Hilabete beteko da, egunero-egunero, Europako Batasuneko herrialderen batean nekazariek protestak egiten dituztela. Beti berandu dabilen Europar Batzordea, oraingoan, azkar mugitu da, eta nekazarien haserreari aurre egin nahian, behin-behineko neurriak hartzen hasi da; azken erabakia izan da 2030erako pestiziden erabilera erdira murrizteko proposamena baztertzea, eta nekazarien kezkak oinarri hartuta proposamen berri bat prestatzeko agindua. 2040rako berotegi gasak murrizteko Batzordearen proposamen berrian ere, nekazarien haserrea handitu dezaketen neurri batzuek kendu egin dituzte dokumentutik.
Inkesten arabera, Europako Parlamentuko ekaineko hauteskundeei begira eskuin muturreko alderdiak indartsu daude. Indar horren zati bat nekazarien protesten erabileratik ateratzen ari dira, eta, hein handi batean, hori izan da Batzordearen erabakien atzean dauden arrazoietako bat; baina ez bakarra. Bruselan, azkenean, konturatu dira ingurumenarekin lotutako azken neurriekin goia jo duela nekazaritzaren krisi iraunkorrak.
Nekazarien protestak Nekazaritza Politika Bateratua bezain zaharrak dira. Azken hamarkadetako protestei aurre egiteko, Europako Batasunak hamaika erreforma egin ditu. Erreforma horiek protesta gehiago ekarri dituzte. Horrela, erreforma-protesta zirkulu amaigabean gaude 1962. urtean lehen nekazaritza politika komunaren lehen erreforma adostu zutenetik.
Horrekin batera, 2013az geroztik, lehen sektoreari eskaera berriak egin zaizkio Bruselatik klima aldaketari aurre egiteko politiken harira; nitrato eta metano emisioak murriztu beharra, biodibertsitatea babesteko lan egiteko moduak saritzea, nekazaritza ekologiko egiten duten lur zailak gehitzeko pizgarriak ematea... Diru laguntzen zati bat trantsizio berderako bideratu da, eta, horrekin batera, diru laguntza horiek eskatzeko prozedura burokratikoak handitu egin dira.
2050erako Europako Batasunak neutraltasun klimatikoa lortzea du helburu. Horretarako, ekonomiaren sektore guztiek trantsizioa ekologikoa egin behar dute. Gehien kutsatzen duten sektoreak energia, garraioa, etxebizitzak eta sektore komertziala dira. Lehen sektorea bosgarren tokian dago, emisioen %10arekin.
Nekazaritzaren arazoak Europako Batasunean dauden nekazaritza eta abeltzain ereduak bezain anitzak dira. Ez dago guztien arazoei erantzuteko konponbide bakar komunik.
Autogintzaren edo sektore energetikoaren protesten eta presioen aurrean, Europako Batasunak hainbat lege malgutu ditu, tartean Euro 7 araudia edo energia nuklearra energia berdeen zerrendan sartzea. Nekazarientzat ere neurriak malgutzea ezinbestekoa da, eraldaketa ekologikoaren bidean sektorea atzean geratu ez dadin eta krisiak sektorearen amaiera ekar ez dezan.
Azken urteotan, berotegi efektua eragiten duten gasak nabarmen murriztu dituzte nekazaritzak eta abeltzaintzak; 1990 eta 2017 bitartean %19 murriztu zituzten, hain zuzen ere. Aldi bereran, Europako Batasunetik gutxitzen joan dira nekazaritzarentzako diru laguntzak: esaterako,1980. urtean nekazaritzak Europako Batasuneko aurrekontuaren %66 suposatzen zuen, azken aurrekontuan (2021-2027) % 31koa da.
Nekazaritzaren arazoak Europako Batasunean dauden nekazaritza eta abeltzain ereduak bezain anitzak dira. Ez dago guztien arazoei erantzuteko konponbide bakar komunik. Errumanian urteko 8.000 euro irabazten dituen baserritar xumeak eta Herbehereetan punta-puntako teknologia erabiliz 60.000 euro irabazten dituenak behar eta arazo desberdinak dituzte.
Nekazaritza Politika Bateratua berriro erreformatu behar da: araua komunak mantenduz kudeaketa deszentralizatu eta tokian tokiko baserritarren beharrei tokian tokiko neurriekin erantzuteko. Merkataritza akordioetan beti egoten da, bi aldeetan, kalteak jasango dituen sektore bat, baina kaltetutako sektorea ez litzateke beti sektore bera izan behar.
Ekaineko Europako Parlamenturako hauteskundeetatik aterako den Europako Batzorde berriari egokitu zaio nekazaritzaren krisiari aurre egiteko behin betiko erabakiak hartzea eta erreforma-protesta zirkuluarekin apurtzen beste saiakera bat egitea.