Escolta Espanya' tituluarekin zabaldu zuen atzo egunkaria, manifestazio ikaragarria izango zela aurrikusita, Katalunian asko saltzen den berripaper batek.
Nago ni, Bartzelonako kaleak bete zituztenen nahia intepretatzea oso zaila dela aitortuta, jende askok Espainiari ez baino Kataluniari berari bidali ziola atzo mezua. Kataluniako klase politikoari, sindikalari, erakunde publiko eta pribatuei, instituzio finantzieroei… beste askori. Batzuek, Katalunian bertan, atzokoari erantzuna ematea Espainiako Gobernuari dagokiola esateko tentazioa eduki dezakete; alegia, dagokion erantzukizuna hartu ez, eta behatzarekin Madrilera seinalatzeko.
Baina Katalunian dago giltza, eta giltza horren zati handi bat CiUk dauka, azken 30 urteotan eduki duen bezala. Iragan hurbil horretan, erabaki garrantzitsua hartzea egokitu zaion bakoitzean, atzera egin dute hala CiUk nola Generalitatek. Zergatik aldatuko du jarrera hori orain, sekula egin ez badute? Atzoko jendetzak barkatuko ez dielako, orain arte ordaindu behar izan ez duten prezioa ordainaraziko diotelako.
Oinezko herritarrek duela bi urte eman zioten abisua Kataluniako klase politikoari, 2010eko uztailaren 10ean Bartzelonako kaleak betez. Orduko manifestazio handi hura estatut berria murrizteko ahaleginen garaia zen, ekimen instituzionalaren erantzuna izan zen; baina azkenean herritarrek eraman zuten pisu nagusia, eta independentzia izan zen, atzo bezala, oihu nagusia. Ez estatutu berri bat, guraizien fereka ezagutuko ez zuena, ez; independentzia.
Atzoko manifestazioa, eta hilabeteak iraun duen beroketa ariketa, behetik gora antolatua izan da, egitura politiko klasiko eta estandarretatik at. Ingurura gero eta jende gehiago bildu baina hauteskunde eskaintza izateko hankasartzea egingo ez duen Assemblea Nacional Catalana erakunde jaio berriak antolatu du, udalerri independentziazaleen elkartearekin batera. Duela urtebete jaiotako erakundea da ANC, Palau Sant Jordin egindako ekitaldi gogoangarrian. Erakunde horietan alderdietako kideak daude, baina ez dira alderdien erakundeak, eta gero eta autonomia gehiagorekin jokatzen dute; are gehiago atzoko arrakastaren ondoren.
Kataluniako herritarrek, tartean alderdi abertzaleetan eta PsCn daudenak, tren bat jarri dute martxan; abiatu dena eta independentziaren geltokira iritsi bitartean gelditzeko asmorik ez duena. Trenera igotzen ez dena trenak harrapatuko du.
CiUko buruzagi batzuek eta Kataluniako indar enpresarial eta finantzariek trena gelditu edo gutxienez geldotzeko asmoa erakutsi dute. Bitarteko geltokia jarri nahi diote trenari: itun fiskala. Egia da finantza egoera larrian dagoela Katalunia; kontzertu ekonomikorik ezean, erabat lotuta dauzka eskuak Espainiako Gobernuarekin ekonomia diseinatu eta garatzeko orduan. Hori bezain egia da itun fiskalak aukera emango liokeela Kataluniari diru gehiago eduki eta planifikazio ekonomikoan urratsak egiteko, sekulako diruak ematen dizkiolako egunero Kataluniak Espainiari espolio fiskal odol hustutzailearen ondorioz.
Sektore horren estrategia izan liteke, atzoko manifestazioaren tamaina eta aldarrikapen sendotasuna ikusita, Madrili esatea itun fiskalaren truke prest egon litezkeela atzokoari ur hotza botatzeko. Alegia, lorpen handitzat hartu itun fiskala, eta atzokoaren arrakasta eta mezua ahanzturaren kutxan sartzeko.
Dabilela kontuz CiU, alderdi barruko jende asko erabat sinetsita dagoelako independentzia dela aukera bakarra, gaur hobe bihar baino. Buruzagi batzuk, hiri garrantzitsuetako alkate eta udal taldeak, herrietako militante asko… Esparru abertzaleko beste taldeak, ERC, Solidaritat, CUP… sendo ez ibiltzeak ez du esan nahi edozer gauza egin dezakeenik.
Dabilela kontuz, trenak aurrean eraman lezake eta.
Kataluniako Diada. Analisia
Kontuz trenarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu