Kataluniako bozen harira, ezer gutxi da ziurra

Igor Susaeta.
Bartzelona
2024ko maiatzaren 10a
13:18
Entzun

Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte igandean, eta, horien atarian, gauza gutxi daude ziur. Ia, bakarra: ezustekorik ezean PSCk irabaziko dituela; hori adierazi dute, behintzat, kaleratu diren inkesta guztiek. Horien batezbestekoaren arabera, Salvador Illa buru duen hautagaitzak 41 aulki lortuko ditu. Bigarren indarra Junts litzateke (34), eta hirugarrena, ERC Esquerra Republicana (25). Ganberan gehiengoa edukitzeko, 68 eserleku behar dira.

Horiek horrela, Illak beste alderdi batzuen zuzeneko edo zeharkako babesa beharko luke presidente izateko. Zeren jakinarazia baitu bozak irabazten baditu inbestidurara aurkeztuko dela. Duela hiru urte irabazi egin zituen, eta, babesik ez zuenez, ez zuen ahalegina egin. Pere Aragones (ERC) izendatu zuten presidente, Juntsen eta CUPen babesarekin.

Orain, askotariko aukerak ditu Illak: itun bat Juntsekin; hirukoa ERCrekin eta Comunsekin; edo gutxiengoan gobernatzea, beste batzuen abstentzioarekin bezala babesarekin izendatua izan ondoren. Ezin zaio aterik itxi aukera bakar bati ere; ezta, kanpainan esandakoak kontuan hartuta, ireki ere.

Kataluniako Parlamentua ekainaren 8tik 10era bitarte osatuko dute. Bozak egiten dituztenetik, hogei lanegun dituzte horretarako. Eta, parlamentua osatuta, hamar laneguneko epean lehen inbestidura saioa egin behar da. Hori ekainaren bukaera aldera egiten bada eta inor presidente izendatzen ez badute, atzerako kontua hasiko da: bi hilabete edukiko dituzte presidente bat izendatzeko. Epe horretan gai ez badira, parlamentua desegin, eta 40-60 eguneko epean bozak egingo dituzte; hau da, urri hasieran edo erdialdean. Inondik inora ezin da aukera hori baztertu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.