Uxue Rey Gorraiz.

Noren aliatu

2024ko urriaren 25a
17:35
Entzun

Ez da berria, batere. Betetzen zaizkie ahoak argudio hutsalez, amorrazioz. Seko ofendituta, diote esajerazio totala dela pentsatzea gizon guztiak direla erasotzaileak. Izatez, halakorik baieztatu gabe ere, erasotzaile izan daitezkeelako aukera mahaigaineratze hutsa ere mingarri zaie, guztiz. Akaso, hobe genuke haien iritziz aldatzera ez tematu. Nahiko bagenu, itxoin besterik ez genuke, eta, segur aski, egunetik egunera sexu erasoei loturik azaleratzen diren dozenaka kasuek berez pitzatuko lukete gizon guztiak erasotzaileak ez direlako ideia itxuraz ukiezina. Hala eta guztiz, horrek baluke arrisku bat: izan ere, batzuk —asko— espezialistak dira zaborra estaltzen.

Espainiako politikari eta Sumar koalizioko bozeramaile Iñigo Errejonen kasua dugu orain. Dimisioa aurkeztuta, politika utzi du, eta, hortaz, kolpez utzi dio alderdiko eledun eta Espainiako Kongresuan diputatu izateari. Sare sozialen bitartez zabaldutako gutun batekin esan du agur, eta argudiatu, besteak beste, bere burua «zaintzeko» premiazkoa duela politikatik aldentzea. Paradoxikoa da, suabe esatearren, halakoak botatzea zerk eta indarkeria matxistarekin loturiko salaketek ekarri dutenean haren erretiroa.

Cristina Fallaras kazetari eta idazle feminista espainiarrari esker egin du eztanda auziak. Sexu indarkeriaren biktima izan diren dozenaka emakumeren testigantzak jasotzen ari da aspaldi honetan, batik bat sare sozialen bitartez, eta horiek plazaratzen ditu, apurka —anonimotasuna bermatuta, betiere—. Esan gabe doa harengana jo duten emakumeek bertan aurkitu dutela beste inon nekez aurkitzen duten esparru segurua biktima direla aitortzeko, eta hori, jakina, berez da larria.

Hala, Fallarasek zabaldu du Errejonen kontra emakume batek eginiko salaketa. Plazaratutako mezuan ez da ageri izen-abizenik, baina jendeak aise erdietsi du hura identifikatzea. Errenkadan, beste hainbat emakumek ere antzeko delituak egotzi dizkiote politikariari —sexu erasoak, manipulazioa, gaslighting-a—, eta lehertu da iskanbila; eta eskerrak. Handik kasik bi egunera, orduan bai, Errejonek agur esan dio politikari.

Kontua da erretiroa berandu datorrela, eta ezinbestekoa da nabarmentzea delituen jakitun zeuden beste askoren isiltasuna izan dela, batik bat, Errejonen babesgune orain arte. BERRIAko zutabegile Irati Zubia Landak ederki jaso zuen horri loturiko ideia bat aurtengo otsailaren 2an argitaratutako iritzi artikuluan. Orduko hartan, Carlos Vermut zinema zuzendaria eta Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente ohia zituen hizpide, baina mezua berdin-berdin zaigu baliagarri orain: «Boterearen engranaje infinituen artean, bada bat ia beti presente dagoena: isiltasuna».

Baina hau ere jaso zuen Zubia Landak artikulu horretan bertan, eta orain gertatu dena laburtzeko ere balio du, nabarmen: «Ezkuta liteke zaborra alfonbra azpian, baina darion kiratsa ez da aise aienatuko. Zeren, bai, guk ere hitz egiten dugu gure artean. Badakigu nork egin digun min eta nor geratzen den isilik, eta abisatzen diogu elkarri. Eskerrak, bihotzez, gure arteko enkontru horiei guztiei».

Honetan, beste dozenaka alditan gertatu bezala, asko gelditu dira isilik. Errejonek garai batean alderdikide izandako Pablo Iglesiasek berak aitortu du orain dela urtebete dagoeneko «hitz egiten zela» politikariak eginikoez. Alegia: haiek bazekiten, baina nahiago izan dute ezkutatu. Konplizitatea da, ez besterik. Eta konplizeak ere errudun dira hein batean; ez dadila hori ahaztu.

Izanen da esanen duenik espero zuela halakorik Errejonengandik. Aldiz, kontrakoa aitortuko dute beste batzuek, eta argudiatuko ez ziotela antzematen «halako airerik». Zergatik, baina? Bere burua ezkertiartzat daukan talde politiko bateko kide zelako? Teorian feminismoaren garrantziaz sinetsita zegoelako? Inork dudarik bazuen, ez dago erasotzaileei tankerarik hartzerik. Ezkerreko, eskuineko, zentroko... horrek ez ditu deusetik libre uzten.

Aspaldi hasi zen auzitan jartzen aliatuen existentzia bera, baina akaso merezi du sakontzea. Are gehiago, jende boteretsuaz ariko bagara. «Ona, ona, baina boteredun gizona», idatzi du Instagrameko argitalpen batean Jone Bengoa ilustratzaileak. Beharko dugu hori gehiago nabarmendu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.