Igor Susaeta.
Gerra Ukrainan. Errusiaren inbasioak urtebete. ANALISIA

Irtenbidea militarra izatearen arriskuez

2023ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Ukrainako gerrako suari egur gehiago botata erantzuten ari zaio Mendebaldea. Duela ez askora arte, aliatuek esaten zuten ez ziotela Kievi arma astunik emango; hau da, ez zizkiotela, esaterako, borrokarako ibilgailu blindatuak entregatuko. Ematen zuen, beraz, ezetz, ez zituztela Abrams, Challenger, Leopard 2 eta, besteak beste, Leclerc tankeak gerra frontera bidaliko. Iruditzen zitzaien erabaki horrek koska bat estutu zezakeela gatazka, fase nolabait arriskutsuago baten ateetara eraman zezakeela. Erabakitasun handirik gabe, baina AEBak negoziatzeko aukerez mintzo ziren artean. Orain, ordea, ez, nagusiki gerra dialektika gailendu baita diskurtsoetan. Esan daiteke Ukrainari emandako laguntza militarraren testuinguruan marra gorri bat zeharkatu dutela NATOko herrialdeek; eta Errusiak probokaziotzat hartu du. Dena den, marra hori gurutzatua izan aurretik ere, Mosku gerra luze baterako ari zen prestatzen bere burua. Horren harira: batzuen zein besteen erabakiak aintzat hartuta, arma industriak pozik egoteko motiboak ditu.

Ikusi gehiago:GERRA HAUSPOTUZ

Inteligentzia zerbitzuak ari dira iragartzen Errusiak erasoaldi handi bat hasiko duela berandu baino lehen —iturri horien arabera, ziurrenik Donbassen—, eta Kievek ere erasora jotzeko asmoa du, Kirilo Budanov Ukrainako inteligentzia militarraren arduradun nagusiaren esanetan. Estrategia militarrean adituak direnek diotenez, lehen kolpea ematen duenak asko izaten du irabazteko... Ukrainara borrokarako tankeak eramango zituztela jakinarazi zutenean, NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek adierazi zuen Mendebaldeak arma astunen bidez egindako ekarpen militarrak Kievi lagun ziezaiokeela gerra «irabazten». Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak, baina, ohartarazpen bat egin zuen: «Ez dago ziurtasun matematikorik esateko bidalketa honen emaitza nahi dena izango dela». Areago, Mark Milley AEBetako Estatu Nagusiko buruzagiak pentsatzen du Errusiak eta Ukrainak ez dutela aurkaria, etsaia, militarki menperatzeko aukerarik. Hau da, ez dagoela gerra honentzako irtenbide militar posiblerik.

Paraleloki, Ukraina gero eta hornituago egongo da militarki, eta, martxa honetan, Europako armada indartsuenetako eta entrenatuenetako bat izango da, nahiz eta ikusteko dagoen erasorako zenbat ibilgailu blindatu emango dizkioten azkenean, eta horiek nola baliatuko dituen. Kontuak kontu, eta zuzenean tropen bidez ez bada ere —Scholzek azpimarratu du NATOren herrialdeetako soldaduek ez dutela «zuzenean» parte hartuko—, Mendebaldeko aliantza militarra bete-betean sartu da Ukrainan. Orduan, komeni da gogoan izatea inbasioa hasi aurretik Vladimir Putinek AEBei egindako segurtasun eskaeretako bat zela aliantza militarrak Europa ekialdean dituen ahal handiko armak Errusiaren mugetatik urruntzea. Inbasioa justifikatu zuen, hain zuzen, esanez NATO Errusiaren mugetatik gertu hedatzen ari zela, Krimeari eraso egiteko.

