Olatz Urkia
Leku-lekutan

Indonesian ere, militarrak bueltan

2024ko otsailaren 25a
05:15
Entzun

Indonesiak ez du asko iraun agintari militarretatik libre: hamar urte. 2014an Joko Widodo izan zen elite militarretatik kanpo egon arren presidente izatera iritsi zen lehena. Beste hautagai eta jeneral Prabowo Subiantok argi eta garbi esana zuen herrialdeak lidergo estilo gogorrago bat behar zuela, eta herritarrek, militarraren helburu autoritarioekin beldurtuta, beste hautagaiari eman zioten babesa hauteskundeetan. Prabowo, aldiz, ez da errenditu, eta, orain, hamar urte geroago, lortu du garaipena.

Otsailaren 14ko hauteskundeetan hura aukeratu zuten presidente. Oraindik ez da erabat ofiziala, baina adituen artean ez du inork zalantzan jartzen hori dela emaitza. Milaka irlatan banatuta, 205 milioi boto inguru eman dituzte, eta asteak beharko dituzte horiek kontatzeko, baina, oraingoz egin den kontaketarik azkarraren arabera, Prabowo aurretik doa, eta alde handiarekin, gutxienez bozen %60 lortuta.

Arerioa zena, alboan

Prabowo jeneral ohiak boterera iristeko egin duen bidea ez da izan herritarrek espero zutena; izan ere, Widodo presidente ohiaren laguntzarekin lortu du bere ametsa. Azken hamar urteotan presidente izan da Widodo, eta Indonesian ekonomiak bultzada handia jaso du, eta politikariak herritarren onespena mantentzea lortu du agintaldi luzean.

Orain, aldiz, demokraziaren babesa lehentasuntzat dutenek dezepzio handia hartu dute berarekin. 2014an agintera iristear zenean, demokraziaren babesle gisa ikusten zuten Indonesian; are gehiago, arerioek ziotenez, politikan ibiltzeko zintzoegia zen, eta haren balio etiko jasoak oztopo izango ziren emaitzak lortzeko orduan. Herritarrek ez zuten inola ere espero kontrakoa, Widodo helburuak lortzeko edozeinekin negoziatzeko prest egongo zela.

Azken urteotan pixkanaka askatasunak murriztuz joan dela eta Indonesiako eliteen ustelkeriaren aurka borroka malgutu duela, hori salatzen dute. Orain, gainera, bi agintaldi pasatuta presidente kargua uzteko garaia iritsi zaion honetan, nori eta Indonesiako demokrazia arriskuan jar lezakeen militarrari eman dio babesa, bere alderdiko hautagaiari lagundu ordez.

Ez ofizialki, baina Indonesian ez du inork zalantzan jartzen horrela izan denik. Zentzua badu: Prabowok, nolabait, boterea mantentzeko bidea eskaini dio, Widodoren semeari berarekin presidenteorde izateko aukera eskainiz. Aliantza horren kritikoek salatzen dute Widodok Indonesiako demokrazia babestearen edo haren semea boterean jartzearen artean bigarren bidea aukeratu duela.

Eta, orain, Praboworekin zer?

Indonesiako diktadura garaia bizi izan zutenen artean beldur dira, ez ote diren orain Praboworekin iraganera itzuliko. Baina bozkalekuetara deituak zeudenen erdiak 40 urte baino gazteagoak dira, eta ahaztu dute Prabowo nor den.

Jenerala zenean tortura eta bahiketa sarritan erabili izana leporatzen diote; besteak beste, Jakartan bahitu zituzten 24 gazteen kasuan inplikatuta egon zela salatzen dute —gazte horietatik hamahiru oraindik desagertuta daude—. Akusazio horien ondorioz, armadatik ere kanporatu zuten Prabowo, eta Ameriketako Estatu Batuetara sarrera debekatua izan du 20 urtez, 2019an Defentsa ministro kargua lortu zuen arte.

Orain, aldiz, lehen ikara sortzen zuen jenerala Tiktoken dantzan ageri den aitona bihurtu dute. Praboworen irudia erabat aldatu dute, eta boterera iristeko ezinbestekoa izan da azken hilabeteotan sare sozialetan egin den lana. Indonesian gazteek sare sozialen bidez kasu egiten diete albisteei, eta hauteskunde kanpainaren zatirik garrantzitsuena Instagramen edo Facebooken egin da. Biralak izan dira Praboworen dantza bideo barregarriak, edo haren katuen argazkiak.

Baikorragoak direnek uste dute agian 70 urteko militar ohia aldatu dela. Kritikoen artean batzuk itxaropentsu dira, eta gazteak, iragana ahaztua duten arren, beharra iristen bada demokraziaren alde borrokatuko direla diote, 1998an Jakartan sortu ziren protesta masiboekin diktadoreak herrialdetik kanporatzea lortu zutenean bezalaxe.

Ikusteko dago ea zer norabide hartuko duen Praboworekin munduko demokraziarik handienetan hirugarrenak  Berak zera agindu du, Widodoren politikarik arrakastatsuenei jarraipena emango diela, deforestazioaren aurka borrokatzetik hiriburua Jakartatik Borneora eramateraino. Ekonomiaren hazkundea %5etik %8raino eramango duela ere ziurtatzen du. Nazioarteko harremanei dagokienez, Widodok egin duen bezala, denekin harreman ona mantentzeko oreka egiten jarraituko duela espero da: Txinarekin, Ameriketako Estatu Batuekin, baita Errusiarekin ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.