«No feelings on business», erantzuten zuen kurdu batek, galdetzen ziotenean ea nolatan egiten zituen negozioak turkiar batekin; hau da, sentimendurik ez diru kontuetan. New Yorken esaten zuen hori, Central Parken, non eta Trump Dorrearen gerizpean. Hain zuzen, Donald Trumpek berriro erakutsi du bost axola zaizkiola giza eskubideak eta pertsonen duintasuna bere negozioak tartean direnean.
Higiezinena da AEBetako presidentearen negozio lerroetako bat, eta disimulurik gabe atzo adierazi zuen, Benjamin Netanyahuren aurrean, Gaza hustu asmo duela, handik kanporatu nahi dituela palestinarrak, han «munduko jendea» bizi dadin. Mediterraneo itsasoa, eguzkia... «Ekialde Hurbileko Riviera. Hori bikaina litzateke». Lerdea dariola Etxe Zuriko maizterra, kutxa erregistratzailearen hotsa imajinatuz. Haren suhi Yared Kushnerrek duela hilabete batzuk jada esan zuen Gazak potentziala zuela «leku baliotsua» izateko, eta eremua «garbitzeko» eskatu zuen. Jarri dolar billeteak begi ninien lekuan.
Esaten du gerrak amaituko dituela. «It is not my business». Baina inporta zaizkio, bai, baldin eta bere mesederako baliatzen baditu. Ukrainakoa, esaterako. Badaki Ukrainak lur arraro asko dituela, eta argi eta garbi esan zion atzo Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari: eman iezaguzu lur horien kontrola, nahi baldin baduzu AEBek jarraitzea Ukraina militarki laguntzen. Izan ere, lur arraroak ezinbestekoak dira teknologia berriak garatzeko. Eta Zelenskik baietz erantzun dio, prest dagoela. Negozioa non, Trump han, beraz.