Iñigo Bilbao Sagastiberri.
Leku-lekutan

Judu eta komunisten elkar hartze makurra

2024ko maiatzaren 26a
05:10
Entzun

Datorren igandean jakingo dute mexikarrek nor izango duten presidente datozen sei urteetan. Seguru dagoen gauza bakarra da agintari gorena emakumezkoa izango dutela, estreinakoz. Eta apustu egin daiteke, galtzeko beldurrik gabe, judu laikoa izango dela. Bai, Claudia Sheinbaumek ditu irabazteko aukerarik handienak, inkesta guztien arabera, eta Morena mugimenduko presidentegaia judua da, Vicente Fox presidente ohiak hauteskunde kanpainan behin eta berriro gogoratu digun bezala. Azkena, albiste faltsu baten harira. Ustez Excelsior egunkariak argitaratutako ohar faltsua partekatu zuen Foxek, X sare sozialean: Sheinbaumek Guadalupeko Basilika itxiko zuen museo bihurtzeko. «Utikan! Orain bai, erotu zaigu Claudia, emakume judu hori», idatzi zuen Foxek Sheinbaumen jatorri judua nabarmenduz.

Sheinbaum hautagaiaren lau aitona-amonak juduak ziren, Lituania eta Bulgariatik Mexikora migratutakoak. Carlos Alazraki eskumako kazetari juduak aukera izan duen guztietan argitu bezala, komunistak ziren aipatu migratzaileak, doktrina berean hazi zituzten seme-alabak, eta Sheinbaum, horregatik guztiagatik, «bere jatorria gorrotatzen duen kakajale hutsa da».

Judu guztiak ez datoz bat uste horrekin. Ilan Stanvans unibertsitate irakasleak The New York Times egunkarian plazaratu duen iritzi artikuluan nabarmendu bezala, aukeratua bada, Sheinbaum izango da Mexikoko lehen presidente judua: «Gutxitan aitortzen du publikoki bere burua judu, eta ez du bere jatorria nabarmentzen, ezta saihesten ere». Stanvans judu mexikarra den aldetik, «harriduraz eta baikortasunez» ikusi ditu mexikar ugari, nagusiki katolikoa den herrialdean, jatorri judua duen norbait babesten.

Erlijioak erlijio, Eliza katolikoa, konstituzioak agintzen duenari jaramon egin ez, eta zuzen-zuzenean sartu da hauteskunde kanpainan. Foxek ez bezala, Elizak ez du hautagaiaren jatorri judua nabarmendu nahi izan, baina bai komunismoarekiko ustez duen lotura makurra. Legeak berariaz debekatzen die Eliza guztietako ordezkariei politikagintzan jardutea. Bost axola konstituzioa katolikoei. Rafael Pacheco Pueblako abadeak Sheinbaumen alde ez bozkatzeko eskatu die eliztarrei, hark irabaziz gero, etxeak eta jabetzak kenduko dizkietela esanez.

Ez da kasu isolatua, eta izan dezake eraginik hauteskunde emaitzetan. Ezin dugu ahaztu Eliza katolikoak, guztira, 77 milioi fededun baino gehiago artatzen dituela Mexikon. Inkesta ofizialen arabera, 2022an, mexikarren %77,7 katoliko gisa identifikatzen ziren. Hortaz, hamar mexikarretik zortzi katolikoak ei dira. Horregatik ozpindu dituzte horrenbeste Morena mugimenduko kideak azken egunotan han eta hemen antolatu diren otoitzaldiek. Atzo zortzi, esaterako, bakearen aldeko ibilaldira deitu zuen Eliza katolikoak Cuernavaca hirian. Bertan, Ramon Castro gotzainak, botoa «gobernu gaiztoa» zigortzeko baliatzea eskatu zien kaleak hartu zituzten milaka herritarrei. Kate luze baten azken katebegia.

Alfonso Cortes Guanajuatoko artzapezpikuak Morenaren alde ez bozkatzeko eskatu die eliztarrei, mugimenduak abortua sustatzen duela argudiatuz. Hilabete arinago, Guadalajarako artzapezpiku Juan Sandoval Iñiguezek, Morenaren eta, beraz, Sheinbaumen aldeko botorik ez emateko eskatu zuen sare sozialetan, komunismoaren mamua astinduz. «Boterean direnek irabazten badute, komunismoa datorkigu, berekin dakartzan gaitz guztiekin», zioen artzapezpikuak.

Chihuahua eskualdean muturrera eraman dute deiadarra eta, astelehenean hasi eta ostirala bitartean, goizeko bederatzietatik iluntzeko zortziak arte, otoitzean jardun dute bertako katolikoek, «Jainko santuak libra gaitzan komunismotik». Deialdia Juan Manuel Hernandez Fierro monsinoreak egin zuen.

Aitortu dezagun, baina, «gobernu gaiztoaren» kontra Eliza katolikoak hasi duen gurutzadan egon dela harribitxirik. Bitxiena, Chilpancingo hirian jazotakoa. Apirilaren 27an Sanvador Rangel gotzainaren ustezko bahiketa salatu zuen Elizak, eta gobernuari egotzi zion erantzukizuna, talde kriminalen jardunaren aurreko utzikeriagatik. Hilabete lehenago, eskualdeko talde kriminalekin batu zen Rangel, haien su etena adosteko. Desagerpena Andres Manuel Lopez Obrador presidentearen gobernuari leporatu zioten, hauteskunde kanpaina bete-betean zela.

Bi egunen buruan, hiriko ostatu bateko gelan gizon bat aurkitu zuten, biluzik eta tentel, hitz egiteko gai ez zela. Kokaina eta benzodiazepina izeneko drogarekin zegoen hordituta, eta zera tentetzeko erabili ohi diren pilula pizgarri bi hartuak zituen: lehertzear zegoen. Bi egun behar izan zituzten Rangel gotzaina zela jakiteko.

Poliziak ostatuko bideo irudiak eman zituen argitara, Rangel bere kabuz sartu zela bertara, beste gizon batekin, frogatzeko. Osteko txantxa erabatekoa izan zen. Elizak bahiketa tesiari eutsi dio egoskor, eta agintariak gotzainaren eta Elizaren beraren izen ona lohitu nahian dabiltzala salatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.