Olatz Urkia
LEKU-LEKUTAN

Kanpoko fobiaren eta barneko zentsuraren erdian

2022ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Aste honetan Putinek esan du EstatuBatuen helburua Errusia suntsitzea dela, ekonomikoki ahuldu eta errusiarren artean gatazka sortuz. Baina presidente errusiarraren hitzetan, «errusiarrek badakite benetako patriotak eta traidoreak bereizten, eta zaborra diren horiek txistu eginez ahotik botako dituzte, kasualitatez sartu den euli bat bezalaxe». Suposatzen dut errusiarra banintz hori ikusita neure buruari galdetuko niokeela ea Putinen sistema horretan traidore bezala sailkatua izango nintzatekeen. Eta mezu horien guztien artean nolabaiteko zorabioa sentituko nuke seguruenik.

Ukrainaren inbasioak errusiarrei ere aldatu die bizitza, beldurra sortu du alde batean eta bestean, ezpataren eta paretaren artean jarri ditu asko. Moskun gerraren kontrako manifestazioetan hamarnaka mila errusiar atxilotu ditu Poliziak, eta Desinformazioaren Aurkako Legea indarrean sartu bezain laster itxi dituzte komunikabideak, Exo Moskvi aspaldiko irrati katea besteak beste.

Beldur dira, segur aski, Putinen erabakia salatzen badute jasoko duten errepresioarengatik, eta atzerrian dauden errusiarrak ere beldurtzen hasi dira, inbasioaren haritik areagotu den errusofobiarengatik. Bat-batean ikusi dute atzerrian askok zaku berean sartu dituztela, Putinekin batera. Europako hainbat herrialdetan hasi dira jatetxe eta dendak beren ateetan errusiarrak ez direla ongietorriak idazten. Italian Milaneko unibertsitate bat Dostoievski idazlearen testuak debekatzen saiatu da. Kasu horretan erabakiaren kontra altxatu dira ahotsak, eta unibertsitateak atzerapausoa eman du, baina beste batzuen kasuan errusofobia horrek eragindakoak ez du atzerapausorik.

Valery Gergiev

Gergiev da nire orkestra zuzendari gustukoena. Askotan ikusi dut bere kontzertu baten bideoa: Prokofiev konpositore sobietarraren Romeo eta Julieta sinfonia gidatzen ari da Londreseko orkestra sinfonikoan; bere begi eroak ondo irekita, ile grisa nahastuz egiten dituen bat-bateko mugimendu horiekin. Sentitzen da musika barne-barnean daramala.

Ez dakit zer egongo den orain pentsatzen Gergiev. Municheko orkestraren zuzendari finko bezala 2015etik lan egin ondoren, kanporatu egin dute Ukrainaren inbasioa gertatu eta egun gutxira. Rotterdamek ere pauso bera eman eta harremana moztu du musikariarekin. Atzetik etorri dira beste asko ere: Gergieven izena daraman festibala bertan behera utzi, kontzertuak aldatu edo bere kontratuak puskatu... Milan, Edinburgo, Viena... Ez du argi eta garbi Putinen inbasioa kondenatu eta ez du inork berarekin harremanik mantendu nahi; bat-batean gutxi axola du munduko orkestra zuzendari onenetakotzat dutela musika klasikoaren munduan.

Ukrainaren inbasioa ez da bidezkoa, zaila da ulertzea zergatik ezin dituen hitz horiek esan, baina seguruenik hori esan dezala eskatuta ezpataren eta paretaren artean jarri dute musikaria. Presidente errusiarraren laguna dela diote, ez dakit benetako laguna den, baina argi dagoena da Putinen presioa handia izango dela, beldurgarriagoa. Publikoki inbasioaren aurka aurkeztuz gero euli traidore bezala sailkatuko dute segituan, eta berak San Petersburgoko Mariinski Antzokian du postu nagusia; sustraiak ere Errusian ditu, familia.

Kanpoko errusofobia, gobernu autoritarioarentzako tresna

Joan den astean Pekinen Siberiako lagun batekin bi orduko eztabaida izan nuen. Gaiz aldatzeko eskatu nion, baina berak ez zuen onartu. Urduri zegoen normalean oso lasaia den siberiarra, Yulia. Putinek egindakoaren alde dagoela dio, presidente errusiarrak herria Estatu Batuengandik babesteko beharrezkoa dena egin duela eta urteak zeramatzala NATOk bere hedatzea jarraituz gero gogor erantzungo zuela abisatzen.

Putinek benetan errusiarrek pentsatzen dutena garrantzitsua dela uste duen galdetu nion. Isilarazi egin dituela komunikabideak eta manifestazioetan ukrainarrei babesa erakutsi nahi dietenak. Errusian propaganda herritarrak Mendebaldeko propagandarengandik babesteko beharra bilakatu dela esan zidan.

Behin eta berriz gogorarazi zidan egunotan mendebaldean izan diren keinu errusofobo guztien zerrenda ere. Eta nahastuta amaitu nuen berarekin elkarrizketa, gauza batzuetan bai, arrazoia duelako, baina beste askotan zentzurik ez, eta arraroa egiten zaidalako normalean arrazionala den laguna horrela, urduri eta haserre ikustea, bat-batean beste norbait balitz bezala. Kanpoko errusofobiak Moskura gerturatu du Yulia, inoiz baino gehiago. Bat-batean propaganda errusiarraren hitz horiek ahotan ditu: desnazifikazioa, kanpoko mehatxua. Eta zati batzuk errealak dira, besteak ez, baina beldurrak zuri-beltzera eraman du Yulia, eta patriotikoagoa da orain; Putin maite du, bat-batean.

Bi ordu horiek pasa eta alde egin zuen. Ez du inor ikusi nahi, eta batez ere ez du egon nahi Mendebaldeko atzerritarrak dauden tabernetan. Etxerako bidean pentsatu nuen agian errusofobia dela Putinentzat erreminta onena. Txinan berdina gertatzen da: kanpoko sinofobia hori da askotan gobernuaren autoritarismoa justifikatzen duena. Eta horrela errusiarrak orain, txinatarrak sarritan bezalaxe, ezpataren eta paretaren artean daude, ulertzen ez dituen atzerriaren eta errespetatzen ez dituen gobernuaren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.