AEB Ameriketako Estatu Batuek munduko merkataritza sistemaren aurka hasi duten gerrak zenbat iraungo duen ez dago argi; ezta ondorio ekonomikoak zeintzuk izango diren ere edo Txinak bere ekonomia ez hondoratzeko zein bide hartuko duen ere. Gauzak horrela, EB Europako Batasuna ate guztietan joka ari da; AEBekin negoziatzen, Txinarekin tentsioak baretzen eta merkataritza akordio berriak egiten.
AEBetako presidente Donald Trumpen agintepean, herrialdeak garapenerako bidean dauden estatu askoren moduko jokabidea izatea aurreikusten da; hau da, Europako Batzordearen eta Etxe Zuriaren arteko negoziazioak Turkiarekin edo Marokorekin egiten direnen modukoak izatea: elkarren interesak identifikatu, gobernuan dagoen ustelkeria eta enpresa konkretuen interes ekonomikoak saritu, demokraziaren aurkako urraketen aurrean begiak itxi, eta, arauak baztertuta, bai ala bai akordio bat lortu.
Brusela Pekinen ere ate joka ari da; Txinak atea berehala ireki du AEBetan galdu dituen merkatuen bila. Negoziazioetan, ordea, lehen pausoa EBk eman du, Trumpen erabakien ondorioz kalte ekonomikorik handiena ez baita AEBetatik etorriko; Txinatik baizik: AEBetan saldu ezin diren Txinako produktuak Europara desbideratzen hasi baitira. Bruselak desbideratzea geldiarazteko bitartekoak adostu nahi ditu eta Pekinekin harremanak hobetu. Washingtonek hasi duen merkataritza gerra aprobetxatu nahi dute Bruselan azkenaldian gaizki dauden harremanetan aldaketak egiteko. Diru laguntza publiko gehiegi emateagatik, Bruselak kotxe elektriko txinatarrei jarritako muga zergen inguruan negoziatzen hasi dira berriro EB eta Pekin. Hala ere, harremanak normalizatzeko oztoporik handienak bi dira: batetik, Ukrainako gerra. EBk ez dio Txinari barkatzen, Europaren segurtasuna hankaz gora jarri duen inbasioan, Errusiari laguntzea. Bestetik, Trumpen presioa EBk Txinarekin akordio ekonomikorik ez egiteko; alegia, AEBetako merkatua produktu txinatarrei itxi eta gero Txinaren salbazioa ez dadila Europa izan; ez ditzala bertan esportaziotarako enpresak jarri AEBetara esportatzen jarraitu al izateko. Brusela prest dago, Etxe Zuriarekin elkarlanean, neurriak hartzeko Txinako altzairu eta aluminioaren gehiegizko produkzioaren aurrean, baina ez du Pekinekin duen harreman ekonomikoa arriskuan jarri nahi.
Orain, lehentasuna merkatu berriak bilatzea da; baina desglobalizazioaren eta protekzionismoaren aro berri honetan, etxean gauzak egin eta saltzea bilakatu da independentzia ekonomikoaren ikur berria
EB beste merkatu batzuen bila ere badabil bere produktu eta zerbitzuentzat. Batzordeak behin eta berriz errepikatzen du, harrotasun puntu batekin, munduan merkataritza akordio gehien dituena dela (73) eta gehiago sinatzeko prozedurak azkartuko dituela. Ikusteko dago, Trumpek hasi duen gerraren ondoren, Mercosurrekin akordioa ixteko Frantziak jarri dituen oztopoak baztertuko dituen. Bitartean, Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek iragarri du Arabiar Emirerri Batuekin merkataritza akordio bat negoziatzen hasi direla; Golkoko bigarren ekonomiarekin zituzten errezeloak gaindituta geratu dira birkonexio ekonomikoak garatzeko garai berri honetan.
Europako Batasunak bere produktu eta zerbitzuen %14 inguru esportatzen du; gainontzekoa EBn bertan saltzen du, horretarako oraindik traba ugari dauden arren. Traba horiek kentzea asko kostatuko da; orain, lehentasuna merkatu berriak bilatzea da; baina desglobalizazioaren eta protekzionismoaren aro berri honetan, etxean gauzak egin eta saltzea bilakatu da independentzia ekonomikoaren ikur berria. Dena den independentzia ekonomikoa ez da posible gaur-gaurkoz, produkzio kateak mundu mailakoak direlako eta egitura hori desegiteko urteak beharko direlako, baina bereziki Europako Batasunak, AEBek ez bezala, oraindik, globalizazioan sinesten duelako.