Olatz Urkia
Leku-lekutan

Japonia, eskuinean eroso

2024ko urriaren 27a
05:05
Entzun

Gaur, Parlamenturako hauteskundeetan, 465 eserleku egongo dira jokoan. Japoniako Alderdi Liberal Demokratikoak (LDP) gehiengoa lortzeko itxaropena du beste behin; hori bai, ezarri duen helburua normalean izan ohi duena baino xumeagoa da: 233 eserleku mantendu nahi ditu, eta orain arte 256 zituzten. Izan ere, LDP alderdiak agintean ia zazpi hamarkada egin dituen arren, ez dago orain momentu onenean: krisi ekonomikoa, ustelkeria eskandaluak, defentsa aurrekontuaren bikoiztea bezalako gai gatazkatsuak… Japoniarrek arrazoiak badituzte aldaketa baten ordua iritsi dela erabakitzeko.

2009a berriz?

Oraindik beste urte bat geratzen zen hauteskundeetarako, baina Fumio Kishida lehen ministro ohiak hainbat ustelkeria eskandaluren ondorioz kargua utzi ondoren, presaka hautatu dute LDP alderdiaren lider berria eta herritarrak hautetsontzietara deitu dituzte.

Inkesta gehienek alderdi kontserbadorearen garaipena aurreikusten dute, arrazoi nagusia oposizioaren banaketa eta adostasunik eza delarik. Kyodo albiste agentziaren arabera, LDP alderdiak botoen %26,4 lortuko lituzke, eta oposizioko Alderdi Demokratiko Konstituzionalak (CDP), %12,4. Badago ere kontrakoa iragartzen duen baten bat: Nikkei egunkari ekonomikoaren arabera, 2009. urtetik ikusi ez den tentsio politikoa bizi du Japoniak orain, eta 2009a izan zen, hain zuzen ere, LDP alderdia galtzaile atera zen momentu bakarra.

(ID_14300315) JAPAN POLITICS ISHIBA
Ishiba, goian, eskuinean, joan den urriaren 1ean. FRANCK ROBICHON / EFE

Urte hartan —adituen arabera, nazioarteko krisi ekonomikoaren ondorioz—, japoniarrek alderdi kontserbadoreari ezustean bizkarra eman, eta Japoniako Alderdi Demokratikoa eraman zuten agintera. Hori bai, Yukio Hatoyama ministroak urte bakar bat iraun zuen lidergoan; batez ere, kanpainako promes nagusietako bat ezin izan zuelako bete: Okinawan estatubatuarren presentzia militarra murriztea, hain zuzen ere. Bere alderdiaren erreleboa hartu zuten hurrengo biek ere ez zuten asko iraun, eta hurrengo hauteskundeetan LDP kontserbadorea atera zen berriz garaile.

Aldaketa handien beldur

LDPk ez du Okinawako militarrak kanporatzeko inolako promesik egin behar, are gutxiago orain, Ukrainako gerrak japoniarren artean ere arrisku sentsazioa sortu duen honetan. Txinaren ustezko mehatxua eta Ipar Korearen garapen nuklearra ere asko erabiltzen ditu Tokiok, azken urteotan eman duen bira azaltzeko: Fumio Kishida agintean egon den hiru urteotan, Tokio Washingtonengana are gehiago gerturatu da, eta aurrekontu militarra inoiz baino gehiago handitu du: aurten, aurrekontu hori %7,4 igo da aurreko urtearekin alderatuz. Garapen militarrerako bidea 2012an hasi zuten Shinzo Aberekin, baina azken urteotan —batez ere, Ukrainako gerra hasi ondoren— prozesua inoiz baino gehiago azkartu da Kishidarekin.

Zentzu horretan ditu LDP alderdiak kritiko asko: Japoniak azken hamarkadetan mantendu duen jarrera bakezale horri eutsi nahi dio, besteak beste, Okinawako mugimendu bakezaleak. Hegoaldeko irla horretan daude militar estatubatuarren %70, eta bertan dago Asian estatubatuarrek duten base militar handiena: Kadena. Okinawatarrek urteak daramatzate base berrien eraikuntza geldiarazi nahian, baina azken urtean borroka hori indarra galtzen ari dela diote; alde batetik, mundua krisian dagoen sentsazio horregatik, eta, bestetik, gazte japoniarrek nahikoa kezka dutelako ekonomiaren egoera ikusita.

Japoniak azken hamarkadetan mantendu duen jarrera bakezale horri eutsi nahi dio, besteak beste, Okinawako mugimendu bakezaleak

Langabeziari ez ezik, aurten inflazioari ari dira aurre egiten: yenaren erorketa eta ondorioz inportazioen garestitzea ere… Japoniak arazo ekonomiko asko ditu. Egoera horretan, hori da hauteskunde hauetan protagonista izango den gaia, eta LDPren hautagai Shigeru Ishibak ekonomiari bultzada bat emateko 87.000 milioi dolarreko aurrekontua iragarri du kanpainan. Ikusteko dago promes hori nahikoa izango den.

Hala ere, gehiengoak ez du sorpresa handirik espero: agintean beti alderdi bera ikustera ohituta dauden japoniarrak eroso daude arrisku handirik hartu gabe. Gainera neutralagoak direnen eta gazteen artean, Shigeru Ishiba, LDPren hautagai berriak, alderdi eskuindarra erdialdera eramango duen itxaropena dago: emakumeen eskubideen eta sexu berekoen ezkontzaren gaiak mahai gainean jarri ditu behin baino gehiagotan, eta hori ez da LDPren barnean ohiko zerbait. Hala ere, lehen ministro izendatua izan bezain laster —joan den urriaren 1ean—, bere alderdikideen presioa dela-eta gai horiek alde batera utzi dituela salatzen dute berarekin kritikoak direnek. Gaur ikusiko da japoniarrek benetako aldaketa nahi duten edo ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.