Olatz Urkia

Mundu multipolarra bidean

2025eko apirilaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Azken egunotan Trumpen zerga ekonomikoen loterian Txinarentzat izan dira zerga gogorrenak, orain %146ean daude, eta Txina izan da AEB Ameriketako Estatu Batuei gogor erantzun dien bakarra ere. Horrela, munduko lehen bi potentziak amaigabea dirudien tirabira batean sartu dira. AEBetako presidenteak Pekin presionatu nahian Txinako produktuentzako zergak gehiago igo dituen bakoitzean, Pekinek segituan erantzun du, Ameriketako Estatu Batuetako produktuentzat zergak igoz. Ursula von der Leyenek saiakera egin du eta Pekini telefonoz eskatu dio tentsioaren areagotzea geldiarazi dezala, baina Pekinek bere estrategia du eta bide horretatik jarraituko duela dirudi.

Txina eta AEBen arteko tentsio komertziala ez da gauza berria, eta Asiako potentzia orain prestatuago dago egoera horri aurre egiteko, Trumpen lehen agintaldian baino. Egunotako iragarpen eta erasoen artean xehetasun txikietan ere sumatu da indar oreka hori: Trumpek denak berarekin negoziatzeko irrikaz daudela harro esan duen arren, Pekinek kontrako sentsazioa eman du, eta pixkanaka hasi da Etxe Zuria Xiri gerturatzeko lehen pausoa eman dezala eskatzen.

Mezu bikoitza

Trumpek egin duen agerraldi bakoitzean aipatu du Txina, eta argi dago hura dela bere arerio nagusia: gainontzekoentzat zergen 90 eguneko etena iragarri duenean, aldi berean Txinarentzat gehiago igo ditu zergak, %146era. Hasiera batean esan du «Txinatarrek negoziatu nahi» dutela baina «harroak direlako nola hasi» ez dakitela, baina pixkanaka, oso zeharka hasi da Xiren deia eskatzen. Ez du izan nahi pausoa ematen duen lehena, baina deiaren zain dagoela, «Xi Jinping munduko gizon adimentsuenetakoa» dela, «akordio batera iristeko gai» izango direla esaten hasi da, poliki-poliki.

Txinak, aldiz, aurkako jarrera izan du: argi eta garbi esan du ez duela gerra komertzialik nahi, baina aldi berean irmo mantendu da Trumpen eraso berrien aurrean. Pekinek egunotan tentsioaren erdian ere protekzionismoaren aurkako deia egiten jarraitu du: haren arabera, munduko ekonomia garatzen jarraitzeko bide bakarra herrialdeen arteko elkarlana da. Txinako Atzerri Ministerioak adierazi du ez duela AEBekin gerra komertzialik nahi, baina aldi berean argi utzi dute ez dutela Trumpena bezalako jarrerarik onartuko, eta Estatu Batuetako presidentea egunero Txina aipatzen ibili denean, Xi Jinpingek gobernuarekin izan duen bilkuran ez du munduko lehen potentzia aipatu ere egin.

Pekinek, egoera aprobetxatuz, herrialde bizilagunei elkarlana estutzeko deia egin die. Xi Jinpingek adierazi du «Txinak inguruko herrialdeei lagundu behar diela, beraien kabuz garatzeko modua aurkitu dezaten». Argi eta garbi esan ez duen arren, Asiako herrialde txikiagoez ari da. Adibidez, Kanbodia edo Vietnam bezalako herrialdeetan zergek kezka handia sortu dute. Vietnamen kasuan, AEBekiko menpekotasun handia du: haren esportazioen %30 munduko lehen potentziara doa, eta salmenta horiek Asiako herrialdearen barne produktu gordinaren %30 dira. Txinak Asiako gainontzeko herriak Trumpi aurre egitera animatu dituen arren, gehienak beldurtu eta segituan Ameriketako Estatu Batuetako presidentearekin negoziatzen amaitu dute, baina adituen arabera, epe ertainera, Trumpek agintaldia hasi bezain laster sortu duen nahasmena ikusiz, horrelako aukera gehiago edukiko ditu Txinak munduko lehen potentziaren aurkako frontea sendotzeko.

Poliki eraiki den indarra

Txinak horrela erantzunda, argi ikusi da indartsu sentitzen dela, eta horretarako arrazoi zehatzak ditu. Alde batetik, egoera hau ez da berria, eta Trumpek bere lehen agintaldian Txinarekin gerra komertziala hasi zuenetik Pekinek denbora izan du prestatzeko. Orain Txinak Estatu Batuekiko duen menpekotasuna lehen baino txikiagoa da: mundu osora egiten dituen esportazioetatik %14 bakarrik doaz AEBetara; 2018an, adibidez, altuagoak ziren zifrak eta orduan AEBetara egiten ziren esportazioak Txinako barne produktu gordinaren %2,5 ziren; orain, aldiz, zifra hori erdira jaitsi da. Azken urteotan Txinak barne kontsumoaren aldeko apustua egin du eta hain da merkatu handia, non ondo moldatu daitezkeen; gainera, merkatuak ere dibertsifikatu ditu. Aldiz, Txinak min handia egin diezaioke AEBetako ekonomiari, besteak beste, Txina delako Japoniaren atzetik Ameriketako Estatu Batuen zorra erosi duen bigarren herrialdea: horrek botere desegonkortzailea ematen dio munduko lehen potentziaren parean.

Egunotan Trumpen zigorrak albiste nagusi direnean, Txinan lasaitasuna sumatzen da; sare sozialetan eta kalean galdetuta, herritarrek Txinaren autonomian konfiantza adierazten dute, eta egoera honetatik AEBak ahuldu eta Asiako potentzia aldiz indartsu aterako dela da sentsazio orokorra. Asiako burtsek ere astelehenean gerra komertziala dela-eta erorketa handiak izan ondoren, azken egunotan errekuperatu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.