Alemaniako hauteskundeetako emaitzaren lehen erreakzioetako bat Donald Trumpen hatzetatik iritsi zen. Berak, edo txioak idazten dizkionak, Truth Social sare soziala erabili zuen Alemaniako «kontserbadoreak» zoriontzeko hauteskundeak irabazteagatik, eta, noski, bere burua txalotzeko hori gertatzeagatik.
Agian okerrekoa zoriondu zuen AEBetako presidenteak, baina zuzen dabil, ordea, bere adierazpen nagusian: FDP liberala hondoratu arren, eskuineko hiru alderdi nagusien botoak 7,7 puntu igo dira, %53,2raino. Haien artetik irtengo da kantziler berria, Friedrich Merz (CDU-CSU batasuna). Baina agian Trump ez da hain gustura izango garaipen horrek ekar dezakeen emaitza guztien inguruan.
Izan ere, hauteskunde gauean bertan Merzek adierazi zuen bazela garaia Europak bere «independentzia» berreskuratzeko eta AEBen aterkipean egoteari uzteko. «Argi dago estatubatuarrei, bederen oraingo administrazioari, bost axola zaiola Europaren patua».
Antzeko adierazpenak egin izan ditu aurretik Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, baina harridura pixka bat sortu zuen Merzek ere hori esatea, Alemaniako buruzagi politikoen artean hark erakusten baitzuen gertutasun handien AEBekiko. «Ez nuen uste halako zerbait esan behar nuenik inoiz telebistan», aitortu zuen.

Adierazpen horrek bi gauza esan nahi ditu. Batetik, Europako Batasunak ekimena berreskuratu nahi duen beste buruzagi bat izango duela, eta horren behar handia du, alde batetik eta bestetik erreakzionatzeko garaia duelako.
Bestetik, lehen une batean behintzat, «independentzia» hori arlo militarrari dagokio, gobernuek defentsa deitzea nahiago duten horri. Bide horretara bultzatzen ari da Trump, disimulurik gabe Vladimir Putinen ideiekin lerratzen ari delako eta Europari argi utzi diolako ez dela haren defentsaren erantzule egiten.
Arlo horretatik gustura egoteko arrazoiak baditu AEBetako presidenteak, baina agian ez da hain pozik egongo independentzia horrek AEBetako enpresekiko menpekotasuna ere gutxitzen badu. Behin autonomoago jokatzen hasita, arrazoi gutxiago dute europarrek Apple, Meta, Google eta enparauekin bigun jokatzeko, eta hori ez da Trumpen inaugurazioaren lehen lerroan azaldu ziren techno bros-en gogokoa. EBren «gehiegizko arautzeaz» kexatzen ari dira behin eta berriro; euskara jatorrean, ez dietela uzten nahi duten guztia egiten, eta hori da Trumpen matonismoaren atzean jarri izanaren arrazoi nagusia.
Europako aliantza militarra
Baina, esan bezala, EBk bere buruaren defentsaren ardura hartzeak ekarriko du gastu militarra handitzea (dagoeneko ekartzen ari da), eta horrek dirua kenduko die gastu sozialei eta energia trantsiziorako inbertsioei.
Erabaki horren atzetik arma industriaren lobby-aren eskua ikusten duenik ez da faltako, eta ziur ez direla sofan eserita geratu azkenaldian, baina badira beste faktore batzuk: geografia eta historia. Izan ere, Errusiarekiko harremanak oso desberdin ikusten dira Bizkaiko golkotik eta Itsaso Baltikoaren ertzetatik. Errusia bertatik bertara dute han, haren inperialismoa sufritu izan dute —tsar-en garaian ez ezik, baita sobietarrekin ere—, eta Ukrainan gertatutakoa haiei ere gerta dakiekeen ustea oso zabalduta dago. Haiek armatzen ari dira orain, eta besteek ere bide hori hartzeko presio egiten ari dira.

Merzek buruan dauzkan ideietako bat da Europan aliantza militar propio bat sortzea, NATOtik kanpora. Erresuma Batua ere hor egongo litzateke, haren eta Frantziaren arma nuklearrak ere nahi dituelako «aterki» horren parte. Macronek nekez jarriko dio aurpegi txarrik, eta Ukrainara soldaduak bidaltzeko prest agertuta, badirudi Keir Starmerrek ere ez diola oztoporik jarriko.
Europako kide txikiagoekin agian zailagoa izan dezake Alemaniako hurrengo kantzilerrak, baina aurretik etxeko lanak egin beharko ditu. Historiak pisu handia du Alemanian, eta jarrera militarista bat agertzea azken 80 urteetako kultura politikoaren aurka dago. Jarrera horrek azal dezake Olaf Scholz uzkur azaltzea Ukrainari Taurus misilak ez emateari buruz, nahiz eta, aldi berean, 100.000 milioi euroren funts berezi bat sortu zuen Bundeswehr armaz hornitzeko.
Legealdi honetan gastu militarra asko handitu nahi izateko beste oztopo bat dauka Merzek: Schuldenbremse edo zorraren galga, egiturazko defizita BPGaren %0,35era mugatzen duen araua. Haren defentsa egin du CDUk kanpainan zehar, baina, edonola ere, erreformatzeko prest azaldu da Merz, eta azken adierazpenek ulertzera ematen dute aukera hori baliatu nahiko duela.
Merzek buruan dauzkan ideietako bat da Europan aliantza militar propio bat sortzea, NATOtik kanpora. Erresuma Batua ere hor egongo litzateke
Litekeena da, koalizioa osatzearen truke, SPDk arau hori malgutzeko eskatzea, baina ez soilik gastu militarra handitzeko, baizik eta azpiegituren berritzea finantzatzeko ere. Berdeak ere prest leudeke horretan laguntzeko, baina azken pieza bat falta zaio Merzi: botoak. Izan ere, zorraren galga Alemaniako Konstituzioan dago eta, hortaz, bi hereneko gehiengoa behar da hura erreformatzeko, baina motz geratu dira CDU, SPD eta Berdeak.
AfDrekin hitz egitea baztertu dutenez, Die Linke da aukera bakarra gehiengoa osatzeko. «Zaila» ikusten du Andreas Schafer Humboldt Unibertsitateko politologoak, ezkerra baita antimilitarismoaren banderari sendo eusten dion talde bakarra. Baina ez da ezinezkoa. «Esaten badiete azpiegiturak, eskolak edo haurren zaintza finantzatzeko beharrezkoa dela, proposamen onargarria izan daiteke Die Linkerentzat. Zaila da, baina ikusiko dugu». Ines Schwerdtner taldeko buruak berretsi egin du gaur galga kentzearen alde daudela, baina gastu soziala finantzatzeko eta ez militarra.

Bada beste aukera bat, Merzen gaur iradoki duena: Bundestag berria osatu aurretik aldatzea konstituzioa, orain hiruren artean badutelako gehiengoa. Robert Habeck Berdeen burua prest azaldu da, baina zuhurragoak izan dira SPDkoak, arazo teknikoak aipatuta.
Edonola izanda ere, berri ona da Alemaniako arma industriarentzat, eta bere burua prestatzen ari da. Langile bila hasi da eta autogintzan aurkitu ditu, sektore horretan kaleratzeak ugaritzen ari direlako.