Tuareg independentistek Kidal hiria hartu berri duten honetan, Afrikako marra kolonialak handik eta hemendik etengabe higatzen ari direla ageri da. Basamortuaren gainean erregelaz marraztu zituztenek behin ere ez dute balio izan Azawaden goiti-beheti zebiltzan tuaregentzat. Etxean dagoenari alferrik ezarriko zaizkio aduanak eta muga-lerroak hareatzan.
Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionaleko (MNLA) independentista laikoek ez dute ezkutatu Ansar Dineko islamistekin batera dihardutela Bamakoren aurka. Eta mendebaldea larritu egin da. Mahaian kolpea jotzeak hori dakar, nahi duzun fitxa baino zerbait gehiago mugi daitekeela. Zorionez, politika ez da beti erabakitzen Washingtongo sotoetan, CIA eta ezker muturreko konspirazioen zaleak ideia horretara bildu arren. Bengazin lagundutako matxinoek mendebaldearen adiskide izandako diktadorea kanporatzeaz gain, joko-mahaia goitik behera astindu du basamortuaren bi aldeetan, Sahelen, Magreben eta Saharan bertan.
Gaddafiren sarraskien, tortura gelen eta biktimen berri luzaz izan genuen. Sirten matxinoek egindako ankerkeriez askorik ez, baina artean gerra amaitzear zegoen, eta izan zen hango txikizioa dokumentatu zuenik. Joan da denbora, itzali da fokua Libian, Siria eta Iranera eta orain Malira iritsi da. Tarteka, tantaka, informazio lausotuak datoz, beltzen aurkako zapalkuntzaz, xariaren gehiegikeriez edo Nafusa mendietako amazighen protestez berriz ere baztertu dituztelako. Egunotan, Libia hego-ekialdeko basamortuan dozenaka hildako izan direla ere, ez da ia oihartzunik iritsi. Tubu afrikar herri beltzeko matxinoek ukazioa aurkitu dute berriz ere, amazighen antzera. Gaddafik naziotasuna kendu zien, Txadekoak zirela argudiatuta, eta tubu herrixkak eraisten hasi zen 2009an. Sasiezkerreko panarabismotik islamismo arabiarrera igaro dira. «Tubu frontea berriz aktibatu dugu (Gaddafi erorita desegin zuten frontea), tubuak garbiketa etnikotik babesteko, eta, beharrezko bada, nazioarteko interbentzioa eskatuko dugu, eta Hego Sudan bezalako estatu bat», adierazi zuen ostegunean Abdelmajid Issa Mansour tubu buruzagiak. Txad, Niger eta Libia artean sakabanatuta dago tubu herria, eta Nilo-Saharako familiako hizkuntza daukate, arabierarekin inongo ahaidetasunik gabea. Zwiya arabiar tribuari egotzi diote sarraskia.
Deskolonizazioa ia amaituta, egun dauden estatuetatik bereizita sortuko dira balizko estatu berriak. Hala izan da Hego Sudango kasuan, hala izango da Europan ezagutzen ditugun prozesuetan, Eskoziatik Euskal Herrira, edo Faroeetatik Kataluniara, eta baita Afrikan ere. Etxea etxetik hobeto gobernatzen den ustea aski zabaldua da. Barotseland irakurri dut egunotan, eta AEBetako film bateko errepublika imajinarioa zela pentsa zitekeen, edo horiek islatzen duten gizarte ezjakineko zati zela lerrook idazten dituena. Baina egon badago, Afrika hegoaldean, Zambiako hego-mendebaldean. Britainiarren aginte garaian protektoratua izan zen, eta Zambiako zati bihurtu zen 1964an. Baina bertako lozi herria haserre dago Lusakako agintariekin, eta asteon Clement Sinyinda Barotselandeko lehen ministroa honela mintzatu da: «1964ko hitzarmenak ez ditu bete Zambiak. Guk, Barotselandeko herriak, Barotseland bere autodeterminazioa eta etorkizuna bilatzeko askea dela aldarrikatzen dugu. Zambiako gobernuarekin bereizte baketsua lortu nahi dugu». Zambiaren ezetza berehalakoa izan da, eta Sinyinda atxilotu egin zutela zabaldu zen hasieran; gerora, gobernuak ukatu egin du hori. Eztabaida berehala piztu da: Ipar Rodesia eta Barotseland batzetik sortu bazen Zambia, bereizteko eskubidea ere izan lezake bietako batek. Baina aurkakoek diote lozi herriko biztanleek soilik nahi dutela independentzia, eta badirela Barotselanden Zambiaren baitan bizi nahi duten bertako herriak ere. Quebecen antzeko zerbait gertatu zen: iparraldeko eremu zabaleko cree eta inuit herriek diotenez, ez dute onartzen muga berririk ezartzerik Kanadako beste probintzia bateko herrikideekiko. Eta eztabaidak luze jotzen du. Ipar Amerikatik Afrika Beltzera.
Leku-lekutan
Independentzia Afrikan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu