Olatz Arrieta
Leku-lekutan

Nahitako edo nahi gabeko gerra bat

2024ko irailaren 22a
05:05
Entzun

745 biztanle ditu Letoniako Gaigalava herriak, eta hara iritsi da Iranen egindako gerra drone bat. Burdinazko txoriak lehergailua zeraman, baina indargabetu egin dute, eta ez du kalterik eragin. Letoniako Gobernuaren arabera, Errusiatik Ukrainaren aurka jaurtitako dronea da, baina huts egin eta gero, nahi gabe, Bielorrusian barrena sartu da mugatik 85 kilometrora dagoen herrian, Gaigalavan.

Letoniako ordezkari militarrek NATOri eman diote, berehala, gertaeraren berri, dronea Errusiak nahita bidalitakoa ez dela izan azpimarratuta. Nahita edo nahi gabe. Hitzen aukeraketa erabakigarria da Ukrainako gerra Europan zabalduko den ala ez erabakitzeko. Dotrina ofizialaren arabera, NATOko lurraldera nahi gabe Errusiaren armak sartzea akats militarra da, baina nahita jaurtitzea erantzun beharreko eraso militar zuzena litzateke NATOrentzat.

Orain dela egun batzuk, Moskun, Ukrainatik bidalitako Mendebaldeko teknologiarekin egindako drone batek emakume bat hil zuen, eta hainbat eraikin hondatu zituen. Nahita egindakoa dirudien erasoari garrantzia kendu dio Errusiako Gobernuak, herritarrak ez izutzeko.

(ID_14262236) RUSSIA UKRAINE CONFLICT
Errusiako armadako bi soldadu eraso bat egiten zehaztu gabeko leku batean, irailaren 17an. EFE

«Erasoren bat nahita izan bada ere, hobe nahi gabe izan dela esatea». Esaldi hori gai militarretan aritzen den aditu bati entzun nion Ukrainako inbasioa hasi zen urtean. Antza, inork ez omen du nahi gerra zabaltzerik. Ez NATOk, ezta Errusiak ere. Aliantza Atlantikoaren egoitzan, Bruselan, Errusiako aginte militarrarekin zuzenean komunikatzeko sistema daukate krisi uneetan, droneak eta beste arma batzuk iristen direnean gaizki-ulertuak ondo argitzeko. Pentsatu nahi dut Ukrainaren kontra zuzendutako erasoak NATOren lurraldera iristen direnean «nahi gabe izan da, ezta?» galdetuko duela Pentagonoko militarren batek. Eta Moskun dagoen soldaduak «bai, noski» erantzungo diola, auzia itxita utziz. Gerra Hotzaren garaian, telefono gorriarekin egiten zuten nahita edo nahi gabe izan den galdetzeko komunikazioa: Orain, baina, Washingtonen eta Moskuren arteko zuzeneko komunikazioan ez dago telefonorik, ordenagailuz komunikatzen dira bi aldeak, idatziz, mezua argi gera dadin.

Dronea noiz eta nola erabili gizakiek erabakitzen dute, batez ere. Laster, ordea, adimen artifizialaren esku utziko dute erabakia gerraren alde batean, baita bestean ere.

Dronea noiz eta nola erabili gizakiek erabakitzen dute, batez ere. Laster, ordea, adimen artifizialaren esku utziko dute erabakia gerraren alde batean, baita bestean ere. Itxaropena daukat hori gertatu aurretik Ukrainako gerra amaitu egingo dela eta ez dugula Europa mailako gerra klasikorik izango. Beste gerra mota, hibridoa, jada bete-betean daukagu Europan: azpiegituretan sabotajeak egiten ari dira, eta desinformazio kanpainak erraldoiak dira, nahita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.