Katalunia. Politika orokorrari buruzko eztabaida. Analisia

Katalunia, Europako estatu berria

Jaume Marfany
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
2012ko irailaren 11. Bi milioi lagun, herrialdeko herritar guztien %30 ia, Kataluniako hiriburu Bartzelonako kaleetan barrena, ANC Biltzar Nazional Katalanaren deiari erantzunez. Manifestazio masiboa, batua, demokratikoa eta baketsua izan zen, eta lelo bakar batez bete zituen Bartzelonako kaleak: "Katalunia, Europako beste estatu bat". Aho bateko deiadar bat independentziaren alde.

Gaur bukatuko da, hain zuzen, azken egunotan Kataluniako Parlamentuan politika orokorraz eginiko eztabaida. Generalitateko presidenteak, Artur Mas jaunak, hauteskundeak aurreratu ditu, azaroaren 25era. Atzo bertan iragarri zuen autodeterminazioaz erreferendum bat egiteko asmoa duela, eta hau erantsi zuen: "Espainiako estatuaren baimenarekin nahiz baimenik gabe".

ANCk lortua du lehenbiziko garaipena, hainbat guduz osatua; gudu horietan, katalan herri gehienaren laguntza baldintzarik gabea izan du, eta gogor borrokatu behar izan du, baina irabazi du. Hilabete gutxian, ANCk eztabaida politikoaren erdi-erdian jarri du Kataluniaren independentzia;herritar katalanen %30 bildu ditu herrialdearentzat estatu independente berri bat eskaeraren inguruan; dei egin die politikariei, Kataluniako Gobernuari eta Generalitateko presidenteari berari independentziarako bidea gida dezaten.

Ez da batere erraza izango Katalunia independente baterako bidea; aitzitik, garai gogor zailak etorriko dira. Gure etsaiak duda eta nahasmendua zabaltzen saiatuko dira; beldurraren mamua hauspotzen ibiliko dira; gure artean zatiketa bultzatuko dute; gure izena belzten ahaleginduko dira... Guk —katalan herriak eta gure erakundeek— erresistentziarako grina handia izan beharko dugu, kemen eta ausardia handia, askatasunaren aldeko gudu erabakigarri hau irabazteko.

Zer egin beharko du ANCk aldi berri honetan?

Gure proiektuan sakondu: egitasmo barneratzailea da, egitasmo positiboa, ilusioa eta esperantza batzeko proiektua.

Sostengua emango diegu gure erakundeei, betiere argi eta garbiindependentziarako bidean baldin badoaz.

Gure helburu nagusia, aurrerantzean ere, gizarte gehiengo sendo, egiaztatzeko moduko eta eztabaidaezin bat indartzea izango da, estatu katalan independente baten alde. Argudioak erabilita konbentzitu behar dugu jendea —eta argudio faltarik ez dugu— estatu independentea izatea ona dela Kataluniarentzat, hori dugula bide bakarra bizirik irauteko kultura, hizkuntza, politika eta ekonomia aldetik. Hori dela bide bakarra urteetan borroka eta sakrifizioak eginez lortutako gizarte eskubideei eusteko.

2012ko irailaren 11n, pauso garrantzitsu bat eman genuen gaur egungo Kataluniaren historian. Orain, argia ikusten hasiak gara tunelaz bestaldean. Espainiari, Europari eta mundu guztiari erakutsiko diegu elkarrekin segituko dugula azken bururaino, irailaren 11n egin genuen gisa berean: denok batera, modu demokratiko, jendetsu eta baketsuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.