Bruselan Huawei enpresak duen bulegoan, 11 lobbystak egiten dute lan. Corporate Europe gobernuz kanpoko erakundearen arabera, langile horiek urtero bi miloi euroko aurrekontua daukate Europako Parlamentuan, Europako Batzordean eta Europar Kontseiluan enpresa txinatarraren interesak bultzatzeko. Huawei ez dago Bruselan enpresek dituzten lobby handienen artean, baina ustelkeriaren azken adibidea da, eta, beste behin, europarlamentua dago eskandaluaren erdian. Belgikako Poliziak Huaweiko lau lobbysta atxilotu ditu. Horrekin batera, hamabost europarlamentari eta europarlamentari ohi ikerketapean dituzte, dirua, Txinarako luxuzko bidaiak, futbolerako sarrerak eta beste opari batzuk hartzeagatik parlamentuan, Huawairen aldeko erabakiak bultzatzearen truke.
Enpresen interesen eta Europako Batasunaren arteko hartu-emanetan gardentasuna bultzatzen duten elkarteek diote ez direla eskandaluarekin harritu; Europako Parlamentuak ez du neurri nahikorik hartu 2022an Qatargate eskandalua gertatu zenetik.

Europako Parlamentuak, eskandaluaren aurrean zerbait egiten ari dela erakutsi nahian, Huawaiko lobbystei europarlamentuaren eraikinetara sartzea galarazi die. Europarlamentuaren arazoa, ordea, ez dira kanpotik datozenak, barruan daudenak baizik: Huaweiren kasuak agerian utzi du, beste behin, ustelkeriak arazo izaten jarraitzen duela. Qatargate auziaren ondorioz hartu ziren neurriek ez dituzte ez lobbysta ustelduak, ezta europarlamentari ustelduak ere beldurtu. Horrekin batera, ustelkeriaren aurkako neurriak blokeatzen ari dira Europako Parlamentutik barrutik: Etika Batzorde berezi bat sortzeko orain dela bi urte egindako proposamena ez aurrera eta ez atzera dago, hainbat europarlamentari kontserbadore eta eskuin muturreko jartzen ari diren oztopoengatik. Joan den astean, Huaweiren eskandalua atera eta gero, berriro, atzera bota zuten. Beren argudioa da Etika Batzordeak ez duela ustelkeria geldiaraziko. Europako Parlamentuak azken hiru urteetan bi ustelkeria eskandalu jasan eta gero, ez dirudi parlamentuaren irudiaz oso kezkatuta daudenik. Lobbystek europarlamentariekin egin dituzten bileren inguruko informazioa jasotzeko eta publiko egiteko prozeduraren inguruan ere ez dago akordiorik; bilerak europarlamentarien laguntzaileekin badira, horien berri ematea ezinbestekoa da. Bilerok alderdi politikoetako langileekin badira, ordea, ezkutatu egin daitezke.
Inor ez da jabetu edo inork ez du jabetu nahi izan 150 euro baino gehiagoko balioa duten opariak jasotzeko debekua erraz gainditzen ari zirela europarlamentari batzuk
Erabaki horiek babesten dituzten europarlamentariak zer edo nor babesten ari dira? Argi dagoena da bost axola zaiela Europako Parlamentuaren irudiari kalte egitea eta herritarrek zuzenean aukeratutako Europako Batasuneko instituzio bakarraren indarra ahultzea. Beste behin, ikerketa kazetaritza egiten duen komunikabide batzuk izan dira ustelkeria salatu eta Belgikako Poliziaren ikerketa abian jarri dutenak; parlamentuan bertan, inor ez da jabetu edo inork ez du jabetu nahi izan 150 euro baino gehiagoko balioa duten opariak jasotzeko debekua erraz gainditzen ari zirela europarlamentari batzuk. Europako Parlamentuak ezin baldin badu bere burua bijilatu eta araudiak urratzen dituztenak gogorrago zigortu, kanpoko erakunderen baten esku geratu beharko litzakete zeregin hori.