Xabin Makazaga.
ANALISIA

Kontzientziaren mugak

2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Aspaldiko migratzaile uholde handienari aurre egin behar izan dio Italiak aste honetan. Bost egunean, iragan larunbatetik asteazkenera, 10.000 lagun erreskatatu dituzte Italiako kostazainek Mediterraneoko uretan, eta, onik atera diren migratzaileen arabera, Afrika iparraldetik Europara iritsi nahi zuten 450 bat lagun itsasoan galdu dira. Frontexek —kanpoko mugen zaintzarako Europako Batasunaren agentziak— iazko azaroaren 1ean Triton operazioa martxan jarri zuenetik, jakinekoa zen halako ezbeharrak gero eta ugariagoak izango zirena. Tritonek, ez baita erreskate operatibo bat, mugak ixteko eginkizuna dauka. Eta Europako Batasuneko estatu kideetako agintariek, biluzik geratuko zirela jakin arren, nahiago izan dute beste aldera begiratu, itsasoak irensten dituen gorpuei ez ikusiarena egin.

2013ko urriaren 3an eta 11n izandako bi hondoratze handik astindu zituzten europarren kontzientziak. Lampedusara bidean, 600 bat iheslari eta etorkin hil ziren Siziliako ubidean, eta, orduan bai, gorpuak erreskatatu ahal izan zituzten, eta zientoka hilkutxaren irudiak europarren etxe barrenetaraino sartu ziren.

Egoera jasangaitz horren aurrean, Mare Nostrum egitasmoa hasi zuen Italiak. Eta urtebetean 155.000 migratzaile erreskatatu zituzten Mediterraneoan. Iaz, urte osoan, paperik gabeko 219.000 migratzailek zeharkatu zuten Afrika eta Europa banatzen dituen itsasoa, UNHCR Iheslarientzako NBEren Goi Mandatariaren arabera. Horrek ematen du Italiak bere kabuz urtebetean egindako ahaleginaren neurria. Erromako agintariek, gainera, hilero-hilero 9 milioiko gastuei egin zieten aurre Mare Nostrum egitasmoagatik. Triton martxan jartzean, baina, bertan behera utzi zuten.

Triton operatiboa, berriz, hilean 2,9 milioi euro kostatzen zaio Europako Batasunari, eta ez dauka baliabiderik itsasoan galdutako migratzaileak bilatu eta erreskatatzeko. Italiako militarrei babes logistikoa ematera mugatzen da, praktikan. EBko 28 estatu kideetatik, gainera, zortzik baino ez zituzten bidali ontziak operatiboa hasteko. Egoera larriaren erakusle, Frontexeko zuzendari Fabrice Leggerik berak onartu du aurten gainditu egingo dutela Europako Batasunera iaz modu irregularrean sartu ziren migratzailean kopurua; 300.000 izan ziren iaz.

Amnesty International, UNHCR, Human Rights Watch eta giza eskubideen aldeko beste erakunde ugarik Frontexek operatibo berria martxan jarri orduko agertu zuten kezka, Udaberri Arabiarraz gero eta Siriako eta Libiako gerraren ondorioz migratzaile jarioa izugarri handitu baita azken urteetan. Urtero milaka batzuk izan ohi ziren gerratik eta gosetetik ihesi Mediterraneoan barneratzen zirenak Europara iristeko ametsarekin. 2011. urtean, baina, Italiara soilik 64.000 baino gehiago iritsi ziren, eta iaz marka guztiak hautsi ziren, ia 170.000 pertsona iritsita. Hilak 3.500 inguru izan ziren Mediterraneoan, UNHCRren arabera. Aurten, dagoeneko 31.500 migratzailek zeharkatu dute Mediterraneoa, eta hilak 950 badira.

Europako Batzordeak, baina, ez dauka «finantza biderik eta babes politikorik» Frontex agentzia indartu eta Mediterraneoan erreskate operatibo bat martxan jartzeko. Hala aitortu zuen ostegunean Natasha Bertaud EBko barne auzietako bozeramaileak. Gero eta ohikoagoak bihurtu diren zorigaitzen beroan dolu adierazpenak egiten dituzten agintari horiexek beraiek dira Mediterraneoan erreskate operatibo sendo bat izatea galarazten dutenak, laguntzeko baliabideak jartzeak dei efektua izango lukeela argudiatuta.

Migrazioaren arazoari aurre egiteko «estrategia berri bat» lantzen ari da Europako Batzordea, eta auzia «lehentasunezkoa» da Jean-Claude Junckerren taldearentzat. Baina orain arte estatu kideek berek jarri dizkiete mugak halako egitasmoei. Urruti gabe, Nazioarteko PEN Klubak aste honetan bertan Europako Parlamentura eraman duen ekimenari erreparatzeak kalterik ez lieke egingo. Asilo eskubiderako arau bateratu bat eskatu diete mila idazlek baino gehiagok Europako Batasuneko gobernuei. Sinatzaileen artean zen Guenter Grass, kontzientzia ugari astindu dituen idazle hil berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.