Ane irazabal

Meloniren kaiola hutsak

2024ko azaroaren 10a
05:05
Entzun

Gjader izeneko Albaniako udalerrian, herritar askok ez dakite zertan geratu den haien gobernuak Italiarekin sinatu berri duen migrazio akordioa. Erromako exekutiboak Albaniako lurrean eraikitako bi atxikitze guneak hutsik daude, eta hasiera batean iritsi ziren nazioarteko kazetari guztiak joan egin dira. Handik kilometro gutxira, Shengjineko portuan altxatutako lehen identifikazio zentrora, 16 asilo eskatzaile iritsi ziren iragan urriaren 16an. Horietatik lauk soilik gau bat pasatu zuten Albanian, adin txikikoak eta zaurgarriak zirelako. Gainontzeko hamabiak Gjaderreko itxiera gunera eraman zituzten, 70.000 metro koadroko atxikitze zentro batera, ezerezaren erdian, haien patuari itxaron zezaten. Hamabi pertsona horien asilo eskaerak inoiz ikusi gabeko abiaduran aztertu zituzten eta denak ukatu. Baina Erromako auzitegi batek ez zituen atxiloketak balioztatu, eta, dagoeneko, Italian daude guztiak. Hori da, laburtuta, porrot egindako esperimentu baten lehen saiakera.

Italiak migrazioaren gaineko agenda markatu nahi du Europako Batasunaren barruan, baina lurraldez kanpoko zentroak sortzeko ekimen berritzailea ez zaio batere ondo atera. Migratzaileak Albaniara bidali eta handik haien asilo eskaerak kudeatzeko lehen proba porrot hutsa izan da. Meloniren gobernuak etorkinen iritsieren irudiak ekidin nahi zituen, kosta ahala kosta. Alegia, albistegiak betetzen dituzten Lampedusako «kaosaren» irudiak amaitzea nahi zuen. Eta horretarako zera okurritu zaio: Italiako kostazainek itsasoan erreskataturiko etorkinak, herrialde segurutzat jotzen diren jatorrietakoak direnak, lurraldez kanpoko zentro itxietara eramatea, Italiako lurra ukitu ez dezaten. Helburua da linbo juridiko batean dauden atxikitze guneetan haien asilo eskaerak kudeatzea, eta, ukatuz gero, handik zuzenean deportazioak indarrean jartzea. Araudi horretatik kanpo geratzen dira emakumeak, adin txikikoak, zaurgarriak eta GKE gobernuz kanpoko erakundeen salbamendu ontziek erreskatatzen dituztenak.

(ID_13952649) ALBANIA ITALY DIPLOMACY
Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa Shengjinen (Albania), urriaren 7an. EFE

Bere plana indarrean jartzeko, Melonik herrialde seguruen zerrenda luze bat aurkeztu du, eta segurutzat jotzen dira, besteak beste, Libia, Tunisia, Egipto eta Bangladesh. Mediterraneoa gurutzatu eta Italiara iristen direnen jatorri nagusiak herrialde seguruen zerrendan daude. Italiarentzat ez dio axola gerra zibilean murgilduta egon, diktadurak izan edo autokrazia baterantz doazen herrialdeak izan. Gainera, Melonik hasierako unetik defendatu du Albania dela lurraldez kanpoko zentro horiek eraikitzeko tokirik aproposena. Bi herrialdeak banatzen dituen Adriatikoko itsasarteak 100 kilometro besterik ez du eta 1990eko hamarkadan milaka eta milaka albaniar iritsi ziren Sobietar Batasunaren erorketak utzitako kolapsotik ihesi. Edi Rama Albaniako lehen ministro sozialdemokratak sendoki defendatu du Melonirekin sinatutako akordioa, eta lasterbide gisa aurkeztu du, Albania Europako Batasuneko kide izateko bidean.

Edi Rama Albaniako lehen ministro sozialdemokratak sendoki defendatu du Melonirekin sinatutako akordioa, eta lasterbide gisa aurkeztu du, Albania Europako Batasuneko kide izateko bidean

Baina Italian maiz gertatzen den legez, Melonik justiziarekin topo egin du. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ez du onartu herrialde seguruen zerrenda, eta zazpira mugatu du zerrenda. Cabo Verde, Bosnia, Serbia, Ipar Mazedonia, Kosovo, Montenegro eta Albania bera dira, auzitegiaren arabera, jatorrizko herrialde seguru bakarrak. Erromako auzitegiak epai hori aplikatu baino ez du egin, Albaniara deportatutako lehen etorkinen atxikitzea baliogabetzeko. Lehen proban, porrot hutsa.

Melonik, halere, ez du amore eman eta itsasoan erreskatatutako beste talde bat Albaniara bidali berri du; zortzi etorkin dira: Bangladeshkoak eta Egiptokoak. Italiako lehen ministro ultraeskuindarrak argi dauka Albaniako Eredua berpiztu daitekeela. Baina Italian, beste herrialde askotan ez bezala, justiziak benetako kontrabotere gisa jokatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.