Ematen du Artur Masek ez duela ahaztu 2016ko urtarrilean gertatutakoa. CUPek baldintza bat jarri zuen Junts Pel Si buru izango zuen Kataluniako Gobernuari egonkortasuna emateko: Mas ez izatea Generalitateko presidentea. Eta Masek amore eman zuen; lehen lerrotik aldendu zen, eta Carles Puigdemont izendatu zuten presidente. Bederatzi urte geroago, zorrak kitatu ditu Generalitateko presidente ohiak (2010-2016), Convergenciaren liderretako bat izandakoak. Aurreko larunbatean, esan zuen Aliantza Katalana eskuin muturreko alderdi independentista eta CUP konparatu daitezkeela.
Diari de Barcelona hedabidean adierazi zuenez, JxC Junts Per Catalunyak ez lioke uko egin beharko Aliantza Katalanarekin hitz egiteari, nahiz eta horren ondorio ez lukeen izan beharko «estrategia bateratuak» adosteak. Eta, hori arrazoitzeko, erantsi zuen duela hamarkada bat CUPekin negoziatu zuela Convergenciak. «Ezkerrekoak izan arren, haiek ere oso ultrak dira; [Silvia] Orriolsen alderdia, berriz, ultraeskuina da. Ez dira gauza bera, baina muturrak dira». Ez, ez dira gauza bera: esaterako, oinarrizko eskubideak urratzen ditu Aliantza Katalanak, migrazioaren kontrako diskurtsoa duelako eta, are, auzi horri buruzko gezurrak zabaltzen dituelako. CUPek ez du halakorik egiten. Beraz, alderatu dituen moduan, gutxienez, ez dira alderagarriak.
Jordi Turulli JxCko idazkari nagusiari Masen hitzez galdetu zioten hurrengo egunean. Ez zuen esan, ez, ez dutela ultrekin hitz egingo.