Kaledonia Berrian egunotan gertatzen ari denaren harira, interesgarria da berreskuratzea Pierre Messmer Frantziako lehen ministro izan zenak (1972-1974) Xavier Deniau Itsasoz Haraindiko Estatu idazkariari bidali zion gutun bat, 1972koa. Horretan, besteak beste, honako hau esan zion: «Frantziak Kaledonian duen presentzia soilik biztanleria autoktonoen aldarrikapen nazionalistek jarri dezakete mehatxupean. Epe labur eta ertainera begira, metropoliko herritar frantsesen immigrazio masiboak balio beharko luke arrisku hori saihesteko».
Mende erdi inguru pasatu da harrez geroztik, eta, preseski, gutun horretan Messmerrek teorizaturikoa gertatu da —eta gertatzen ari da— Kaledonia Berrian. Aldagai sozioekonomiko eta politiko asko daude aintzat hartzeko, bai, baina, finean, kolonizazioaren kontrako erantzun bat da, jatorrizko eta kolonizaturiko herria desagertzeko arriskuaren eta beldurraren aurrean emandako erantzun bat da protestan ari diren kanak independentistena.
Jean-Philippe Nilor diputatuak —Martinikakoa, eta LFI Frantzia Intsumisokoa— Frantziako Asanblean aste honetan esan duen modura, Parisek «metxa bat piztu» du, eta hori «lehertzeko» arriskua dago. Zehatz mintzatuta, metxa hori hamarkadotako kontua izan da; baina egunotakoaren adibide zehatzera joanda, afera hori ez da hilabete eskaseko kontua izan, Emmanuel Macronen agintaldikoa baizik, 2020tik hona izan duen alde bakarreko jarreragatik. Pikutara bidali ditu hiru hamarkadotako metodoak eta adostasunak.
Kaledonia Berriko deskolonizazio prozesua diseinatzeko balio izan duten itunen arabera —1988ko Matignongoak, eta 1998ko Noumeakoa—, Frantziako Estatuak inpartziala izan behar du prozesu horrek iraun bitartean. Macronen gobernuek, ordea, kontrakoa egin dute: ez zuten errespetatu kanaken —jatorrizko biztanleen— dolu prozesua COVID-19aren testuinguruan, eta hirugarren eta azken erreferenduma mantentzea erabaki zuten 2021ean —kanak independentistek abstenitzera deitu zuten, eta parte hartzea %43,87koa izan zen—.
Ezin ahaztu Sonia Backes caldoche —migratzaile europarren ondorengoa— eta loialista Hiritartasunaz arduratzen den Frantziako Estatu idazkari izendatu zutela —egiari zor, 2022ko bozetarako kalkulu elektoralistak tarteko—, eta kargu horretan urtebete egon zela, 2022 eta 2023 bitarte. Eta, orain, kanakek aitortzen ez duten hirugarren galdeketaren ondoren, uhartediaren hurrengo estatus politikoari buruz mintzatzen ari diren honetan —desadostasunak ikaragarriak izaten ari dira—, hautesle errolda handitzeko asmoa du Parisek. Nor da lege proiektu horren txostengilea? Nicolas Metzdorf Frantziako Asanbleako diputatua; hura ere caldochea, eta Macronen Renaissance alderdikoa.
Eta badira adibide gehiago ere, eta denek dute ezaugarri komun bat: Paris alde bakarrez aritu dela, lehenik Kaledonia Berriko alderdiekin eta sektoreekin ados jarri gabe. Hori izan da hamarkadotako metodoa, lehenik uhartedian negoziatzea, eta han adosturikoa gero Frantziako Gobernuari proposatzea; Macronen formula, berriz, ez da hori izaten ari. Eta, are, 30 urteotan Frantziako lehen ministroak kudeatu duen gaia izan arren, Frantziako presidenteak erabaki zuen Gerald Darmanin Barne eta Itsasoz Haraindiko ministroaren esku uztea. Mespretxu keinu bat, independentisten ustez. Azkenean, egunotakoaren ostean, afera berriz itzuli da Matignonera.
Bide batez: Nilorrek Darmanini galdetu zion noiz onartuko dituzten beren hutsegiteak, eta ez zuen erantzunik jaso. Edo, beste modu batera esanda, Darmaninek ez zuen erantzun nahi izan. Aldiz, Frantziako Barne eta Itsasoz Haraindiko ministroak argudiatu zuen «demokraziaren» izenean ari direla, erreferendumen emaitzei erreferentzia eginez; hori bai, hamarkadotan galdeketa horiek irabazteko baldintzak inposatu dituztela azaldu gabe. Erantzuna, gainera, betikoa izan da: protestan ari den lurraldea are gehiago militarizatzea.
Macronek eta Frantziako Gobernuak, hortaz, zakarrontzira bota dute, lau urte eskasean, jada hiru bat hamarkada irauten ari zen bakea, eta haien erabakiek agerian utzi dute egunotako indarkeria eszenen jatorria edo arrazoia alde batek eragindako eta elikaturiko krisi politiko bat dela.
Ez dirudi, beraz, Parisek aintzat hartu duenik Kaledonia Berriko bake horren eraikuntzan protagonismo handia izandako Jean-Marie Tjibaou buruzagi independentista kanakaren adierazpen ezagunetako bat —Matignongo Akordioaren kontrako militante kanak batek hil zuen, 1989an—: «Egunik garrantzitsuena ez da erreferendumarena. Biharamuna da. Zeren biharamunean denok elkartu beharko baitugu mahaiaren inguruan, eta erreferendumaren ondorioak atera beharko baititugu».