Indian atzo amaitu zuten lehen ministroa hautatzeko hauteskundeen azken fasea. Munduko hauteskunderik handienak diren hauetan, ia mila milioi pertsona egon dira bozkatzera deituak, eta zazpi fasetan egin da prozesua, hilabete baino gehiagoko iraupenarekin. Berez, hauteskunde hauetan herritarrek parlamentuaren behe ganberako ordezkariak hautatzen dituzte, eta horiek ondoren aukeratzen dute lehen ministroa; hala ere, bozkalekuetara gerturatzean, herritar bakoitzak egin behar duen aukera, berez, Narendra Modirekin jarraitu nahi duen edo ez da.
Hautagaiek, beren burua aurkeztean, hasieratik argi uzten dutena da Modiren aldekoak diren edo ez, eta berarekin kritikoak direnek hauteskunde hauetan lehiatzeko oztopoak jasan dituztela salatzen dute. Dagoeneko bi agintaldi bete dituen lehen ministroak aspalditik prestatu du bidea hauteskunde hauek berriz irabazteko, eta datorren asteartean argitaratuko dituzten emaitzetan ez da sorpresa handirik espero: irabazlea nor den aurreikusten duten bost agentzia nagusietatik lauren arabera, Modiren alderdiak gutxienez 300 eserleku lortuko ditu, gobernua osatzeko behar dituen 272ak baino gehiago.
Hinduismo nazionalista hartzen ari den indarra
Larunbatean bozkatzeko txanda izan duten hainbat eremuren artean, horietako bat Varanasi hiria izan da, Modiren faboritoa, hinduismoaren jaiolekua, hiri sakratutzat daukatena. Varanasiko kaleetan sumatzen da gehienen erlijioak bertan duen indar berezia. Edonon daude tenpluak, biztanleen erdiek daramate Modiren alderdiaren laranja kolorea eta tenpluari eguneroko bisita egin diotela erakusten duen zeinua kopetan.
Hirian gutxiengoa diren arren, ikusten dira musulmanak ere; hori bai, bi meskita nagusiak kontrolpean daude, poliziaz inguratuta eta edozein unetan botako dituzten beldur dira Varanasiko musulmanak. Oposizioak salatzen du Modirekin Indian gutxiengo erlijiosoak gero eta diskriminazio handiagoa jasaten ari direla, eta lehen ministroak bere muturreko ideia hinduekin indarra ematen diela. Azken urteotan auzo musulmanetan ohikoak bihurtu dira erradikal hinduen erasoak, eta Poliziak ezer gutxi egiten du biktimak babesteko.
Meskitak botatzea ohiko erasoa bihurtu dela salatzen dute. Prozesua antzekoa izaten da: segurtasun neurriak betetzen ez dituela argudiatuta eta abisu zehatzik eman gabe polizia meskitetan agertu eta hondeamakinekin eraikin historikoak egun batetik bestera suntsitzen dituzte. Hain ohikoa bihurtu da, izena ere eman diote: «hondeamakinen politika».
Eta Modik bere hitzaldietan izen hori erabiltzen du. Bere jarraitzaileei Varanasin galdetuta Indian guztiak berez hinduak direla defendatzen dute, herrialdeko aniztasun horren guztiaren oinarrian atzerritik Indiak jasan dituen inbasioak besterik ez dagoela.
Promes sinbolikoak
Modirekin kritikoak direnek salatzen dute azken urteotan Indian gizartea asko zatitu dela. Varanasin ere hori nabaritzen da, eta ez soilik erlijio desberdinen artean, hinduen artean ere bai. Kale zaratatsuetan jendeari iritzia galdetuta, segituan ikusleak gerturatu eta eztabaida sutsuak sortzen dira.
Muturreko hinduistek Modiren diskurtsoa errepikatu eta lehen ministroa jainko bat balitz bezala hitz egiten dute: Indian urte gutxian lortu duen garapena berak bakarrik lortu zezakeela, ez Indiak bakarrik, mundu osoak Modi behar duela, ezin dela beste pertsonekin alderatu, lehen ministroak ez duelako beregan pentsatzen, bere bizitzan guztia Indiarentzat egiten duela. Beste gizon hindu bat hori entzunda haserretu egiten da, eta argudiatzen du Modik agintzen duen guztia sinbolikoa dela, erlijioan jartzen duela arreta, ez egunerokotasunean, Varanasin ingurura begiratzea besterik ez dagoela pobrezia edonon ikusteko.
Oposiziokoek salatzen dute lehen ministroak, gutxiengoak baztertzeaz gain, desberdintasun soziala areagotu duela, eta, adibidez, Indiako kasten sistema gatazkatsua behingoz amaitzeko proposamen konkretuak egin dituzte: beraiek irabazi ezkero lanpostu publikoen erdia kasta baxuetakoentzat emango dituztela agindu dute. Herrialdeko aniztasuna babestuko dutela ere ziurtatu dute, besteak beste hindi hizkuntza herrialde osoan nahitaezko egitea eragotziz.
Lehen ministroa hirugarren agintaldi batez geratu ezkero, Indian demokrazia arriskuan dagoela salatzen dute, eta hauteskunde hauetan ahal duten guztia egiten ari dira Modi geldiarazteko. 37 alderdi minoritario elkartuz oposizioak koalizio handia sortu du. Hala ere, inkesten arabera, datorren asteartean emaitza ofizialak jakinaraztean, ez da sorpresarik izango, eta Indiak nazionalismo hinduaren bidetik jarraituko du.