Joan Gaspart. Harrigarri samarra izan daiteke 22 urtez Bartzelona Futbol Taldearen presidenteorde eta gero presidente (2000-2003) izandakoaren izena hona ekartzea, baina ezinezkoa denez zehatz-mehatz jakitea gaurko hauteskundeetan zer emaitza izango diren eta ia ezinezkoa iragartzea inbestidura bati bide emateko sedukzio jokoetan nork norekin egingo duen dantza —edo, are, nor norekin arituko den perreo-an— esanguratsua behintzat bada ikustea hura nola atera den plazara: aitortu du Carles Puigdemonti emango diola botoa. Lluis Llachek ere Juntseko presidentegaiaren alde egingo du, baina ezin da esan Gasparti, hotelen sektoreko enpresariari, PPren bozkatzailea izandakoari, kantugilearen aurpegia jarri zaionik. «Ez naiz independentista; lidergo kontua da», adierazi zion orain dela egun batzuk El Nacional.cat hedabideari.
Lidergoak aipatuta, Convergencia zenarekin Generalitateko presidente izan ziren biek ere modu aktiboan eskatu dute Puigdemonten aldeko botoa, beste hauteskunde batzuetan ez bezala: Jordi Pujolek (1980-2003) eta Artur Masek (2010-2016). Aurrenekoa kanpaina hasi aurretik mintzatu zen, jendaurreko ekitaldi batean. «Orain Juntsen txanda da». Pujol eta haren pragmatismoa. Nabarmendu zuen, gainera, Puigdemonten proiektua dela «Convergencia izan zenarengandik gertuen dagoena». Mas urrunago joan da, kanpainan parte hartu baitu, eta adierazi «inoren mendekoa» ez den presidente bat nahi duela. Ezin jakin zehazki zer esan nahi zuen, baina argi dago amnistia legea bideratuta Juntsek zama handia kendu duela gainetik, eta orain gorputzean arintasun moduko bat sumatzen duela beste zeregin batzuei heltzeko.
Boto ehizan, pentsatuz bozkatzaileak baduela memoria eta egindako lana saritzen duela, ERC Esquerra Republicanakoek mikrofono bat aurrean duten guztietan aurpegiratzen diote Puigdemonti duela gutxira arte harro esaten zuela alferrikakoa zela Madrilera joatea. Alabaina, iazko uztailetik, hau da, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin zirenetik, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarekin negoziatzen ari da Puigdemont. Emaitzetatik eratorritako aritmetikak horretarako aukera eman zion, eta erabaki du horri etekina ateratzen ahalegintzea.
Eta (beste) prozesu horretan —baita Juntsen kanpainan ere— erreferendum adostuaren auziak hartu beharrean beste gai batek hartu du zentralitatea: finantzaketa ereduak. Juntsek nahi du, ERCk planteatu bezalaxe, Katalunian ordaintzen diren zerga guztiak Generalitateak biltzea. 2012an, Atzeraldi Handiaren biharamunean, Mas joan zen Mariano Rajoyrengana, eskatzera bete zezala Kataluniako Parlamentuak onartutako zerga ituna —finean, finantzaketa ereduaren antzeko planteamendu bat—. Espainiako orduko gobernuburuak Moncloan hartu zuen Mas, entzun zion, baina, agurtzeko orduan, muturren aurrean itxi zion atea. Horrek eta 2010ean Auzitegi Konstituzionalak katalanek berek erreferendum batean onartutako estatutu berriari (2006) murrizketak egin izanak ekarri zuten independentista kopuruak gora egitea. Orduan abiatu zen prozesu subiranista.
Ordutik hamar urte pasatxo igaro diren honetan, ematen du Juntsek hautsa kendu diela Convergenciaren zigiluarekin hor nonbait gordeta zeuden karpeta batzuei. Eta inkestek dioten bezala ERCri nabarmen nagusitzen bazaio —sei eta hamabi aulkiren arteko aldearekin, adibidez?—, zilegitasuna irabaziko du bazter batean utzita dituen beste karpeta batzuk berriro irekitzeko. 2017az geroztik egin diren parlamenturako bozetako berdinketa teknikoa hautsita —duela zazpi urte, Juntsek 34, eta ERCk 32; eta 2021ean, ERCk 33, eta Juntsek 32—, aurreko urteetan izan ez den zerbait izateko moduan egongo da Junts.
Aurreko bi bozetako zerrendetan hautagai nolabait aktibistago batzuk nahastu zituen Convergenciatik zetozenekin. Oraingoan, Anna Navarro da bigarrena. Silicon Valleyn ibilbide luzea du, eta Juntsek berak iragarpena egiteko kaleratu zuen oharrean nabarmendu zuen «zerrendaren soslai ekonomikoa» indartuko zuela. Ezin jakin Juntsek zer neurri ekonomiko bultzatu nahiko dituen Generalitateko presidentetza hartuz gero, baina, maiatzaren 3an programa ekonomikoa aurkezteko egindako agerraldian, Puigdemontek pista batzuk eman zituen. Xehetasunik eman gabe, adierazi zuen zerga batzuk «murriztu» egingo lituzkeela, eta beste batzuk «kendu».
Agerraldia baliatu zuen, bide batez, Sanchezi mehatxu egiteko: «Ez badigute uzten zerga guztiak biltzen, Espainian ez da aurrekonturik egongo. Juntsen zazpi botoek ez diote bide emango aurrekontu orokorrak onartzeari». Daukaten beto eskubideaz jakitun dira Puigdemont-eta. Aurrekonturik ez onartzeak lurrikara politikoa ekarriko luke, baina, ikusitakoak ikusita, ezin ziurtatu Sanchezen azkena izango litzatekeenik.
Nolanahi den, Juntsek negoziatzen jarraituko du, Convergenciaren espiritua bere eginez. «[Moncloan] nor dagoen, harekin negoziatuko dugu», azpimarratu zuen Masek maiatzaren 1eko mitin batean; hala, iradoki zuen ez diotela uko egiten PPrekin akordioak egiteari, Puigdemontek azaroan Manfred Weber Europako Alderdi Popularreko buruari jakinarazi zion bezala Bruselan izandako festa batean. Juntseko iturriak aipatuz kaleratu izan denez PPk aurrena Voxengandik aldendu beharko luke horretarako. Hain zuzen, eskuin muturra fagozitatu nahian dabil.