Ghjustizia e verita. Justizia eta egia. Horra zer zioen Bastiako lizeoko ikasleek ikastetxe atarian zintzilikatu zuten banderolak, Yvan Colonna oraino koman zegoela. Alta, Colonna atxilotu zuten urtean ez ziren sortuak ere. Baina jakin badakite Colonna nor den, nor zen. Cargeseko artzaina, Korsikaren alde borrokatu zuen militante independentista, 1998an Claude Erignac orduko Korsikako prefeta erailtzeagatik kondenatu zutena. Artean sortuak ez izanagatik ere, haren erruduntasunean ez du sinesten gazteriak —zer errana eman zuen auziak, eta abokatuek bezala Colonnak bere errugabetasuna aldarrikatu du bururaino—.
Gainera, ez dute ulertzen ea segurtasun handiko kartzela batean nola gertatu ahal izan den hark jasan zuen jipoia. Are, ekidin zitekeela ere uste dute, Frantziako justiziak legea errespetatu balu Borgoko (Korsika) kartzelara hurbilduko baitzuten. Arrazoi horiek guztiek injustizia sentimendu ikaragarria sortu dute gazteengan. Eta injustiziei aurre egiteko borrokatzeko prest agertu dira azken asteotan, Parisi igorritako mezu argi batekin: Frantziako Estatua hiltzailea.
Colonnak jasandako jipoia uharteari su eman dion pindarra izan dela diote anitzek; zazpi urteko ziklo instituzionalari bukaera eman dion gertaeratzat jo dute beste hainbestek. Frantziako Gobernuak berak ezin izan dio entzungor egin egoerari, eta Gerald Darmanin Barne ministroa igorri du uhartera, negoziazio fase bati hasiera emateko. Alderdi nazionalisten arteko desadostasunak agerian utzi ditu dagoeneko negoziazio faseak, Core in Fronte eta Corsica Libera independentistek eta PNC Korsikako Nazioaren Alderdi autonomistak uko egin baitiote Darmaninek eta Gilles Simeoni Korsikako gobernuburuak adostu duten agiria sinatzeari. Karrikako mobilizazioekin segitzeko deia egin zuten ere gazte mugimenduek.
Bada, negoziazio fasea hasi berritan hil da Colonna, eta jipoiaren ostean sortutako mobilizazioa areagotzea espero dute anitzek. Atzo, jadanik, elkarretaratzeak egin zituzten espontaneoki Bastian eta Ajaccion, haren omenez. Eta azken asteotan ere, azken orduko mobilizazioak antolatzeko gaitasuna erakutsi dute gazte korsikarrek, alderdien sostenguarekin.
Hemendik aitzina, jadanik agerikoa zen injustizia sentimendua areagotuko dela pentsa daiteke. Karrika izan da garaiotan injustizia horren kontrako borrokaren agertoki nagusia, eta baliteke hala izaten segitzea. Galdera zera da: nola eragingo du horrek Korsikako gobernuburuak Parisekin hasi berri duen negoziazio fasean? Azken asteetan lortutako indar harremana atxiki nahi dute, dena den.