Iritzia

Ispilua

2013ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Hitz hauek besarkada bat dira, giro zurrunbilotsu eta egunetako hautsaren aurrean. Izuaren makinaren aurrean aleak jarriz joan gara, hari ikusezinetan besarkatzen diren ehun izatera iritsi arte. Borroka luze baten ostean dator sententzia. Zaila da esaten noiz hasi zen. Egun bat jarri behar badugu, beharbada emakumeek haur jaio berriei emateko arto aleak ahoan murtxikatzen zituzten egunak jarri behar ditugu, ihes betean zeuden bitartean. Hilketaren eta isiltasunaren aurrean, eta gero, hitzaren aurrean. REMHI Guatemalako Memoria Historikoa Berreskuratzeko Proiektura jo zuten alargun haiek bezala: «Sinets iezaguzue».

Guatemala nunca más saileko bigarren liburukia idatzi nuenean, indarrak etorkizunean pentsatuz hartu behar nituen, krudeltasunari buruz idatzi ahal izateko, sarraskiak nola planifikatu zituzten kontatzeko, burokraziari eta egin zuten lanari buruz jarduteko. Garai haietan arau inplizitu bat zegoen armadan: dena egin daiteke, baina ondo eginda. Metodo horren funtsa dena suntsitzea zen, hilketak dosika eginez, aztarna guztiak ezabatzeko.

Justizia egiteko ahaleginekin batera, mehatxuak datoz, badakigu. Baina historiatik kanpo daude. Menderatuak izanagatik garaituak izan ez direnen esparrua da oraingo hau. Badakigu, halaber, balio militarra boterearen lubakietan geratzen dela. Egiaren balioa behin eta berriz hitz egitera ausartzen diren biktima eta lekukoena da, nahiz eta hitz egitea arriskutsua izan. Balio militarra ez da aitorpenera iristen. Bat-batean ahaztu egiten dira: ni ez nintzen han egon, nik ez nuen jakin, beste batzuk izan ziren. Zapaltzaile guztiek, ispiluan ez begiratzeko ,Alzheimer selektibo mota bat daukate. Baina epaiketa hau ispilu handi bat da. Ez dago begiratzea beste aukerarik. Eta diktadoreak bere zentzu guztiak ukatzen baditu ere, —lehena, gizatasunarena— zentzua denentzat da. Guatemalako gizartearentzat eta planeta osoarentzat. Gaur egunera arte iristen diren izugarrikerien erantzuleentzat. Justiziak ez du iraganera begiratzen. Egungo botereak aldatzeko osagai bat da. Zuzenbidea ahalik eta gehien okertzen da, helegitez helegite, azpijokoz azpijoko.

Oraindik badago bidea egiteko, baina epaia ospatu eta gure arbasoak deitzen ditugu, gure hildakoak eta desagertuak. Gogoan ditut diktadorea mitin bat ematera aurkeztu zenean Rabinaletik irtetera bultzatu zituzten emakume indigenak, arbuioaren ahanzturatik atera zituzten hildakoen hiletan. Zauriak errespetuaren ukenduarekin sendatzen dira. Eta ukendu hori, neurri batean, justizia ere bada. Eskerrik asko, guztiei, posible egin duzuelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.