Trump presidenteak muga-zergen inguruan egindako mehatxuak azkenik beteko ziren, edo ez, zain geundela, Mexikori buruzko albiste ikaragarri batek hartu du leku munduko hedabide gehienetan. «Izaguirre rantxoa: Auschwitz mexikarra omen gara, baina Teuchitlan ez da izugarrikeria horren erruduna», horixe zioen BBC britainiarrak hilaren 15ean, Jalisko eskualdeko etxalde batean aurkitutakoaren harira. Sarraski gune, errausketa-labe, ehunka hezur, bahitutako gazteak, hildakoak… izugarria izan da benetan albistea jantzi eta osatzeko erabili diren esamoldeak. Bitxia albisteak eragin duen aztoramendua, kontuan izanik jakina dela, edo beharko lukeela izan, Nazio Batuen Erakundeak berak eman zuelako jakitera 2022an 100.000 desagertu baino gehiago dituen herrialdea dela Mexiko. Kopuru horrek ernegatu beharko gintuzke, ez desagertutakoen aztarnak aurkitu dituztela jakiteak.
Claudia Sheinbaum presidentearen gobernuak onartu du Izaguirre rantxoa Jalisco Kartela Belaunaldi Berria (CJNG) deituriko taldearen entrenamendu gune bat zela. Bertan, antza denez, segurtasun alorreko lanpostu faltsuen amuarekin atzemandako gazteak sikario izateko trebatzen zituzten. Astero 200 eta 600 euro arteko soldaten gezurrezko eskaintzekin, gazteak errekrutatzen zituen kartelak, bere sikario izateko. Engaiamenduari muzin egiten edo ihes egiten saiatzen zirenak jipoitu, torturatu eta hil egiten zituztela azaldu du gobernuak.

Ezin uka gehiegikeria dela CJNG taldeak gazte horiekin egin zuena, eta egiten duena. Errazena litzateke munduko hedabideetan irakurritakoak hemen errepikatzea, CJNG eta gainerako kartelak zein kriminalak diren esanez. Eta izan, hala dira. Baina albisteari eman zaion tratamendu eta erabilera ikusita, hor zerbait gehiago ere badagoela atzematen da. Reforma egunkariak, esate baterako, sarraski-gune deitu zion Izaguirrekoari eta, bide batez, saiatu zen ustezko aurkikuntza Trump presidenteak CJNG bera eta beste zenbait talde terroristatzat izendatzeko hartutako erabakiarekin lotzen. Horrekin zuritu egiten zen, nahita edo nahi gabe, AEBek Mexikon bidera zezaketen edozein esku hartze militarra. Ez zen Reforma izan gako biak lotzen ahalegindu zen bakarra.
Ustezko aurkikuntza dago idatzita, Izaguirrekoa ez zutelako martxoaren 8an aurkitu, Jaliscoko Gerlari Bilatzaileen taldeak horixe nabarmendu nahi izan duen arren. Guardia Nazionalak operatibo bat gauzatu zuen etxaldean iazko irailean. Orduan hamar lagun atxilotu zituzten, ustez bahituta zeuden beste bi askatu, eta hilotz bat aurkitu zuten. Auzia Jalisco eskualdeko fiskaltzaren esku utzi zuten, eta hark ez zuen ezer egin, ez orduan ez gero. Etxaldeko ateak zabal-zabalik utzi zituzten, eta sei hilabetean, antza, ez da inor egon bertan, orain arte. Ez gara konspiraziozaleak baina Gerlari Bilatzaileek mezua zabaldu eta bi egunera, Trumpen gobernuko goi funtzionario batek, Narkotikoen Nazioarteko Auzien Bulegoko Cartwright Weiland izenekoak, bat egin zuen, Izaguirrekoaren harira, oposizio mexikarrak martxoaren 15erako Zocalo plazan deitu zuen Dolu Nazionalarekin. Horrekin batera, Sheinbaum presidenteak martxoaren 9an muga-zergak salatzeko eta Mexikoren burujabetza berresteko Zocalon bertan egindako ekitaldi jendetsua salatu zuen funtzionario estatubatuarrak: «Azkarregi dirudi emakumeak eta haurrak Guanajuato bezalako lekuetan hil egiten dituztela ospatzeko».
100.000 desagertu baino gehiago dituen herrialdea da Mexiko. Kopuru horrek ernegatu beharko gintuzke, ez desagertutakoen aztarnak aurkitu dituztela jakiteak.
Egun horietan gainera, ustez CJNG taldekoak ziren eta benetako arma astunekin agertzen ziren sikarioen bideo bat ezagutu genuen. Hizkeragatik eta, batez ere, mezuaren edukiagatik, argi zegoen bideoa faltsua zela. Hainbatek Sheinbaum presidentearen gobernuari egotzi zion bideoa, eta beraien ustez auzian duen erantzukizuna zuritzeko egina zela esan zuten. Ofizialismotik, baina, Jalisco eskualdeko tokiko agintariengan ipini zuten bideoaren gaineko susmoa, oposizioko Mugimendu Hiritarra alderdiko gobernadorearen eta, bereziki, haren fiskalaren utzikeria agerian utzi duelako auziak.
Izaguirre rantxoaren gaineko albistea puztu bezala desagertzen ari da pixkana hedabide nagusietatik. Errepublikako fiskaltza nagusiak bere gain hartu du auzia, eta, printzipioz, argi geratu da Izaguirrekoa talde kriminalen sintoma dela, eta ez, joan den mendeko 60ko hamarkadan gertatu bezala, estatuko estolden emaitza, eta, oraindik gutxiago, egungo gobernuak egindako ezer. Argi geratu da, edo ez. Irakurri, entzun edo ikusi direnak horren larriak ziren, edo ziruditen, zaila dela oso burutik kentzea gobernuak basakerion jakinaren gainean egon behar zuela, nahi eta nahi ez. Oposizioak, hedabide nagusiek, eta AEBk Mexikon duten enbaxadak lan bikaina egin dute errelatoaren sortze eta finkatzean. Muga-zergen mehatxua bezain bizirik dago, beraz, narkoaren kontrako AEBetako esku-hartze militarrarena.