Kuba-AEB. Harremanak normaltzen hasteko akordioa. ANALISIA

Kuba-AEBak: aro berri baten hasiera

2014ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Pakistanen familia ugari beren umeak lurperatu berri dira, Mexikon desagertutako 43 ikasleek linboan segitzen dute, Estatu Islamikoa aurrera egin eta egin ari da eta bateko eta besteko adierazpenekin ez dute geldiaraziko... Baina Barack Obamak eta Raul Castrok aurreikus zitekeena aldi berean eta elkar hartuta jakinarazi izana da urteko albistea, zalantzarik gabe: Kuba-AEB harremanetan agertokiaren erabateko aldaketa.

Ongi informatuta eta jakinaren gainean zeuden batzuk (eguna, ordua eta tokia ñabardurak besterik ez dira), sorpresa hitza erabiltzea hipokrita ere izan daiteke, beraz. Lehen begiratuan, Gerra Hotzeko eskola zaharreko preso truke bat eman dezake: oraindik ere zigorra betetzen ari ziren hiru agente kubatar —injustuki eta neurriz kanpo kondenatuak— indultatu egin dituzte, CIAko kontratista baten, kubatar jatorriko agente estatubatuar baten —Rolando Sarraff Trujillo izeneko kriptografoa, Newsweek-en arabera— eta AEBetako Gobernuak interes berezia agertu duen beste zenbait presoren truke. Ariketa politiko bera, baina, pentsa daitekeena baino dezente garrantzitsuagoa izan da, eta hilabete asko eskatu ditu.

Funtsezko gaia da harreman diplomatikoen berrezarpena, ekar dezakeen adar askotako elkarrizketagatik. Aro berri bati ekin diote, aro ireki bati, eta nazioartean ondorio ugari izan ditzake.

Idazten ari naizen mementoan, AEBak zalaparta handirik gabe ari dira hartzen beren espioi eta agenteak, eskuin muturreko lobby kubatar-amerikarrari kea dario zulo guztietatik Obama traidoretzat jo eta madarikatu bitartean —John F. Kennedy zenarekin gauza bera egin zuten—. Kuban, berriz, gizartea festan ari da: indultatutako hiru heroiak beso zabalik hartu ditu eta harremanei berrekitearekin blokeoaren amaiera eta auzo-herrien arteko bizikidetza normala etorriko direla du amets —AEBetako erregimen politiko-ekonomikoaren barnean adostasun lortu zailen esku ere badago hori—.

Goi mailako politika, ordea, dirudiena baino dezente bihurriagoa da. Obama laster badoa, eta agur esan aurretik Guantanamoko preso batzuk askatu eta Uruguaira bidali ditu; immigranteak arautzeko dekretuak sinatu ditu; eta Habanako Interesen Bulegoari Enbaxada izena ipini dio. Bete gabeko promesa ugarien akatsa nolabait zuritzearren hartutako erabaki horiek guztiak ez dira finkoak, gero eta indar gehiago baitauka oposizio errepublikanoak.

Kubako Gobernua, berriz, zailtasun eta ezintasun ekonomiko-sozialen artean ari da mugitzen, eguneroko bizitzan eragin gutxi daukaten aldaketak motel eginez. Testuinguru honetan, bakoitzak bere interesak eta lehentasunak ditu, ate ia denak daude irekirik.

Hainbeste urte daramat bizitzen Kuban, kontua jada galdu baitut. Zerbait bereziki nabarmentzeko eskatzen badidazue, Kubako herriaren «itxaropena» aipatuko dizuet. Auzokoek esaldi bakarrarekin laburbilduko lukete ataka hau: «No es fácil, compañero». Eta egia da, etapa hau ez da traza hartu erraza. Ikusteko dago indibiduala eta berekoia ala solidarioa eta subiranoa nagusituko diren. Kubatarren eta estatubatuarren esku egongo da hori, urte bukaeran Kubako eta AEBetako presidenteek ondo koordinatuta oparitu diguten iragarkiaren gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.