Lluis Puig.
Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa. IRITZIA

Nire izenean ez

2019ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
«Estualdiek biziagotu egiten dituzte gizonak», Chateaubriand (Mémoires d'outre-tombe, Hilobiaz haraindiko oroitzapenak)

Asteartean, 2019ko otsailaren 12an, epaiketa doilor bat hasi da. Platonena omen da postulatu hau: «Injustiziarik makurrena, justizia itxurakoa». Se non è vero, è ben trovato, zeren eta itxurakeria besterik ez baita auzi horrekin hasi dena; hilabeteetan prestatu dute, eta dudarik ez dut epaia idatzia dagoela jadanik. Auzi horretan, batekoek eta bestekoek aztertuak eta ikertuak izango dira gure kide Carme, Dolors, Jordi Sanchez, Jordi Cuixart, Jordi Turull, Josep, Oriol, Quim eta Raul. Bermerik gabe ikertuak izango dira, inondik ere. Gainera, batzuek urtebete baino gehiago daramate espetxean, batere arrazoirik gabeko kartzelaldi prebentiboa dela medio; ezarriko dieten kondena betearazteko modu krudela da, oroz gain.

Jarrera guztiak ez datoz bat epaiketari aurre egiteko moldean. Errespetatu beharra daukat, beste ezeren gainetik, nire kide eta adiskide maiteen irizpidea: pentsatzen dute egokiera ona dela erakusteko zer gertatu zen egiatan Katalunian 2017ko udazkenean. Ez zen inolako matxinadarik edo sediziorik izan, ezta halakorik lortzeko konspiraziorik ere. Aitzitik, izan zen, hori bai, erabakimen kolektiboz, duintasunez eta konpromisoz osaturiko ekintza aitzakiagabea, gure geroa bakean eta demokratikoki erabaki ahal izatearen aldekoa. Hauxe da nire euskal herri maiteari gaur eta hemen igorri nahi diodan mezurik iraultzaileena: herritarren %80 daude autodeterminazio erreferendum batean botoa ematearen alde, eta horrek argiro erakusten du zein den Kataluniako gehienen borondatea: gure etorkizun kolektiboaren lema hartzea, garen gizarte heldu eta eboluzionatu honi dagozkion konpromisoak geure egitea. Dena dela, itun bat, akordio bat eskatzen dugunean konstituzioak lehendik ere egiten uzten diguna moldatu ahal izateko, bada, orduan harresiak eta gela itxiak aurkitzen ditugu, eta, batik bat, beldurra, ikaragarrizko beldurra.

Asteburu honetan, oroimen faltaren irudia ikusi dugu, eta konplexurik gabe ultra gisa ageri den eskuin bat, argi eta garbi eginez Sanchezen gobernu ez oso efikazaren kontra, eta mendekuzko aldarte oldarkor neurrigabea erakutsiz prozesismoaren inguruan. «Ekin gogor haiei» dioen Espainia hori erakuskerian ibili da Kataluniako independentismoaren buruen epaiketa hasi baino ordu bat lehenago. Erantzun gisa, bortxazko erbestetik, Generalitateko gure 130. presidenteak, Carles Puigdemontek, mobilizaziorako deia egin du, ez bakarrik gure babesa adierazteko preso politikoei eta erbesteratuei, baita, batez ere, aurrera egiteko eskubide eta askatasun kolektiboen alde bakean eta demokratikoki elkarrekin hasi genuen bidean.

Igandean Madrilgo manifestazioan bota zituzten leloen oinarrian bazterketa, eskarnioa, gorrotoa eta, kazetaritzako triada unionistak irakurritako manifestuak erakutsi duenez, faltsukeria zegoen, eta, hori gogoan, hauxe esan behar diet igandean Madrilen manifestatu ziren borondate oneko pertsona ugariei: nire izenean ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.