria izendatuko zutela espero zen, baina ez da horrela izan. Pekinek nahiago izan du gai hori alde batera utzi. Izan ere, Txinako barne politikaren misterio handiena, oraintxe, hor dago: Qin Gang Atzerri ministro ohiaren inguruan. Joan den urteko bilkuran izendatu zuten kargu horretarako, baina ez du urte bakar bat ere iraun agintean.
Martxoan 56 urteko gizon hori Atzerri ministro izendatu ondoren, ekainean desagertu egin zen, eta ordutik ez da jendaurrean agertu. Hasieran Xiren aliatu bezala ikusten zutenarekin zer gertatu den ez daki inork, eta Wangen prentsaurrekoan egin ziren 21 galderetatik bakar bat ere ez zen izan horren ingurukoa, denek zalantza hori argitu nahi duten arren. Noski, Wangen prentsaurrekoa ez baita irekia, galderak Txinako Atzerri Ministerioak hautatzen dituen komunikabideei eskaintzen dizkiete. Proposatu dieten gaiaren inguruko galdera idatzi behar dute komunikabideek, eta arduradunei bueltan bidali, onespena jasotzeko.
Hegoalde Globalarentzat lekua egiten
Aurten, gainera, Mendebaldeko komunikabideen artean bi izan dira galdera egiteko aukera izan duten bakarrak: Bloomberg —Washingtonek Pekinen teknologia berriak garatzeko ezarri dituen oztopoen inguruan— eta EFE berri agentzia —Europako Batasunaren eta Txinaren arteko harremanen inguruan—. Galdera egiteko aukera izan duten gainontzekoak komunikabide txinatarrak eta Hegoalde Globalekoak izan dira. Eta Pekinen bulegoa duten Mendebaldeko komunikabide asko haserre daude. Batzuek ez dute prentsaurrekora joan nahi izan ere; BBCk, adibidez. Argudiatzen dute ez dutela parte hartu nahi antzerkian.
2014. urtean, Txinan Olinpiar Jokoak izan zirenean, Pekinek Mendebaldean jarria zuen arreta; hango komunikabideak besoak zabalik hartzen zituzten Pekinen, eta orain, aldiz, hori aldatzen ari da.
Aurten, bigarren aldiz, Two Sessions-a kontatzeko orduan, Hegoalde Globaleko 102 kazetari ekartzeko programa jarri du martxan Txinako Atzerri Ministerioak. Afrikatik, Hego Amerikatik, herrialde sobietar izandakoetatik… Dena ordainduta eta lau hilabeterako ekartzen dituzte kazetariak.
Txinan pasatzen dituzten lau hilabete horietan, alde batetik bestera eramaten dituzte autobusetan, Txinako enpresak eta abar ikustera. Ez dute ia denbora librerik, eta kongresuaren inguruan idazten dutena erakutsi behar dute. Estrategia hori ez da berria, eta Mendebaldean ere soft power-ean dirua jartzen dute, noski, gobernuek.
Txinak, horrela, pixkanaka, munduak duen irudia kontrolatzen du, eta Txinaren aurkako hamarkadetako propaganda estatubatuar horren aztarnak ezabatzen ari da munduaren zati handi batean. Txinan bulego bat izateko aukera ez duten komunikabideek ez diote ezezkorik emango Herriaren Jauregi ikusgarrian kamerari bat sartzeko aukerari; Qinen inguruan galdetu ezin izana ordaindu beharreko prezio zentzuduna irudituko zaie. Azken finean, askorentzat jokoan dagoena harago doa: Pekinek azkenaldian hainbeste aipatzen duen mundu multipolar horren sorrera, Mendebaldearen guztiahaltasunaren amaiera.
Eta ez dago zalantzarik arraroa dela, eta ez dela bidezkoa, Qini zer gertatu zaion inork galdetu ezin izatea; ez da seinale batere ona. Hala ere, Mendebaldeko komunikabideak nahi adina haserretu daitezke; ez dute ezer aldatzerik lortuko: Txinak azken urteotan ikuspegia aldatu du, eta ez du Mendebaldean jarria arreta.