Iñigo Bilbao Sagastiberri.
Leku-lekutan

Legearen egia, zorrotza eta hutsala hizkuntza indigenentzat

2024ko otsailaren 4a
05:10
Entzun

Mexiko da munduan gaztelania hiztun gehien duen herrialdea. Oraindik gehiago: Googlen bilatuz gero, espainiera litzateke hizkuntza ofiziala. Hori dioten dozenaka sarbide agertuko zaizkigu bilaketan, diotena gezurra bada ere. Sinesgaitza dirudien arren, Mexikok ez du hizkuntza ofizialik. Konstituzioaren esanetan, ez dago horrelakorik. 2020ko abenduan, parlamentuak konstituzioaren erreforma onartu zuen, espainiera eta hizkuntza indigenak hizkuntza nazionaltzat aitortzeko. Ebazpena ofizializatu dadin konstituzioaren laugarren artikulua aldatu behar zuten, baina oraingoz ez dute egin.

Herri Indigenen Hizkuntza Eskubideei buruzko Lege Nagusian aipatzen da hizkuntzaren auzia, eta, oraingoz, hor bakarrik. Guztira, 68 hizkuntza indigena aitortzen dituen araudi horretan zera irakur daiteke, hitzez hitz: «Mexikar ororen eskubidea da hitz egiten duen ama-hizkuntzan komunikatzea oztoporik gabe, eremu publikoan zein pribatuan, ahoz edo idatziz, bere jarduera guztietan, hala sozial, ekonomiko, politiko, kultural, erlijioso eta bestelakoetan». Itxuraz zorrotza da araudia herri indigenen mesedetan: agintariek ezingo dute inor baztertu ama-hizkuntza erabiltzeagatik, eta Hezkuntzan edo Justizian, kasurako, elebitasuna bermatuta beharko du egon. Horixe da legeak agintzen duen egia, baina ez da, inola ere, egiak adierazten duen legea.

Zein da egia? 2012ko martxoan El País egunkariak zera zioen: «Zazpi urte Chiapas eskualdean preso, ez jakiteagatik espainieraz esaten nik ez dut semea hil». Adela Ramirez emakumeak arbasoen hizkuntza besterik ez zuen ezagutzen ezustean barruan zeraman umea galdu zuenean. Arbasoen herrian epaitu zuten legez kanpo abortatzeagatik, arestian aipatu legeak onartzen zion itzultzailerik gabe.

Zazpi urte eman zituen preso, agintariek amore eman eta epaiketa eta epailearen ebazpena bidegabekeriak izan zirela onartu zuten arte. Kazetariak injustiziaren salaketa egin nahi izan zuen, jazotakoaren alde bateko irakurketa lar sinplea eginez. Ez zuen idatzi, badaezpada, emakumea preso hartu zutela zigortu zuen epaileak ez zuelako tokiko hizkuntza menderatzen.

Eta hori bezain larria dena: Ramirez andreak, 2005. urtean, umea galdu zuenean, ez zuen castilla hizkuntza menderatzen —hala izendatzen diote Chiapas eskualdeko indigenek gaztelerari—, ez indigena zelako bakarrik, baita, edo, batez ere, emakume zelako. Izan ere, eta egiaren legeak hartaratuta, espainiera dute herri indigenek munduarekin aritzeko nahitaezko zubia, ezinbestekoa eta derrigorrezkoa. Hargatik, emakumeak ahaldundu eta hegan egin ez dezaten, elearen hegalak mozten dizkiete. Espainieraren pribilegioa gizonentzat baino ez da eta.

Izan dira bidean egia mingarri horren adibide gehiago. 2008an, Mexiko Hiriko orduko gobernuburu Marcelo Ebrardek milioi eta erdi mexikarrek hitz egiten duten nahuatl hizkuntzan argitaratu eta ezagutzera eman zuen, zalaparta handiz, bere gobernuaren Garapen Plangintza. Agintariaren hitzetan, argitalpena ez zen ekimen sinbolikoa izan, nahuatl hizkera gobernu-erakundeetan nola sartu zehazteko lehen urratsa baizik.

Hurrengo pausoa, esan zuen serio-serio, funtzionario guztiei nahuatl eskolak ematea zen, gobernuburuari eta bere kabineteari barne. Ebrardek PRD alderdiaren hurrengo presidentegaia izango zenaren esperantza zuen oraindik, eta bere asmoa omen zen presidentetza lortuz gero erakunde publikoetako langile zein agintari guztiak elebidunak izatea, bai ala bai. Etxea teilatutik hasi nahi zuen. Hamasei urte beranduago, Andres Manuel Lopez Obrador alderdikidea da presidentea, eta ez dira oraindik teilatuarekin hasi.

Egiaren datuak: espainiera da mexikar ia guztien ama hizkuntza. Horixe da mingarria ez den datu bakarra. Mexikon, espainieraz aparte, jatorrizko 68 hizkuntza eta 364 hizkuntza aldaera daude, horietatik erdiak desagertzeko zorian. Antonio Garcia Cubas idazle eta historialariak 1889an egindako azterketaren arabera, urte hartan mexikarren %38k jatorrizko hizkuntzaren bat hitz egiten zuten. Azterketak aitortzen zuen 60 urte arinago, 1820an, %60k hitz egiten zutela arbasoen jatorrizko hizkuntza.

Datu horiek egungoekin alderatzen direnean, negarretan hasteko modukoak dira: XX. mendearen amaierarako, kopurua %6ra jaitsi zen. Orain aste bi ezagututako albistea da, esaterako, Kalifornia Beherean, Mexikoko iparraldean, adineko bi emakumek bakarrik hitz egiten dutela Ku'ahl elea. Horiek hildakoan, akabo.

Horregatik guztiagatik, zera esan dezakegu huts egiteko beldurrik gabe, alegia: ez da inon idatzitako legea, baina bada egia modu bakarra dagoela gaur mexikar izateko: espainieraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.