Abuztuaren 9an, gaueko txanda amaitu ondoren, 31 urteko mediku Moumita Debnath Kalkutako ospitale publikoan lotan zegoen. Indiako ospitaleetan sarritan gertatzen den moduan, medikuak ez zeukan eskura deskantsurako gela bat; 36 orduko txandaren ondoren nekatuegi zegoen, eta ospitaleko areto ireki batean etzan zen gaua pasatzeko. Hurrengo goizean lankideek bere gorpua aurkitu zuten, erdi biluzik, odoletan. Hasieran, Poliziak suizidioa izan zela esan zuen, eta kasuari garrantzia kentzen saiatu ziren, baina azkenean, gorpua lankideek aurkitu eta 10 ordu baino gehiago pasatuta, onartu behar izan zuten hilketa izan zela. Albisteetan Debnath bortxatu eta hil zutela hedatu zen bezain laster, milaka pertsona kalera atera ziren protesta egitera justizia eskatzeko, eta orain, hiru aste geroago, Kalkutan manifestazioek aurrera jarraitzen dute.
Ondo itxi ezin den zerbait
Poliziak oraingoz gizon bakarra atxilotu du: Poliziaren boluntario bat, hain zuzen ere; jendez gainezka egoten den ospitale publikoan itxaronaldi luzeetan gaixoei laguntza eskaintzen dien gizon bat. Hala ere, biktimaren senideek ziurtatzen dute talde bortxaketa bat izan zela, eta errudun guztiak zigortu arte ez dira lasai geratuko. Indiako hainbat hiritan hedatu diren protesta jendetsuak ikusita, Modi lehen ministroak ere Bengalako agintariei presio egin die gertatutakoa ondo iker dezaten, eta Indiako Auzitegi Gorenak Bengalako Poliziari egin dion galdeketan, abuztuaren 9an tragedia kudeatu zuten modua basatia eta inolako profesionaltasunik gabea izan zela leporatu die. Hala ere, oraindik Poliziak ez du argitu zergatik joan ziren krimenaren eszena ikertzera gorpua aurkitu eta hamar ordu geroago; zergatik saiatu ziren hasieran esaten suizidioa izan zela; eta zergatik atxilotu duten oraindik gizon bakar bat.
Erasotzaileak babesten ari diren susmoa hartzen diote manifestariek honi guztiari, eta ez diote utzi nahi presio egiteari. Abuztuaren 9tik hainbat protesta izan dira: jendetsuenean, abuztuaren 14ko gauean, dozenaka milaka emakume kalera atera eta Gaua berreskuratu esloganarekin, eta emakumeek beldurrik izan gabe bizitzeko askatasuna exijitu zuten. Hasieran protesta bakezaleak izan diren arren, tentsioak areagotzen jarraitu du, eta aurreko asteartean Indiaren ekialdeko Kalkuta hirian milaka manifestariren aurka makilak eta negar gasa erabili ditu Poliziak. Gutxienez 100 protestari atxilotu dituzte. Manifestariek salatu dute, Polizia izan dela indarkeria erabiltzen hasi dena.
Erasoa gertatu zenetik ia hilabete pasatu da, baina Indiako gizarteak shock egoeran eta haserre jarraitzen du. Ez da errudunak zigortu arte ondo itxiko den zerbait.
Emakumeen aurkako biolentzia, errotuta
Moumita Debnathi gertatutakoak salaketa olde bat sortu du, eta leku desberdinetatik gehitu da jendea borrokara: medikuek eta osasun langileek, adibidez, bere egin dute borroka; eta emakumeen aurkako biolentzia salatzeko protestetan izaten direnak baino askoz gizon gehiago ikusi dira egunotako manifestazioetan, bata zuria jantzita.
Poliziak ez du argitu zergatik joan ziren krimenaren eszena ikertzera gorpua aurkitu eta hamar ordu geroago; zergatik saiatu ziren hasieran esaten suizidioa izan zela.
Karteletan, Indian osasun langileek dituzten baldintza txarrak salatzen dituzte. Ohikoa omen da, Debnath-ek bezala, 36 orduko txanda luzeak egitea eta deskantsurako leku pribatu bat ere eskura ez izatea. Gaixo gatazkatsuen aldetik erasoak pairatzea eta ospitaleak inolako babesik ez ematea ere ohikoa da. Beraien kexak entzunda, agintariek hainbat neurri hartu dituzte: Kalkutako Ospitalean militarrak jarri dituzte zaintza bermatzeko, eta epe luzera begira medikuei segurtasun aholkuak emango dizkien talde berezi bat sortu dute. Erabaki horrek hainbat kartel berri sortu ditu protestetan: Ez esan guri nola egon seguru, esan beraiei ez dezatela bortxatu; esaldi hori da askok karteletan idazteko aukeratu dutena.
Izan ere protestetan atera diren emakumeek behin eta berriz esaten dutenez, ospitaleetan duten segurtasun faltagatik gertatu bada ere hilketa, oinarrian beste arazo larriago bat dago: Indiako gizartean errotuta dagoen matxismoa eta emakumeen aurkako biolentzia. Abuztuak 9ko erasoaren ondoren izan dira, dagoeneko, bortxaketa kasu gehiago: adibidez, 13 urteko lagun bat bortxatu duten bi adin txikikoren kasua. Argi dago indarkeria hori egunerokotasunean gertatzen den zerbait dela munduan biztanle gehien dituen herrialdean.
Indian, 2022an, batez beste egunero 90 bortxaketa salatu ziren, eta hori kasu guztien zati txiki bat besterik ez da. Izan ere, emakumeek salatzen dute beraien aurkako indarkeria hain dagoela normalizatuta gertatzen denean ingurukoek babesa eman ordez askotan bizkarra ematen diete. Poliziak ere ez du bortxatuak izan diren emakumeekin enpatiaz jokatzeko ohiturarik, eta egoera horretan askok nahiago izaten dute gertatutakoa sekretupean gorde.
Medikuarekin gertatutakoa ere, nolabait, horren erakusgarri da; izan ere, horrelako kasu asko izaten diren arren, gutxitan ateratzen dira hainbeste pertsona kalera protestan. Oraingoan borrokatzera animatu dituena izan da biktima lanean zegoen mediku bat zela. Milaka pertsona kalera ateratzeko enpatia sentiaraziko dien beste elementu bat behar izan dute; ez da nahikoa izaten, besterik gabe biolentzia bizi duen emakume bat izatea. Hala ere, Moumita Debnathi esker, oraingoan bai, sektore desberdinetako herritarrek aurkitu dute elkarrekin kalera ateratzeko arrazoia, eta istorio honetan alde ilun asko dauden arren, gutxienez errotuta dagoen arazo hau salatzeko olatu boteretsu bat sortu da. Mediku gazte bati esker.