Mendebaldeak tankeak entregatzeko konpromisoa hartuta, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak irismen luzeko misilak eta borrokarako hegazkinak ere eskatu dizkio Mendebaldeari azken asteetan. Kievi 150 kilometroko irismena duten misilak entregatzekoak dira AEBak, baina Scholzek nabarmendu du ezetz, «inondik inora» ez dagoela hegazkinen aukera mahai gainean. Berlindik eta Washingtondik mezu bera zabaldu dute. Baina hemerotekara jo daiteke frogatzeko iazko apirilean kantzilerrak esan zuela bere esku dagoen guztia egingo zuela hirugarren mundu gerra eragin zezakeen gatazka areagotzea eragozteko. Bederatzi hilabete geroago, ordea, erasorako tankeak bidaltzea onartu du. Ekainean, antzera mintzo zen Emmanuel Macron Frantziako presidentea: «Ez gara gerran sartuko. Erabaki dugu tankerik edo borrokarako hegazkinik ez ematea». Halere, inbasioa hasi zenetik urte bat bete behar den honetan, potentziek ezin dute bermatu Macronen adierazpenaren lehen zatia konplituko dutenik, ezta, ikusitakoak ikusita, aliatuen abioiek hurrengo hilabeteetan Ukrainako zerua urratuko ez dutenik ere, bi erabaki horiek eragingo lituzketen ondorio ez-positibo guztiekin.

Eta Kremlineko buruzagiak adierazten ari dira Mendebaldeak arma astunen bidez Ukrainari emandako laguntza militarrak ez diola onik egingo gatazkari. Horien artean, Dmitri Medvedev Errusiako presidente ohi eta Segurtasun Kontseiluko presidenteordeak haizatzen du, batez ere, hirugarren mundu gerraren mamua. «NATOren hedatzeak hirugarren mundu gerraren arriskua dakar», ohartarazi zuen tankeen entrega adostua izan eta gero. Ikusteko dago aliatuak Ukraina militarki hornituz joan ahala nola erreakzionatuko duen Moskuk, baina aurreratu du horrek gatazkaren areagotze «arriskutsu bat» ekarriko duela. Kremlinek ez du baztertzen arma nuklearrak erabiltzea, baldin eta bere «izatea» arriskuan badago. Ez da erraza jakitea horrek zehazki zer esan nahi duen, baina hona datu bat arriskuari begietara begiratzeko: Errusia da munduan buru nuklear gehien dituen herrialdea.

Horiek horrela, uneotan zaila da negoziazio mahai bat imajinatzea. Batez ere, eta teoriari erreparatuta, elkarrizketak emateko beharrezkoa delako gerran dagoen alde batek bestea militarki nabarmenki menperatzea. Orain ez dago batere garbi: biek bulartsu itxura plazaratzen dute. Duela ia urtebete, ordea, mahai beraren bueltan eseri ziren; Financial Times-en arabera, hamabost puntuko zirriborro bat ari ziren lantzen. Baina bat-batean eten ziren elkarrizketa horiek. Harald Kujat Alemaniako armadako jeneral erretiratu eta NATOko batzorde militarreko presidente ohiak «iturri fidagarriak» aipatuz orain gutxi elkarrizketa batean jakinarazi duenez, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministro zenak eragotzi zuen ituna, arrazoituz Mendebaldea ez zegoela prest gerra bukatzeko.

Bitartean, gerrak jarraituko du ukrainarren sufrikarioa areagotzen, herrialde baten txikizioa handitzen, eta eragin duen krisi humanitario erraldoia larriagotzen. Berdeak-EAL aliantza ere ? hori elikatzen ari da. Urtarrilaren 18an, tankeak «lehenbailehen» bidaltzeko eskatu zion Scholzi Europako Parlamentuak, Berdeak-EALen zuzenketa bat onartuz. Eta Ukrainan, Europan, gerra bat egonik, non daude kontinenteko ezkerrak? Zer ari dira planteatzen gaitzespen adierazpenetatik haratago? Ozeanoaren beste aldetik iritsi da proposamen bat: Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidentearen intentzioa da nazioarteko aliantza bat osatzea gatazkari irtenbide negoziatu bat emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.