Israelek Europako Batasuneko (EB) estatu batzuen aldetik duen babesarengatik —arrazoi historiko, politiko edo ekonomikoak direla medio—, Benjamin Netanyahuren gobernua zigortzeko erabakia adostea ezinezkoa da Europa mailan. Azkeneko adibidea hil honetan bertan ikusi dugu: Hungariak eta Txekiak betoa jarri diete Zisjordaniako lurrak okupatzen dituzten muturreko kolono israeldarren aurka prestatutako zigorrei. Europako Batasunaren eta Israelen arteko lotura ekonomikoak asko hazi dira 2000. urtean bien arteko akordioa indarrean sartu zenetik; egun, Israelentzat Europako Batasuna bere merkaturik garrantzitsuena da; hain zuzen, esportazioen %28. Europako Batasunaren merkataritza harremanetan, ordea, Israelek oso pisu txikia dauka, %0,8koa besterik ez.
Irlandak, Espainiak eta Belgikak bultzatuta, EBko zortzi herrialdek giza eskubideak urratzeagatik EBren eta Israelen arteko merkataritza akordioa berehala aztertzea eskatu diote Europako Batzordeari, akordio hori mantentzeko baldintzetako bat Israelek giza eskubideak errespetatzea baita. Batzordearen partetik ez dago oraindik erantzunik; bigarren agintaldirako hauteskunde kanpainan murgilduta dagoen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ez dauka presarik, Israelek eta Hamasek su eten bat noiz lortu zain baitaude Bruselan.
Su etena Europako Parlamenturako hauteskundeak baino lehen iristen baldin bada, hobeto. Horrela, palestinarren hilketengatik Israel zigortzeko Europako Batasunak daukan ezintasuna ez da hain agerikoa izango.
EBren atzerri politika eta merkataritza gaiak aho batez onartu behar izateak, beste behin, oztopatu egiten du Bruselak neurri eraginkorrak hartu al izatea. Josep Borrell EBko diplomaziaren buruak dioenez, apurka-apurka bada ere, sarraskien kopuruak gora egiten duen heinean herrialdeak ari dira palestinarren aldeko posizioetara mugitzen.
Nazio Batuen Erakundean egin zuten azkeneko bozketan Europako Batasuneko hamazazpi herrialdek egin zuten su etena eskatzearen alde. Zenbat bozketa erronda gehiago egin beharko dituzte 27ek aldeko botoa eman arte?
Europako Batasunean Israel ekonomikoki zigortzeko formula bat bilatu behar dute, zigortzen ari direla esan eta erakutsi gabe, erabakiari betoa ezarri diezaioketenek oztoporik jar ez dezaten.
Horiek horrela, herrialde bakoitzak bere kabuz neurriak hartu beharko ditu, EBk ez daukalako berehala eragina izango duten neurri eraginkorrik hartzeko gaitasunik. Herrialdeek lotura maila desberdinak dituzte Israelekin, baina badute gauza komun bat: herritarren gehiengo zabalak palestinarrak babestu eta Israel zigortu nahi duela. Herritarrek euren gobernuei egiten dieten presioaz gain, bakoitzak dirua nola gastatu erabaki dezake. Produktuak eta zerbitzuak erosi aurretik, jatorrian erreparatzea, alegia, eta horren arabera erostea ala ez.
Eta Europako Batasunak zer egin lezake? Beharbada, Europako Telebista Publikoen erakundeak (EBU) Eurovisionerako hartu duen estrategiari jarraitu beharko lioke: Israel zigortu, zigortuko dutela esan gabe. Israeli bi aldiz bota diote atzera Eurovisionerako aurkeztu duen kanta, joan den urriaren 7an Hamasek israeldarren aurka egindako hilketekin zerikusia duten hitzak jasotzen dituztelako abesti horiek, eta, beraz, kutsu politikoa dutelako.
Lehiaketaren oinarrietan debekatuta daude abesti politikoak. Israeli ez diote galarazi Eurovisionen parte hartzea, baina abestirik gabe ezin du parte hartu. Europako Batasunak gaitasun ikaragarria du ingeniaritza legala eta irudimen politikoa erabiliz zatiketak gainditzeko eta jarrera bateratuak adosteko. Israel ekonomikoki zigortzeko formula bat bilatu behar dute, zigortzen ari direla esan eta erakutsi gabe, erabakiari betoa ezarri diezaioketenek oztoporik jar ez dezaten.