Ane irazabal
Leku-lekutan

Nahitako ahanztura

2024ko maiatzaren 12a
05:10
Entzun

Reischtagen eraikinak garai historiko ezberdinez osatutako puzzle edo matrioxka antzeko bat dirudi. Dagoeneko ez da apenas ezer geratzen 1933ko otsailaren 27ko sutearen aurretiko diseinuaz. Adolf Hitlerrek behin bakarrik bisitatu zuen parlamentua, zeharo kiskalduta geratu zela ziurtatzeko, eta, une hartatik aurrera, eskubide demokratiko guztiak akabatu zituen. Parlamentu kiskaldua metafora hutsa bilakatu zen urte luzez. Bigarren Mundu Gerran, berriz, aliatuen bonbardaketek biziki kaltetu zuten, baina ez suntsitu. Hondakinez betetako eraikin ahaztu bat zen, Alemaniako hiriburua askatu zuen armada gorriak garaipenaren bandera bertako teilatuan altxatu zuen arte.

Evgueni Jaldei argazkilari errusiar-juduaren irudi ikonikoa gerra propagandaren sinbolorik ezagunenetako bilakatu zen geroztik. Garai horretan, soldadu sobietarrek beren arrastoak utzi zituzten. Pareta batean oroimen gisa gordetzen dira haien inskripzioak. Besteak beste, soldadu ukrainarrak eta georgiarrak zeudela atzeman daiteke, idazkietan georgiar alfabetoa eta zirilikoa erabili zituztelako. Hitzen artean «Kiev» eta «Michail» irakur daitezke.

Egunotan Bigarren Mundu Gerraren amaiera, nazien porrota eta Europako Batasunari hasiera eman zion Schuman Adierazpena ospatzen ari gara kontinente zaharrean, eta atentzio handia ematen du isilean gordetzen ari direla historiaren pasarte asko; batzuen eta besteen intereserako. Alemaniaren eta Errusiaren arteko harreman politikoak eta ekonomikoak bere garairik okerrenean daude, hainbat hamarkadatako Ostpolitik estrategiaren ostean, alegia, Ekialdearekin harreman sareak zaintzeko egin zen ahaleginaren ondotik.

Politikoki, Alemaniak AEB Ameriketako Estatu Batuen eta NATO Ipar Atlantikoko Erakundearen esku utzi du bere defentsa ziurtatzeko enkargua, baina, aldi berean, azken hamarkadetan, Errusia eta Txina izan dira Berlinen sozio komertzial pribilegiatuenak. Alemaniak bere interesen arabera zaindu ditu mendebaldea eta ekialdea. Ezaguna da Errusiatik gas merkea inportatzea helburu zuen Nord Stream 2 gasbide berriaren eraikuntzak mendebaldeko aliatuen artean sortu zuen haserrea, baina Merkelek sutsuki defendatu zuen.

Helburua zen ekoizpen industriala herrialdearen barnean mantentzea, soldata handiekin, eta horretarako beharrezkoa zen makineria guztia gas merkez hornitzea. Edonola ere, azken bi urteetan sistema hori desegin egin da eta Errusiarekiko tentsioa izugarri areagotu. Horregatik, agian, egunotan batzuek ez dute gogoratu nahi armada gorriak Berlinen askapenean izan zuen rola.

Bestetik, nazien porrotak eta Alemaniak denbora luzean egin duen memoria historikorako esfortzuak gutxirako balio izan duela dirudi. Eskuin muturrak bizi duen gorakada geldiezinak alarma guztiak piztu ditu herrialdean. Europako Parlamenturako hauteskundeetarako kanpaina betean, hainbat politikari alemaniarrek erasoak jasan dituzte eskuin muturreko taldeen eskutik. Ekialdeko hiri edo udalerri txikietan erregistratzen ari dira eraso gehienak, alegia, AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarraren gotorleku bilakatu diren eremuetan.

Barne Ministerioak emandako datuen arabera, iaz politikarien kontrako erasoak %50 ugaritu ziren Alemanian. Soilik azken astean hiru eraso salatu dira, bi alderdi sozialdemokratako hautagaien aurka eta beste bat Berdeen kontrakoa. Bi kasutan kartelak pegatzen ari ziren Dresden hirian eta, ondorioz, beren ekitaldiak bertan behera utzi behar izan dituzte. Udalerri txiki askotako alkateek salatu dute intimidazio kanpainen biktimak izaten ari direla. Berlin kosmopolitatik ordubetera, errealitate arduragarriak erregistratu dituzte azkenaldian. Eguneroko indarkeria da, ia ikusezina, eta tamalez herritar askok normalizatu egin dutena.

Datorren irailean bozak egingo dituzte Turingia, Saxonia eta Brandenburgo landerretan, eta inkestek AfDren garaipen osoa aurreikusten dute. Alemania bere eredu politikoa eta ekonomikoa berregituratzen ari den bitartean, ultraeskuinaren aurkako babes hesiaren amaieraren testigu izaten ari gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.