arantxa elizegi egilegor

Palestinako Ondarearen Eguna

2024ko urriaren 7a
09:00
Entzun

Ondarearen Eguna dute gaur Palestinan. Gaurko egunez duela urtebete hasi zuen Israelek azken operazio militarra, «talde armatu islamista suntsitzeko» helburuz. Aurrez, Hamasek inoiz ikusi gabeko erasoa egin zuen. Israelen segurtasun neurri guztiak gainditu, eta, ezustean, 1.200 israeldar hil eta 251 herritar bahitu zituen. Benjamin Netanyahu buru duen gobernuak azkar erantzun zuen. Ordu gutxiren buruan abiatu zuen azken urteetako operaziorik odoltsuena, gaur arte luzatu dena eta gatazka Palestinatik at zabaldu duena.

Hamabi hilabeteotan 41.900 pertsona hil ditu Israelgo armadak Gazan, eta zerrendako herritarren ia erdiek ihes egin behar izan dute. Baina operazio militarra ez da Hamasen kontrolpeko eremura mugatu. Zisjordanian ere —PAN Palestinako Aginte Nazionala dago han agintean, nahiz eta segurtasuna Israelen esku egon— 700 palestinar baino gehiago hil dituzte, eta milatik gora dira desplazatuak. Tarte horretan, militarrek bidean aurkitu duten oro suntsitu dute Gazako zerrendan: etxebizitzak, eskolak, ospitaleak, liburutegiak, errefuxiatu guneak, Israelen aginduak betez hegoaldera ihes egindako herritarrak... argudiatuta horietan ezkutatzen zirela Hamaseko milizianoak, zibilak «giza ezkutu moduan» erabiliz.

Lehen egunetan bahituak askatzea ere bazen, itxuraz, Tel Aviven asmoa, eta aldarri horrek bazuen Israelgo gizartearen babesa, baita, noski, Hamasen aurka egiteak ere. Bonbardaketak hasi eta urtebetera, ordea, 97 bahituk desagertuta jarraitzen dute, eta haien aldeko manifestazioak gero eta bakanagoak dira. Netanyahuk berak ez ditu aipatu ere egin azken agerraldietan; nabarmendu du, ordea, Israelek ez duela erasoaldia etengo «bere helburuak» bete arte. Helburu horiek zeintzuk ote diren, hori da batere argi ez dagoena.

Israelgo lehen ministroaren hitzak aintzat hartuz gero, Hamas eta Hezbollah suntsitzea lirateke Tel Aviven xede nagusiak, edo behintzat bi talde horiek ahultzea —irail amaieran Libano hegoaldea bonbardatzeari ekin zion Israelek, talde armatu xiitaren erasoei erantzunez—. Yemengo huthiak ere jopuntuan ditu estatu juduak, ordea, eta Siria ere bonbardatu du azken egunetan. Pentsa liteke bere ahaletatik harago joan dela Netanyahu, Palestinaren aurkako gatazka Ekialde Hurbilera zabalduz. Baina nazioartearen erantzuna zer-nolakoa izan den ikusita, ez dirudi indarrak oker neurtu dituenik.

Barne desplazatu bat, Al-Nuseirateko errefuxiatu guneko eraikin bateko hondakinen artean, irailean. MOHAMMED SABER / EFE
Barne desplazatu bat, Al-Nuseirateko errefuxiatu guneko eraikin bateko hondakinen artean, irailean. MOHAMMED SABER / EFE

AEBak dira Israelen aliatu nagusia Mendebaldean. Azken hilabeteetan Joe Biden presidenteak meniarako deiak egin dituen arren, Washingtonek ez du zalantzarik egin Ekialde Hurbilera tropa gehiago bidaltzeko, Israelek laguntza behar balu ere. Etxe Zurian, baina, aldaketa egongo da azaroan, Biden ez baita beste agintaldi batera aurkeztuko. Kamala Harris demokrata da, oraingoz, presidentetzarako bozak irabazteko faboritoa, eta hura Biden baino kritikoagoa da Israelen jarrerarekin, baina hark ere ez du inoiz zalantzan jarri estatu juduak «bere burua defendatzeko» duen eskubidea. Bide batez, ez da ahaztu behar Hamas erakunde terroristatzat daukatela AEBetan ere.

Iran. Hura da, teorian, Palestinak izan lezakeen aliatu nagusia. Teorian, orain arte ez baitu urratsik egin gatazkan esku hartzeko. Egia da, bai, irail amaieran Israelek Hezbollahko buru Hassan Nasrrallah hil ostean —aurrez, uztailean, Hamaseko buru Ismail Haniyeh hil zuen— Teheranek 180 misil jaurti zituela Israelen aurka. Baina zer pentsatua ematen du erasoaldi bortitz horrek hildako bakarra eragin izanak. Egia da Israelen misilen aurkako ezkutuak zartarazi zituztela misil horietako askok, baina, halere, Iranen erantzunak mehatxu neurtu baten itxura du gehiago, benetako mendeku batena baino.

Urriaren 4an, Ali Khameneik Israelen aurka egitera deitu zituen herrialde musulman guztiak, «Afganistandik Yemenera, Irandik Gazara eta Libanora», eta txalotu egin zituen Hamas eta Hezbollah. Baina Israeli aurre egiteko gai diren Ekialde Hurbileko estatuek ez dute gatazkan esku hartzeko interesik, zenbaitek ez dutelako Tel Avivi aurre egiteko ahalmenik, Afganistanek adibidez, eta ahalmen hori dutenetako beste zenbait Israelengana hurbiltzen hasiak zirelako iazko urriaren 7a baino lehen, Saudi Arabia, esaterako.

Bestelakoa da Teheranen kasua. Iranek ez du sekula onartu Israel, eta ez du inoiz ezkutatu harekiko etsaitasuna. Baina ez da itsua. Iranek gatazka honetan esku hartuko balu, okerragoa litzateke egoera, eta horrek boterea ematen dio Irango erregimenari. Gero eta gehiago, Netanyahuren aurkako kritikak areagotu ahala, indartuz doa Iran, hura baita, neurri batean behintzat, gatazka eskualde osora zabaltzea eragozten duena. Hala, gero eta gertuago luke aukera Mendebaldeko potentziak eta batez ere AEBak berarekin aurrez aurre eserarazteko, negoziatzera behartzeko. Urrunekoa dirudien testuinguru horretan ere garrantzi handia dute AEBetako bozek, Donald Trump presidente ohia izan baitzen Washington Iranekiko akordio nuklearretik atera zuena. Aldiz, bozak Harrisek irabaziko balitu, aukera legoke Etxe Zuria negoziazio mahaira itzultzeko.

Bozak egin eta potentziek euren jarrera argitu bitartean, ordea, genozidioak aurrera jarraitzen du. Duela urtebete bezala, Ondarearen Eguna dute gaur Palestinan, baina bonbek suntsitu egin dute hori ere. Israelek hondatu du Palestinako ondarea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.