Libian egiten ari den esku hartze militarrari eutsiko dio NATOk Gaddafi boteretik kendu eta gero, erakunde militarrak atzo jakinarazi zuenez. Mendebaldeko potentzien erasoak bere horretan segituko du, herrialdean «mehatxurik den bitartean». Kolonialismo politiko-ekonomikoak ez du lana amaitu, antza. Reuters agentziak hedatu duenez, egoera berriak «esperantza» piztu du petrolio enpresa handien artean —Frantziako Total eta Italiako ENI, besteak beste—. Astelehenean NATOren bonbek horien kotizazioa hobetu zuten burtsan: ENIren akzioak %6,33 igo ziren Milanen. Paris eta Erroma matxinoekin ari dira hizketan urre beltzaren kudeaketari buruz. Gaddafi erori egingo da. Ospakizunetako sua prest dago Milango aldarean.
Libiako erasoa Magrebeko erreboltei lotu nahi izan diete batzuek. Hala ere, ez du zer ikusi handirik harekin. Tunisian eta Egipton herri errebolta izan zen, armarik gabea, kanpoko esku-hartzerik gabea, zuzenean behintzat. Arnasa berria. Libian, aldiz, ondo hornitu eta armatutako matxinoek piztu zuten sua. Ez omen zuten NATOko troparik nahi, euren irudiari kalterik ez egiteko Libiako herritarren artean. NATOko soldaduek ez dute lurralde libiarra zapaldu; bonbek, ordea, bai. Azken bost hilabetean 19.877 aire eraso egin ditu aliantzak Libian, hark berak emaniko datuen arabera. Horrek ondorio latzak utzi ditu, azkena hilaren 9an, Zliten herrian. Bertan 85 herritar hil zituzten bonbek: 33 ume, 32 emakume eta 20 gizon. Zibilak babestu? Zibilak hil matxinoak indartzeko.
Berlusconirekin eta Sakozyrekin egindako argazki ez hain zaharretan ikusi dugu Gaddafi egunotan. Nork erabaki du hura kendu behar dela? Zergatik orain? Magrebeko matxinaden aitzakiak testuinguru ezin hobea eskaini die Libiako matxinoei altxatzeko, eta Mendebaldeari horiei laguntzeko, domino efektua baliatuz. Abagune hori gabe askoz zailagoa izango zuen oposizio ahulak aurrera egitea. Bestalde, Mendebaldeak ez zuen alternatiba argirik ikusten Gaddafiren ondoren, Tripoliko megalomanoaren seme nagusiak boterea hartzea ez bazen. Diktadura hereditarioa eragotzi beharra zegoen, Sirian gertatu zena saihesteko: aitaren semeak boterea hartu eta status quo-ak, Mendebaldearen aldekoa ez denak, beste hamarkada batzuetan irautea —Saudi Arabian ere diktadura hereditarioa dugu, baina ez da horren kontrako erreboltarik babestuko—. Gaddafiren kontrako erasoaz mezua igorri diote Siriari —Israelen arerio nagusietakoa Ekialde Hurbilean—. Izan ere, Bashar al Assad tiranoa izango da, baina itsua izan behar da Siriako errebolten atzean Mendebaldearen atzaparrak ez ikusteko.
Afganistan, Irak... Gerra hasi eta gerra amaitu ez, ofizialki amaitutzat jo arren. Orain Libiaren txanda da. Mehatxuei buruz hitz egin du NATOk, baina NATO bera ez al da mehatxua?
Protestak herrialde arabiarretan. Libia. Analisia
Miraria Milanen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu