Finlandian nengoen, mapa ofizialen arabera, argazkilari finlandiar baten erakusketaren irekieran. Baina museoko bisitariak eta arduradunak suediera hiztunak ziren, Aland uharteak Finlandiaren menpe egon arren suediera baitute hizkuntza ofizial bakar. Argazkilariak ingelesez egin zuen aurkezpena.
Lagun bati galdetu nion, ea gurean bezala ingeles akademietara joan ohi ziren haurrak eskola ostean. «9-10 urterekin hasten dira eskolan ingelesez [bai, 9-10, ez 3-4], baina gero inguruan hain dago presente, denok ikasten dugu». Ez akademia, ez irlandar udaleku, ez AEBetako ikasturte, ez ezer, umezarotik harreman natural bat atzerriko hizkuntza globalarekin, eta era natural samarrean ia biztanle guztiek oso ondo dakite ingelesez urte gutxian. Kasu, oso ondo jakitea ez da norbere hizkuntza bezain erosoa izatea. Ikasteak ez dakar halabeharrez erabilera ere: finlandiarra izan beharrean norvegiarra izan balitz argazkilaria, bere hizkuntzan egingo zukeen. Bi herrialdeetako biztanleek jakin ohi dute oso ondo ingelesez, baina nork berean egin ohi dute gehienetan, ulermenerako ez baitago arazo handirik. Arazoa geurean dago, Hego Euskal Herrian espainiera Espainiako edozein bazterretan bezain ondo jakiteak eragotzi egiten du hizkuntza globala naturaltasun berarekin hedatzea —beti da errazagoa «gure erdara» —, eta era berean da oztopo mundua euskarara ekartzeko: espainieraren makulua erosoegia da.
Paradoxikoa da gurean ingelesarekiko jarrera. Amorrua ematen die askori haren hegemoniak (ondare frankohispanikotik asko du horrek), baina denek nahi seme-alabek jakitea. Horretarako darabiltzate eskolak, akademia pribatuek, gurasoen sosak eta haurren aisialdi orduak. Beste gai askotan legez, delegazioz ia beti, besteek egin dezaten lana: gutxi batzuk saiatu dira telebistan bertsio originala jartzen... haurrei, gero helduek betiko bikoizketa espainolarekin jarraitzen duten bitartean. Anglosaxoi mundua sukalderaino daukagu sartuta, baina ia beti galbahe hispanikotik dator. Betaurreko espainolekin erosoago zaigu. Erosoegi, bai zuzenean ingelesez ikusteko, bai euskara itzulita ekartzeko. Pozten gara itzultzen denean, noski, baina luxutzat dugu, itzuli gabe ere berdin-berdin gozatzen dugulako espainierara itzulita. Azken batean, aisialdiaz dihardugu, eremu pribatuaz, eta jakina da ezin dela etengabe militatzen egon. Ekintza pasiboa da, gainera: ez digu espainieraz eginarazten, aski da geuk ulertzea. Eta helduen artean espainieraren ulermena erabatekoa da Lea-Artibaiko eta Tolosaldeko arnasgunerik euskaldunenean ere.
Gertatzen da, baina, telebistaren eta bestelako gailuen erabilera eguneko lau ordutik gora dugula; horren igurtzi asimilatzailea edozein estatuk bere armada eta irakaskuntza uniformizatzaileenarekin ere ez luke amestuko. Ondo dago Euskaraldiak trebatze ariketak egitea herritarrak euskarazko erabileran ahalduntzeko, baina euskaraz bizi nahi duenak gaurko erronka, tabernariarekin edo okinarekin tematzen baino gehiago dauka espainolak ematen dion aisialdiaren talaia pribilegiatuari muzin egiten. Proba egitea baino ez da: mintzatu lasai espainieraz tabernari latinoamerikarrarekin, euskararekiko traizioaren erruduntasunik sentipenik gabe, eta gorde sentipen hori gustuko dituzun liburu, film, telesail, telesaio eta enparauetarako. Espainierara itzulita gozatutako film edo liburu bakoitzak zimiko bera eragiten digunean, hutsunearen larriaz ohartzen hasiko gara. Kalean baino zailagoa da euskaraz bizitzea etxe barruan.
Horregatik kezkatu naute gure hizkuntzari muzin egin gabe goza dezakegun ia telesail bakarraz kexu diren euskaltzaleek. Euskarazko bikoizketa iragarri zuten, eta, oraingoz, azpidatzita baino ez dago Boterearen Eraztunak telesaila, egia da. Baina espaloitik jaitsi gabe goza dezakegu, behingoagatik, gure hizkuntzan bizita. Gainerako dozenaka saioetarako ezinbestean bazterrean utzi behar da euskara, Donostiako Zinemaldiak euskaldunarekin egiten duen legez.
Norvegiarrek, islandiarrek, portugesek, greziarrek, albaniarrek, serbiarrek, kroaziarrek, bulgariarrek, bosniarrek, estoniarrek, lituaniarrek, letoniarrek... guk baino hiztun gehiago eta estatu propioa daukaten milioika europarrek ia inoiz ez dute pantailan euren hizkuntzetara bikoiztutako audiorik, haurren saioetatik aparte. Ez duzue aurkituko hamar milioi hiztunetik beherako hizkuntzarik, sistematikoki bikoizten duenik. Ez, katalanek ere ez, haien buruak engainatu arren. Zinemako zati bat bikoizteko dirutza publikoa xahutzen dute, baina telesailak, dokumentalen kateak, AEBetako reality-ak, garajeetako enkanteak eta gisako saio txatxuak, espainieraz ikusten dituzte. Horiek guztiak badaude Portugalen zein Suedian, merke-merke eta erraz asko azpidatzita, Stranger Things-etik House of Dragon-era.
Badakit, jakin, gaur egun herririk euskaldunenean ere gehienek nahiago dutela espainol bikoizketa euskaraz azpidaztea baino. Baina euskaraz bizitzeko era bakarra da; ohitura-aldaketak denoi dagozkigu: erdaldunari euskaraz ikasteko eskatzen diogu, alfabetatzeko lana hartu dute erdaraz ederto alfabetatuta zeudenek, ikastolak, literatura, zientzia sortu genituen, espainierazkoan ohitura handiagoa izan eta erosoago sentitu arren. Europako herri txiki eta librea izan nahi badugu, egin dezagun hizkuntza normalizatu duten herri txiki libreen antzera.
LEKU-LEKUTAN
Ohiturak aldatzen pantailan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu