Munduaren erdigunea Asiarantz bihurtzen ari da azken urteotan, eta ez da hori berehalakoan amaituko Joe Bidenek berriz ere Ozeano Atlantikora begiratu eta Europako aliatuekin harremanak berritu arren. Masa-kulturaren eremuan, esanguratsua izan zen iaz, lehen aldiz Oscar sariak ingelesez ez zen film batek irabazi zuen urtean, koreerazko pelikula batek jasotzea sari gorena. Aurten berriz ere ingelesezko lan bat izan da Oscar sarietan garaile, baina zinta horrek ere Asiatik ekarri du berritasuna, Chloe Zhao txinatar zuzendariaren begiradak ondutako istorioa baita. Eta horrek eman dio, halaber, historian bigarrenez emakume batek jasotzea zuzendari onena saria (93 ekitalditatik!). Bigarren emakumea eta, AEBetako zuzentasunaren ikuspegitik, «koloredun» lehen emakumea, hau da, «first woman of color». Ez dakit BERRIA-ko zuzentzaileek zelan ebatziko luketen color hori: badakigu sarritan beltz ez esateko eufemismoa dela, baina testuinguru honetan esangura berezia hartzen du. Chloe Zhaoren kolorea ez baita beltza, are gehiago, BERRIA-ko irakurle gehienen zuritasun berbera duela esango nuke... edo AEBetan zuritzat hartzen denaren ikuspegi berbera. Baina zuri, orduan, europar jatorriko pertsona zehatz batzuentzat erreserbatzen da, eta ondorioz, kolorea ez-europar izendatzeko da.
Ia 250 urte independente direla Ipar Amerikan, eta europartasunak baldintzatzen du oraindik nortasuna. Bestalde, ez ote da hori ere gure artean zabaldu den -espainieraren bidez, ohi bezala, ezin sekula zuzenean mailegatu-, arrazializatu berbak ezkutatzen duena? Gu omen garen hori ez den beste edozein lagun izendatzeko baliatzen dena, beste esan gabe, baina beste esateko erabiliko genukeen marra berbera marraztuz lurrean? Eta noski, beste esaten duenak, gu zer garen ere definitzen du.
Oscar sariek ematen duten bultzadarekin gertatu ohi denez, Hego Euskal Herriko areto askotan dago ikusgai egunotan, hiriburuetan ez eze, Agurain, Leioa, Portugalete, Uharte, Getxo, Barakaldo, Errenteria, Igorre, Ordizia eta Irun ere ikusi ditut zinema karteldegian. Gehienek goraipatu eta beste batzuei bat ere gustatu ez zaien filma da Nomadland, gutxi geratu dira erdibidean. Erritmoa, bidaia, Frances McDormanden antzezpena, AEBetako errealitate bat gordin erakustea... Hainbat elementu aipatuko dituzte aretotik irteten direnek. Baina horietako inork ere ez du nabarmenduko euskaldunek ez dutela filma aretoan ikusterik, euskara ahaztuta espainolezko bikoizketan murgildu behar direla aipaturiko herrietan, euskaldunenetik erdaldunenera.
Inork ez duela aipatuko esan dut, eta ez da erabateko egia. Ibon Iza adiskideak bota du txioa, Bobby el Erizo eta Nomadland-en kartelekin osatutako argazkiarekin: «Hau da astebururako Igorren daukagun zinema eskaintza. Bobby trikua izatea gura genuke, eta Nomadland @urtziurruti-ren azpidatziekin. Hain zaila al da?». Badakit, ez da dotorea artikuluan norberari aipu egitea, baina eman lizentzia oraingoan, Iboni eskerrak bidaltzeaz bat.
Erronka jarri nion neure buruari, baietz euskaratu filma Oscarretan saritzen zutenerako. Biharamunerako Euskal Encodings egiten duten jende zoragarriek azpidatzi horiekin filmaren artxiboa zeukaten prest. Isilpeko lana da, noski, klandestinoa, pirata, hala nahi baduzue. Gure hizkuntzaren aldeko ekimenak hainbeste aldiz izan diren modura.
Iaz Parasite saritu zutenerako, Bizkarroiak euskaratuta zegoen, nahi zuenarentzat ikusgai. Berdin Jojo Rabbit eta beste hainbat film. Aurten Nomadland euskaratzeko lana hartu dut, baina hori denei ikusgai jartzeko lana beste batzuek egin dute, isilpean, legez kanpo, baina euskaraz. Inoren diru laguntza edo babesik gabe, udalik euskaltzale edo independentistenaren aretoetan ere erakutsiko ez dutela jakinik, baina bidea ere egiten ari direla ohartuta. Zenbait ikastetxetako irakasle, gutxi oraindik, hasi dira material hori erabiltzen ikasleekin. Legez kanpokoa, gure hizkuntzaren historian beste hainbatetan izan den legez. Astelehenean Nomadland-en bertsioa sarera igo zutenetik, beste hiru film gehiago jarri ditu Euskal Encodingsek.
Lehen ere esana dugu: kezka handia dago munduko hainbat lekutan, Kataluniatik Islandiara, zinema eta telebista eredu berriek hizkuntzengan izan dezaketen eraginagatik. Disney + katea Nomadland iragartzeko kanpaina betean da. Urteetan egindako lana hankaz gora jartzen dute film eta telesail arrakastatsuenak hizkuntza handietan baino emititzen ez dituzten plataformek. Baina aurkakoa lortzeko ere balio lezakete, etengabean gure hizkuntza itotzen eta higatzen duen hizkuntza horren aurrean ahalduntzeko. Plataforma handiek nahi ez badute, itzulpen klandestinoekin izan beharko du, desobedientziatik, baina euskaraz bizi nahi duten guztien babesarekin beharko luke, halaber. Horrela heldu gara XXI. menderaino, azken batean, Hollywoodeko distirarik gabe, aterperik gabeko nomaden gisan.
LEKU-LEKUTAN
Nomadak euskaraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu