Egipto. Estatu kolpearen ondorena. Analisia

Nork erabakitzen duen bide orria

2013ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Lehenbizi Mubarak, orain Mursi. Duela urte gutxi pentsaezina zena bi urte eta erdian gertatu da Egipton: euren aulkiari irmoki eusten zioten bi estatuburu kendu ditu kargutik, herritarren babes garbiarekin eta, ezin uka, armadaren laguntzarekin. 2011ko otsailaren 11tik 2013ko uztailaren 3ra bitartean, 29 hilabeteko trantsizio bihurgunetsua igaro da Egipton.

Mubarakek, teknikoki, dimisioa eman zuen; Mursi, ofizialki, kargutik kendu dute. Baina hori alde batera utzita, bi gertakariek izan dute herriaren babesa, eta herria indar armatuei emana dagoela dirudi. Militarrak gako bihurtu dira presidentetzako bi aldaketotan, eta argi utzi dute nork erabakitzen duen Egiptoren bide orria. Orain, 2011n bezalaxe, badirudi herritarrak fio direla armadaren asmo onekin, nahiz eta aurreko esperientziatik —18 hilabetez edukitako trantsizioko gobernu militarretik— sortutako gobernua nora ezean ibili den, bere hitza behin eta berriz janez eta herri mugimendu oro indarrez erreprimituz.

30 urteko aginte burdinazkoan oinarritu zuen Mubarakek bere gobernatzeko zilegitasuna. Mursik, berriz, hauteskundeetan oinarrituta aldarrikatzen du berea. Hauteskunde bihurri batzuetako garaipen pirriko batek emandako zilegitasuna da: botoen %1engatik soilik irabazi zituen bozak. Boto horiek aginte despotikoaz ahitu ditu, ez baitu asmatu gainontzeko indar politiko eta sozialekin saretzen. Ahaztu zaio koalizio gobernu bat osatzea hitzeman ziela iraultzaileei, ez dio jaramonik egin Konstituzioa onartzerakoan behar zukeen kontsentsuari, eta zalantza izpirik gabe iraindu eta jazarri du aurka egiten zion oro, Mubarakek bezalaxe.

Bataren zein bestearen gainbeherek indartu egin dute armadaren boterea. Lehendik ere nonahi zegoen: 2011n alderdi indartsuentzat jotzen zuenarekin aliatu zen, Anaia Musulmanekin; oraingoan, alde batera utzi dituzte naftalina usaineko komunikatu militarrak, eta estatu kolpeari zilegitasun handiagoa ematen saiatu da jendaurrean. Adostasun zabalagoa erakusteko asmoz, indar politiko, erlijioso eta gazte mugimenduak elkartu ditu, aditzera emanez bide orria haiekin adostu duela. Abdel Fata Al-Sisi armadako burua agiria irakurtzen ari zela, ondoan zeuzkan Mohamed el-Baradei oposizioko burua, Eliza koptoko kargu gorenak, Al-Azahar instituzio islamikokoak eta Mursiren aurkako mobilizazioak antolatu dituzten Tamarrud mugimenduko gazteak. Nour alderdi salafistako ordezkariek ere hartu zuten parte antzezpenean: parlamentuko bigarren indarra izan da alderdi hori, eta gerra zibilerako arriskuaz ohartarazi izan dute. Antzeztutako zeremoniak beste behin gezurtatu du analista askok sinesten duten islamismo-laizismo dikotomia faltsua. Baina militarrek ezin izan dute ezkutatu epaile ia ezezagun bat ipini dutela presidente: berari buruz dakigun apurra da Saudi Arabiako Gobernuko aholkularia izandakoa dela, eta Mubaraken aldeko Ahmed Xafiqen ezinbesteko aliatua izan zela iazko hauteskunde presidentzialetan, hain zuzen ere, Mohamed Mursiren aurka. Herritarren esperantzak gorabehera, gobernuburu berria aise izan liteke junta militarraren beste txotxongilo bat.

Protestaren konponsizioa ere desberdina da oraingoan. Ez du 2011ko urtarrilean bezainbeste ideologikotik: orduan ogi, askatasun eta justizia sozialeko eskaerak ziren nagusi. Orain, gazte iraultzaileen, sekular konbentzituen eta erregimen zaharreko nostalgikoen arteko nahasketa batek daramatza mobilizazioak. Hortik ez da soilik armada indartuta irteten: Polizia ere bai. 2011n, hari zuzendu zitzaion haserre guztia, eta oraingoan presidente islamista botatzearen alde egin du. Anaia Musulmanen aurkako atxiloketekin eta hedabideetako itxierekin, baliteke mendeku garai bat hastea, armadak halakorik ukatu egin duen arren.

Egiaz, desberdina da armadak bi egoeretan erakutsi duen suhartasuna. 2011n hemezortzi egun behar izan zituen Mubarak agintea uztera behartzeko; tarte horretan, etxera itzultzeko eskatzen zien etengabe manifestariei. 2013ko uztailean, berriz, ez du egun bakar bat ere behar izan presidenteari 48 orduko ultimatum bat emateko, eta helikopteroetatik grabatutako irudi ikusgarrien bidez eman du mobilizazioen berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.